Orio erloju suitzar bat bezala aritu da Galizian eta Eusko Label Liga gertuago du
Zortzigarren bandera eskuratu dute 'mirotzek', Zierbena eta Donostiarraren aurretik. Ezustekoa ondoren etorri da, Hondarribiak eta Bermeok, honek bigarren txandatik, denbora bera kalkatu baitute eta, hala, laugarren postua konpartitu dute.
Erloju suitzarrak prezisio handiarekin funtzionatzen duten tramankuluak dira. Larunbat honetan, haizerik eta olaturik ez zegoen Pobra do Caramiñaleko estropada eremuan, indarra eta burua inoiz baino gehiago behar ziren arraun egiteko. Oriok prezisio handiarekin egin du arraun, denboraldiko zortzigarren bandera eskuratu eta Liga gertuago uzteko. Zierbena saiatu egin da 'mirotzen' ontzira gerturatzen, baina Gorka Aranberrik bikain gidatu du beste behin bere arraunlarien trainerua eta ez du hutsik egin.
37 paladatan egin dute arraun Orioko kirolariek momentu askotan. Atzetik, Zierbena gerturatzeko ahalegina egin du estropada osoan zehar, gehienbat laugarren eta bosgarren ziaboga artean. Baina Oriok ez dio denborarik jaten utzi eta segundo askoko aldearekin izan ez bada ere, beste bandera bat astindu ahal izan du Galiziako lehen jardunaldian.
Donostiarra atzerago geratu da, inoren tartean, baina azken luzean oso gertu izan du Hondarribia. Bi traineruek oso azken metro politak egin dituzte eta emaitza hortxe dago: Donostiarra hirugarren izan da eta bi segundoko aldea atera die berdeei. Hori bai, 'Ama Guadalupekoa' ontziak bigarren txandako Bermeoren denbora kalkatu du, inoiz ikusi ez dena. Epaileek laugarren postua eman diete biei eta puntuak konpartitu dituzte.
Bigarren txanda: Bermeok bandera nahi zuen
Haizerik gabeko estropada honetan ez da 'sorpresarik' egon eta sailkapen nagusian mantentzen duten ordenarekin amaitu dute. Bermeo nagusi izan da, baina lan asko egin behar izan du Getariari 12 segundoko aldea ateratzeko.
Getariako entrenatzaile Jon Larrañaga oso kritiko agertu da Eusko Label Ligako antolatzaileekin. «Etsia hartuta» agertu da; izan ere, «astearte, asteazken edo ostegunean jakin genuen non jokatzen zen estropada». Zentzu honetan, azpimarratu du «arraunlariak gero eta gutxiago inporta dugula».
Gauzak hala, egia esan behar da Getariak oso estropada txukuna egin duela eta Bermeori bere onena ematea behartu duela. San Juanek Getariaren itzala jarraitu ahal izan du lehenengo luzean. Aurretik egin dute lehen maniobra, baina hortik aurrera Bermeo eta Getaria aldendu egin dira.
Iñigo Larrinaga Bermeoko patroiak bandera nahi zuela oihukatzen zien bere arraunlariei eta oso denbora onarekin helmugaratu dira. Kontrako aldean, Lekittarrak denbora asko galdu du eta lehen txandako Ondarroaren atzetik sailkatu da.
Lehen txanda: Ondarroa nagusi; Kaiku bere itzalean
Estropadari hasiera eman dion txandan Ondarroa oso fin aritu da eta egurra eman die aurkariei. Pentsa, bigarren txandako Lekittararen denbora ere hobeto du. Atzetik Kaiku oso ondo aritu da eta bigarren amaitu du, Ares eta oso atzean geratu den Caboren aurretik. Azken hauek etxean arituko dira igande honetan, haina gaurko emaitza ikusita, ez dira oso pozik egongo eta ikusi beharko da nola errekuperatzen diren biharko.
Izan ere, azken postuan jarraituko dute. Aurretik Kaiku dabil, baina gaurkoan beste bi puntu atera dizkiete galiziarrei eta, gainera, Areseko beste traineruari puntu bat kendu diote beheko postu horietan.
Bizkaitarrek urruti dute lasaitasuna ematen duten postu horiek, baina ezer ez da ezinezkoa, gaur ikusi den bezala. Ondarroa bakarrik izanda azkarragoa txanda honetan. 'Antiguako Ama' ontziak estropada ikusgarria egin du hasieratik amaiera arte eta Aresi bi puntu moztu dizkio bederatzigarren posturako lehia horretan.
Eusko Label Liga - III Bandeira Barbanza Arousa:
1.Orio 19:36.56
2.Zierbena 19:40.98
3.Donostiarra 19:56.78
4.Bermeo 19:58.70
4.Hondarribia 19:58.70
6.Getaria 20:10.86
7.San Juan 20:20.18
8.Ondarroa 20:20.94
9.Lekittarra 20:27.78
10.Kaiku 20:28.54
11.Ares 20:35.16
12.Cabo 20:59.18
Eusko Label Liga - Nagusia:
1.Orio 128 puntu
2.Zierbena 108 p.
3.Donostiarra 105 p.
4.Hondarribia 95 p.
5.Urdaibai 93 p.
6.Getaria 74 p.
7.San Juan 60 p.
8.Lekittarra 53 p.
9.Ares 49 p.
10.Ondarroa 47 p.
11.Kaiku 28 p.
12.Cabo 19 p.