INFO

Gure Eskuk deia egin du euskal ikurrak erakusteko Vuelta Euskal Herritik pasatzen denerako

Datorren asteko asteartean eta asteazkenean Vuelta Euskal Herrira iritsiko da. Horren harira, euskal ikurrak ateratzeko deia egin du Gure Eskuk «hemen nazio bat dagoela» aldarrikatzeko.

Zaletuak ikurrinak astintzen Lekunberrin, Vueltako etapa batean, iaz. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gure Esku Dagok deia egin du euskal ikurrez betetzeko datorren astean Euskal Herritik igarotzen diren Vueltako etapak. Hain zuzen, txirrindularitza lasterketa Nafarroan sartuko da irailaren 2an, asteartea. 10. etapa Sendaviva eta Belagua artean egingo baita eta, esaterako, Erriberritik eta Izabatik pasako da.

Irailaren 3an, berriz, Bizkaitik igaroko da Vuelta. 11. etapa Bilbon hasiko da, eta, besteak beste, Gernika, Bermeo edo Loiutik igaroko da Bilbora itzuli aurretik.

Horren harira, Gure Eskuk deia egin die herritarrei errepide bazterrak ikurrinez eta nafar banderez betetzeko «hemen nazio bat dagoela, Euskal Herria, zazpi lurraldez osatutakoa, eta herri honek taupada bizia duela erakusteko. Berezko hizkuntza eta kultura dituen nazio bat, bere ikurrak harro haizatzen dituena eta kirola grinaz eta errespetuz bizi duena».

«Txirrindularitza lasterketak kirol probak baino askoz gehiago dira euskal herritarrontzat, festa, komunitatea egiteko une eta gure herriaren erakusleiho bihurtu baikenituen aspaldi», nabarmendu dute. 

Gure Eskuk gogorarazi du, aurretiaz, Euskal Herriko Itzulian eta joan den urteko Vueltan errepideak ikurrinez eta nafar banderez bete zituztela eta euskaldunen taupada erakutsi ziotela munduari. Hortaz, «etorkizuna libre eraiki nahi duen herri bat dagoela» aldarrikatzeko errepideetara ateratzeko deia egin du.