Carlos Garaikoetxea omenduko du Lakuako Gobernuak ekainaren 16an
Carlos Garaikoetxea omenduko du Lakuako Gobernuak Ajuria Enean ekainaren 16an egingo den ekitaldi batean. Egun horretan Garaikoetxeak lehendakari kargua hartu zuenetik eta Lakuako Gobernuak lehen bilera egin zuenetik 45 urte beteko dira.
Carlos Garaikoetxea omenduko du Lakuako Gobernuak ekainaren 16an Ajuria Enean egingo den eta Imanol Pradales buru izango duen ekitaldi batean. Garakoitxearen lehendakariaren kargu-zinaren eta Lakuako Gobernuaren lehen bileraren 45. urteurrenarekin bat egingo da omenaldia.
«Omenaldia Ajuria Enean egingo da, Lehendakaritzaren egoitzan, ia lau hamarkadako diktaduraren eta errepresioaren ondoren Euskadin aro berri bat hasi izanaren sinbolo gisa. Garaikoetxea lehendakariak gidatutako lehen Gobernu hark ezegonkortasun politiko eta sozial handieneko egoerari aurre egin zion, ilusioak eta itxaropenak markatuta, baina baita zalantza sakonek ere. Orduan, herri moderno eta demokratiko baten oinarriak jarri ziren», azaldu du Lakuako Gobernuak ohar batean.
Pradales: «Egungo Euskadiren oinarriak»
Imanol Pradalesek nabarmendu duenez, lehen Lakuako Gobernuaren lanari esker «egungo Euskadiren oinarriak ezarri ahal izan dira, Herri moderno, lehiakor eta aurreratua, eta horri esker, lekukoa hartu dugunok oparotasunean eta ongizatean hazten jarraitzeko tresnak ditugu».
«Gaitasun horiek indartzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu; izan ere, ia eremu guztietan hobetu dugun arren, belaunaldi bakoitzak bere erronkak eta ziurgabetasunak ditu. Gauza guztiak egiteko zeudenean onena eman zuten pertsonen erabaki, autoexijentzia eta asmatze berarekin egingo ditugu», adierazi du.
«Ekainaren 16ko ekitaldia, beraz, azken 45 urteetan Euskadiren garapena ahalbidetu duten egitura instituzionalak eraiki eta ireki zituztenei errekonozimendua, oroimena eta eskerrak emateko hitzordua izango da», gaineratu du Lakuako Gobernuak.