INFO

Azpikontratatutako garraiolari bat hil da Muxikan, zamatze lanetan

Garraiolari bat hil zen asteazkenean Muxikan, lan istripu batean. Azpikontratatutako langilea zamatze lanetan ari zen Ebaki XXI enpresan makina batek kolpatu zuenean. LABek deitoratu duenez, Euskal Herrian aurten zendutako 41.a da. Nabarmendu duenez, egoera hau aurreikusteko araudiak badaude.

Lan istripuak salatzeko mobilizazio bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Muxikako Ebaki XXI enpresan zamatze lanak egiten ari zen bitartean garraiolari bat zamatze makina batek kolpatu zuen asteazkenean. Osasun zerbitzuek tokian bertan artatu zuten Transportes Iriondo azpikontratatutako garraio enpresako langilea, baina zauri larrien eraginez ordu batzuen buruan hil egin zen.

ELAk azaldu duenez, Ebaki XXI zuraren sektoreko enpresa bat da, zura zerratzen eta eraldatzen duena, eta gaur egun 150 langile inguru ditu. «Dirudienez, inguru horretako argiztapen baldintza eskasak izan dira istripuaren arrazoi nagusia. Enborretarako garraio makina astun batek azpikontratako langilea kolpatu eta harrapatu du».

LAB sindikatuak ohar batean adierazi duenez, Euskal Herrian lan istripuan aurten hildako 41. langile honen heriotza ekiditeko moduak badaude, prebentzio araudiak egoera hau aurreikusten duelako. Dioenez, zamatze lanetarako enpresa kontratatzaileek prozedurak garatuta izan behar dituzte garraiolariak kabinan bertan itxaron edo gune seguruetan egon behar izateko.

Hori dela eta, koordinazio prozedura bat «derrigor» garatu behar dela gogorarazi du sindikatuak eta asteazkenean gertatutakoan prozedura garatu gabe edo abian jarri gabe zegoela azaldu du.

«Nola ekidingo du langile batek honelako istripu bat enpresak protokolorik garatu ez badu, edo garatuta izanik ere berau betearazteko errekurtso prebentiborik eta bitartekorik jartzen ez badu? Ardura enpresariarek bizkarretik kentzeak istripuak eta heriotzak soilik dakartza, eta tamalez administrazioa betetzen ari den papera hori da, ardurak bitartekoak ez dituzten langileei zabaldu eta enpresarien inpunitatea babestearena hain zuzen. Istripuen atzean dagoen oinarrizko arrazoia da, administrazioak 30 urte daramatzala enpresarien inpunitatea babesten. Aurten dagoeneko 41 hildako utzi dituen erabakia», salatu du LABek.

ELAk ere prebentzioan jarri du fokua eta bere ustez ezbehar honetan «erabakigarriak» izan diren faktoreak zerrendatu ditu: «Eenpresetan dagoen prebentzio kultura falta, lan arriskuen prebentzioaren arloan legeak eskatzen duen koordinazio eza eta prebentzio eta babes neurrietan behar adinako inbertsio gabezia».

Gertatutakoa salatzeko Ebakiko enpresa batzordeak lanuzte eta mobilizazioak deituko dituela iragarri du LABek, hauekin bat egingo duela gaineratuz. ELAk ere parte hartzeko deia egin du.