INFO

Familiaren oroimenari omenaldia

ROMERÍA
Estatu espainola, 2025. 115’. Zuzend. eta gidoia: Carla Simon. Akt.: Llucia Garcia, Mitch, Tristan Ulloa, Celine Tyll. Musika: Ernest Pipo. Argaz.: Helene Louvart.

‘Romeria’ filmeko eszena bat. ( Elastica Films)

‘Romeria’ filmak itxiera emango dio Carla Simonek 2017an ‘Estiu 1993’ filmarekin hasi eta 2022an ‘Alcarràs’ pelikularekin jarraitu zuen familia memoriari buruzko trilogiari.

Marina izango da protagonista nagusia, Vigora (Galizia) bere aita biologikoaren familia ezagutzera joango den 18 urteko neska gaztea; bere gurasoak hiesak jota hil ziren, bera haurra besterik ez zela. Osaba-izebekin eta aitona-amonekin izango dituen elkarrizketen bidez, neska ia ezagutu ere egin ez zituen gurasoen kontakizuna berreraikitzen saiatuko da.

Amak idatzitako egunkariak gidatuta eta lehengusu berriarekin duen harreman bereziaren bidez, Marinak familiaren zauriak arakatuko ditu, eta gurasoei buruzko oroitzapen zatikatuak berpizten saiatuko da.

Carla Simonen hitzetan, «‘Romería’ oroimenari buruzko filma da, agian inoiz guztiz ulertuko ez ditugun familia-une iheskorrei buruzkoa. Nire familiaren eta haiek ezagutu zituztenen oroitzapenen bidez gurasoen historia berreraikitzen saiatu nintzen, baina porrot egin nuen. Oroimenaren berezko izaera zatikatuak zeregin garrantzitsua du, baina oztopo nagusia hies-aren inguruko estigma da, oroitzapen horiek lainotzen dituena. Geure oroitzapenak eraiki al ditzakegu, aurretik bat bera ere geratzen ez denean? Heroinarekiko mendekotasunaren eta birus berri baten agerpenaren ondorio bikoitza pairatu zuen belaunaldi ahantzi baten ondarea berreskuratu nahi du istorio honek». 

Etorkizunari begira

Carla Simonek beti sentitu izan du falta zitzaion «familia-artxiboa» zinemaren bidez sortzeko bulkada. ‘Romería’ film berriarekin «ziklo pertsonal bat» itxiko du, bere jatorriena alegia, eta aurrera egingo du eremu zinematografiko berrietara, unibertso «poetikoagoetara». «Orain etorkizunera begiratzea dagokit, beste norabide batzuetara, eta ez familiaren iragana arakatzen jarraitzea», aurreratu du Simonek.

«Nire hiru pelikulek ezaugarri bera dute: falta zitzaidan familia-artxiboa sortzeko beharra. Nire familiak inspiratutako istorioekin zerikusia duen ziklo bat ixten ari naizela sentitzen dut, eta, justu orain, nire bigarren alabaren jaiotzarekin bat egin du», dio Simonek, erronka berriak esploratzeko prest. «Orain arte egin dudanarekin zerikusirik ez duen musikal flamenko bat prestatzen ari naiz», adierazi du zuzendariak, eta zinemak gai eta unibertso «ezezagunetan» sakontzeko «aukera ematen» diola iritzi dio.