INFO

‘Erruki onez’, Koro Navarrok euskaratu du Dennis Lehaneren azken nobela

Koro Navarro itzultzaile donostiarrak euskaratu du ‘Erruki onez’, Dennis Lehane estatubatuarrak idatzitako azken nobela. Igelak argitaratu du «infernuari ere aurre egiteko prest» dagoen ama baten istorioa. 

Koro Navarro itzultzaile donostiarra. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Boston, 1974. Mary Pat Fennessy ama langilea da, eta langile-klaseko auzo irlandar batean alaba aurrera ateratzeko borrokan bizi da. Jules, bere alaba nerabea, udako gau bero batean desagertu da, eta Mary Patek bilaketa gupidagabe bati ekin dio. Bilaketa horretan, delinkuentziaren, arrazakeriaren eta bere komunitateko boterearen arteko lotura ilunekin egiten du topo. Hiria irakiten ari da eskoletako arraza-integrazio gatazkatsu bategatik, eta, aldi berean, Mary Pat mundu arriskutsu batean ari da sartzen. Mundu horretan, leialtasuna odolez ordaintzen da eta egia hilgarria izan daiteke».

Hauxe da Dennis Lehane idazle estatubatuarrak ‘Erruki onez’ idatzitako azken nobelaren sinopsia, Koro Navarrok egindako itzulpenari euskaraz irakurri daitekeena. Igelak argitaratu du arrazakeria, boterea eta ama baten ausardia uztartzen dituen liburuak. «Mundua hankaz gora jartzeko prest dago bere alaba topatzeko», azaldu du Inazio Mujika Igela argitaletxearen ordezkariak astelehen honetan Donostiako Udal Liburutegian egindako agerraldian. 

Bertan izan da ere Navarro itzultzaile donostiarra. Honek nabarmendu du nobelaren testuingurua, Vietnamgo gerraren ondorioak pairatzen duen gizarteak, pobrea, droga eta mafiaren hedapenari aurre egin behar dienak, arrazakeriaren aurkako neurrien aurrean mesfidantzaz erantzuten duenak. «Hori dena agertzen da liburuan», adierazi du testua itzultzerakoan topatutako erronkak aipatu aurretik.

Lehanek erabilitako «hizkera zatarra» izan zen lehenengo arazoa. «Iparraldean hitz itsusiak esaten dituzte erdaraz, espainolez, eta lehen konfesatzera joaten zirenean esaten omen zuten ‘bekatu espainola’ egin zutela. Eta nik ere ‘bekatu espainola’ egitea erabaki dut, eta tarteka sartu ditut hitz batzuk espainolak direnak baina gure artean oso normalak direnak».

Bigarren arazoak, «inportanteagoa» dena, testuaren abiadarekin zerikusia du. «Ez dakit nola bururatu zitzaidan Euskaltzaindiak duen Noeren Ontzira, non agertzen dira testu literario oso interesgarriak eta oso ondo sailkatuak. Ahozko literatura joan nintzen eta ‘Erregea hala gatza’ hasi nintzen irakurtzen eta bertatik atera nituen bi hiru ideiak ordenarekin nola jokatu behar nuen jakiteko». 

Eta hirugarren erronka hitanoaren erabilera izan da. «Txikitan niri hika ez zidaten egiten, neskei ez ziguten egiten, eta oraindik arraro xamarra egiten zait», ohartarazi du, batzuetan hika «funtsezkoa» dela azpimarratuz: «Adibidez, liburu honetan. Lagun arteko erregistrora automatiko joaten garelako, bereizten ditugulako gizonak eta emakumeak, eta pertsonaien arteko hierarkiak ezartzen dituelako».  

Dena den, Navarrok aipatutako zailtasunei aurre egin die, eta liburua itzultzen «oso ondo» pasatu duela aitortu du.