Euskararen tipologia eta erabilera soziala genero ikuspegitik landu ditu Beatriz Fernandezek
Lisipek hamaseigarren alea aurkeztu du ostegun goiz honetan Donostian, Beatriz Fernandezen ‘Ariadnaren haria, sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan’ liburua. Genero ikuspegitik landu ditu hizkuntzaren hainbat eremu: gramatika, estrategia linguistikoak, irainak etabar.
‘Ariadnaren haria, sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan’ izenburupean argitaratu du Lisipe bildumak bere hamaseigarren alea. Beatriz Fernandez izan da idazlea. Euskararen tipologia eta erabilera soziala genero ikuspegitik landu ditu, eta hiru hari gorriren bidez, hiru ataletan landu du hausnarketa. Lehenengoa, batez ere, gramatikaren ingurukoa da; bigarrenak elkarrizketetan emandako jokabideak aztertzen ditu; eta hirugarrena «tabu hitzen» ingurukoa da, irainak eta madarikazioak.
Hizkuntza labirinto bat da Fernandezen esanetan: «Eta bide bati ekiten zaion bakoitzean, ez dago jakiterik irteerara eramango ote gaituen. Labirinto horretara garamatzaten galderak sexuari eta generoari buruzkoak direnean, gainera, arriskutsu bihurtzen da. Horregatik behar da Ariadnaren haria bertatik onik ateratzeko. Lihozko hiru hari gorri ditu liburu honek kapitulu bana ardazten dutenak».
Leire Lopez Susako editorearekin batera egin du ostegun goiz honetan saiakeraren aurkezpena Fernandezek. Editorearen hitzetan, idazleak «pasioz maite ditu hizkuntzak» eta duen «kutsatzeko gogoa» benetan pozgarria da. Estiloari dagokionez, bi ezaugarri nagusi ditu editorearen arabera; batetik, bere ohiko zorroztasun zientifikoari eusten dio, eta bestetik, «prosa gozagarrian» idatzita dagoela, «sutondoan aditzeko istorioak» jasotzen ditu. Hala ere, Fernandezek ez ditu ondorio guztiak xehetu aurkezpenean, irakurleari «misterioa hor utzi» nahi izan diola kontatu baitu.
Forma gramatikala
Lehenengo hari gorriaren edota atalaren izenburua ‘Katalina Erauso eta genero (gramatikalaren) gatazka’ da. Genero gramatikala duten hizkuntzetan, emakumea sarritan ikusezin bihurtzen dutela azaldu du, baina generorik ez daukan euskarari ere eragiten diola adierazi du: «Hizkuntza horien itzalean euskarak, generorik ez daukanak, pairatzen ditu bere ajeak; batzuek ‘aita-amak’ esan beharrean ‘aitak’ esatea adibidez. 1992an Miren Azkaratek jada salatu zuen: ez da gehienetan gramatikaltasun kontua, sentiberatasun kontua baino. Eta ni ere guztiz bat nator, sentiberatasunaren eta gramatikaltasunaren arteko oreka mantendu nahi dugu ekilibristak sentitu ohi garen hiztun sentiberok».
Euskarak genero gramatikalik ez badu ere, genero aztarnak badituela azaldu du. Bi adibide zehatz jarri ditu, -tza atzizkia batetik, adibidez, «jainkosa» esateko; eta bestetik hitanoa. Fernandezen iritziz, gramatikari dagokionez, tokaren eta nokaren artean «ez dago ezberdintasun esanguratsurik, morfema jakinak gora behera», baina nokaren historian bidaia bat eginez gero, nokaren hiltzerainoko gainbehera sumatu daitekeela esan du, tokarekin gertatzen ez dena.
Eta beste alderdi «misteriotsu bezain interesgarri» baten berri ere eman du: «Emakume hitanodunek, barne-hizketan toka ala noka baliatzen dute? Edo biak?»
Jokabidea eta hizkuntza
‘Etxeko aingerua hil’ izena du bigarren hari gorriak, Virginia Woolfi erreferentzia eginez. Bertan, genero arrakala bete-betean erakusten duen beste alderdi linguistiko bat aztertu nahi izan du: emakumeen eta gizonen jokabidea elkarrizketan.
«Hizkuntza bera partekatzeak ez dakar ondorioz elkarrizketan jokabide bera izatea, jokabide asimetriko samarra ageri da», azaldu du Fernandezek eta bere «betaurreko linguistiko moreak» jarri dituenetik nonahi asimetriak ikusten dituela aitortu du.
Bakoitzak estrategia diskurtsiboak nola erabiltzen dituen aztertu du, bere iritziz genero arrakala nabarmena dagoelako bertan ere. Bestalde, gogoratu du emakumeei deitu izan zaiela «berbalapiko» adibidez, baina galdera bat pausatu du: nork betetzen du benetan soinu espazioa?
«Tabu hitzak»: madarikazioak eta irainak
Eta hirugarren hari gorria «tabu hitzen» ingurukoa da, madarikazioak eta irainak bildu ditu ‘Izena, izena, ezina’ atalean. «Behin eta berriz inausi digute hitza debekuen artaziekin, eta horixe da tabu hitzekin gertatzen dena», azaldu du Fernandezek. Eta tabu hitzak hunkitzen, aztoratzen, lotsatzen gaituzten hitzak direla gehitu du, «emakumeek ere madarikatzen ote dute?» galderari erantzuten ahalegindu da, joan den mendearen hasieratik ez dutela madarikatzen zabaldu izan delako.
Irainen «berjabetzeaz» hausnartu nahi izan du hirugarren atalean idazleak eta gogoetatu du sarritan talde azpiratuak berjabetu izan direla beraien aurka irain gisa erabili izan diren terminoez. Adibide pertsonal bat jarri du irri artean: «Ez dakizue niri zenbat kostatu zitzaidan Gasteizko fakultatean edota Algortako kaleetan ‘bollera’ hitza lasai irakurtzea; gazteak irainaz berjabetu dira».