INFO

‘Limpia’ eta ‘Dolores’ filmen mundu-estreinaldiak hartuko ditu Horizontes Latinos atalak

Horizontes Latinos sailean bi filmen mundu-estreinaldiak iragarri ditu Zinemaldiak: Dominga Sotomayorren ‘Limpia’, eta Maria Clara Escobar eta Marcelo Gomesen ‘Dolores’. Hauez gain, Cannesen, Berlinen, Venezian, Tribecan, Locarnon eta Toronton hautatu eta saritutako filmak botako dira.

Maria Clara Escobar eta Marcelo Gomesen ‘Dolores’ filma da hautatuetako bat. (ZINEMALDIA)

Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan Horizontes Latinos sailak bi filmen mundu-estreinaldiak hartuko ditu. Lehiaketa inauguratuko duen Dominga Sotomayorren film berri ‘Limpia’, eta Maria Clara Escobar eta Marcelo Gomesen ‘Dolores’, hain justu.

Cannesen, Berlinen, Venezian, Tribecan, Locarnon eta Toronton hautatutako eta saritutako hainbat filmak ikusiko dira, urtero legez.mHauetako batzuk Zinemaldiaren programen babesarekin aurrera atera dira (Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, Ikusmira Berriak eta WIP Latam). Saila Estatu espainolean argitaratu gabeko urteko hamabi film luzeren sorta batez osatuta dago, Latinoamerikan erabat edo partzialki ekoitzitako film guztien artetik hautatuak, baldin eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzenduak badira edo esparru edo gai gisa mundu osoko komunitate latinoamerikarrak badituzte.

Dominga Sotomayorren (Santiago, Txile, 1985) ‘Limpia’ filmaren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera sail lehiakorrari. Alia Trabucco idazle txiletarraren izen bereko best sellerra egokitu du zuzendariak. Etxeko langile baten eta hark zaintzen duen sei urteko neskatoaren arteko harremana kontatu du bere lan berrian zuzendari txiletarrak.

Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio ‘La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo’ filmak –2020ko Ikusmira Berriak saria irabazi zuenak– Diego Cespedesen (Santiago, Txile, 1995) lehen film luzeak. Cannesko Un certain regard saria bereganatu zuen lanak. Western moderno bat da, eta protagonista, neskato bat, mendeku bila dabil bere familiari gizonen arteko maitasunarekin lotutako gaixotasun arraro baten errua egozten dion jendearen aurka.

Ikusmira Berriak egonaldi programan garatu zuen bere proiektua Ana Cristina Barraganek (Quito, 1987) ere, eta ‘Hiedra / The Ivy’ aurkeztuko du oraingoan Horizontes Latinosen, Veneziako Mostrako Orizzonti sailetik igaro ondoren. Ekuadorko zinemagileak –Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikasle izan zenak–, bera baino gazteagoa den mutil batek traumatizatu duen emakume baten obsesioa kontatzen digu.

Fernando Eimbcke (Mexiko Hiria, 1970) zuzendariak familia baten istorioa islatu du ‘Olmo’ filman –Berlingo Panorama sailean estreinatuan–, 14 urteko nerabe baten begiradaren bitartez 70eko hamarkadaren amaieran. Eimbckek presentzia bikoitza izango du Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, ‘Moscas’ bere hurrengo proiektu Moscasen work in progressa ere aurkeztuko baitu WIP Latamen.

Horizontes Latinos sailaren parte izango da, era berean, ‘Dolores’, Maria Clara Escobar (Rio de Janeiro, 1988) eta Marcelo Gomes (Recife, 1963) zuzendariena.  Protagonista 66 urteko emakume bat da, bere etxea saldu eta kasino arrakastatsu bat erostea erabakiko duena.

Ivan Fund zinemagile argentinarrak (San Cristóbal, 1984) ‘El mensaje / The Message’ film luzea erakutsiko du, 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta 2024ko WIP Latamen hautatua eta Berlinaleko Epaimahaiaren Saria Zilarrezko Hartza irabazi zuena. Lan berria road movie emozional bat da, non bederatzi urteko neskato batek eta haren tutoreak maskoten medium gisa irauten duten bizirik.

‘Un cabo suelto / A Loose End’ –2024ko WIP Latam Industria Sariaren irabazlea eta Koprodukzio Foroan hautatua 2023an– ere Horizontes Latinos sailean izango da. Daniel Hendlerren (Montevideo, 1976) hirugarren film luzean, Argentinako poliziatik ihesi Uruguaira iritsiko den behe-mailako ofizial baten rola egiten du Sergio Prinak. Norberto apenas tarde lanarekin (2010) Zinema Eraikitzen Saria irabazi zuen Hendlerrek, eta sail horretan El candidatorekin (2016) ere egon zen, Koprodukzio Foroan hautatua izan ondoren.

Nayra Ilic García txiletarraren (Santiago, Txile, 1977) bigarren film luze Cuerpo Celestek Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2021ean eta WIP Latam Onenaren Egeda Platino Industria Saria irabazi zuen iaz. Tribecan eta Guadalajaran aipamen bereziak jaso ditu filmak, eta laurogeita hamarreko hamarkadan bizi den nerabe bati jarraitzen dio, trantsizio-garaia izanik Txilen, neskatoa bere aldaketa propioa bizitzen ari den bitartean, mundua ikusteko bere modua betiko markatuko duen aldaketa, hain zuzen.

Cecilia Kang (Buenos Aires, 1985) dokumental-sortzaile argentinarrak fikziozko bere lehen lana erakutsiko digu, ‘Hijo mayor / Elder Son’, Argentinan berriro hastea erabakiko duen familia korear baten ingurukoa. Locarnoko estreinatutako filmak zuzendaritza berri onenaren saria jaso zuen Concorso Cineasti del Presente sailean.

Lucrecia Martelek (Salta, 1966) bere azken filma aurkeztuko du Horizontes Latinosen, ‘Nuestra tierra / Landmarks’, Veneziako lehiaketa ofizialean lehiaz kanpo aukeratua izan dena. Chuschagasta komunitate indigenako (Argentinako iparraldean) buruzagi Javier Chocobarren hilketaren kasua gogorarazten du filmak. ‘La ciénaga’ (Perlak, 2001) filmaren zuzendariak Maria Alche zinemagile eta aktorearekin batera idatzi du ez-fikzio hau.

Simon Mesa Sotok (Medellín, 1986) bere bigarren filma erakutsiko du Horizontes Latinosen, ‘Un poeta / A Poet’ izenekoa, Cannesko Un certain regard saileko Epaimahaiaren Saria jaso zuena. Protagonistak idazle gisa porrot egin du eta idazteko gaitasun handia duen nerabe bat ezagutuko du.

‘Cobre / Copper’, Nicolás Peredaren (Mexiko Hiria, 1982) film berria, ere Latinoamerikako hautaketaren parte izango da, FidMarseille jaialdian aipamen berezia jaso eta Toronton hautatua izan ondoren. Lanerako bidean gorpu bat aurkituko duen gizon baten istorioa kontatu du oraingo honetan.