INFO

Flores sendiaren minak sendatzera dator ‘Flores para Antonio’ dokumentala

30 urte igaro dira Antonio Floresen heriotzatik. Orain, haren alaba Albak ‘Flores para Antonio’ dokumentalaren bidez isildu zen mina eta oroitzapena pantailaratu ditu, aitaren bila egindako bidaia pertsonal eta kolektiboan.

 

Flores familia eta dokumentaleko lantaldea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñean eman zuen azken kontzertua Antonio Floresek, Anaitasunan izan zen 1995eko maiatzaren 27an. Hiru egunetara topatu zuten haren gorpua etxean. Penaz hil zen, amaren, Lola Flores artistaren heriotzari aurre egiteko ez zuen nahikoa indar izan. Gaindosi batek geratu zion bihotza, abesteari utzi zion zortzi urteko Alba alabak eta isiltasuna gailendu zen Flores familian. Kantuan ez, baina aktore lanetan maiz ikusi dugu Alba Flores, eta 30 urte beranduago, minak sendatzera dator ‘Flores para Antonio’ dokumentalarekin, lehiaz kanpo, Zinemaldiko Sail Ofizialera. 

Dokumental honek bi protagonista ditu, Antonio Flores eta haren alaba Alba (‘La casa de papel’, ‘Vis a Vis’). «Konturatu ginen aitaren bila ari zen alaba baten istorioa zela kontatu behar genuena» azaldu du Isaki Lacuesta zuzendariak prentsa aretoan. Horrela, Alba alabak solasaldi sakonak izango ditu gertuko familiarekin, bisitatuko ditu garaiko aitaren lagunak ere, eta hitzak paratuko dizkio hiru hamarkadetan isildutakoari. 

«Hau da inoiz egin dudan gauzarik garrantzitsuena, ni eta nire familiarentzat ere bai» aitortu du Alba Floresek. «Film honek mugarri bat ezarri du nire bizitzan. Ez nintzen kontziente aitari buruz ez nuela familiarekin hitz egin. Deskubritu dut guztiek bagenuela gure ikuspegia, eta orain denon artean sortu dugu erretratu osoago bat, eta esango nuke orain aita presenteago dagoela». Horrelako gai pribatu eta sentsible bat pantailaratzeari buruz galdetuta, zera erantzun du: «Hau egitera animatu nauen gauzetako bat izan da jendea. Asko hurbildu zaizkit urte hauetan guztietan aitaz hitz egitera, maitasun asko jaso dut, eta beraiek ere mina sentitu dute; horregatik, pentsatu nuen partekatu beharra zegoela, Antonio Flores gogoratu eta elkarrekin negar egin». 

Artxibo aberats batekin egingo du topo ikusleak: argazkiak, etxean grabatutako bideoak eta egunkari, aldizkari zein telebistako elkarrizketak. Oker dago influencerrak gaur egungo fenomenoa direla uste duenak: «Hori betidanik gertatu da monarkiarekin eta Flores sendiarekin. Kontua da monarkiak beti esan duela gezurra, eta Floresek egia» esan du Isaki Lacuesta zuzendariak; kazetarien algarak Zarzuelaraino iritsi dira. «Muntaketa azken astean ginela ere artxibo irudi berriak iristen zitzaizkigun. Oso intentsua izan da lana» azaldu du Elena Molina zuzendariak. 

Hain familia mediatikoa izanda, horren beldur ere bazen Alba Flores. «Heldutasuna behar nuen hau egiteko. Nik nahi nuen zerbait artistikoa izatea. Gure familia nor den kontuan hartuta banuen beldurra zerbait sentsazionalista egiteko. Laguntza bilatu nuen eta oso ondo ulertu naute Isakik eta Elenak. Artearen bidez, egia, poesia eta bizitzaren edertasuna kontatu ditugu». 

Gazte hil zen Antonio Flores, 33 urterekin, baina gauza asko egin zituen. Dokumentalean nabarmentzekoa bihotz handiko gizona zela, eskuzabala, sentsiblea. Izugarri sortzailea. Hark ekoitzi zuen goia jo zuen ‘Mi gato’ abestia. Rock&rolleatzen hasi zen lehen ijitoa izan zen, eta besteak hala izaten hasi zirenean, hippy eta bakezale bihurtu zen. Soldaduskan zela erori zen lehen aldiz drogen mundu ilunean, eta saiatu zen behin eta berriz hortik eskapo egiten. Eta kantatu zituen bere bizipenak: «Siete vidas tiene un gato y seis ya he quemado, y esta última la quiero vivir a tu lado», dio haren kantu arrakastatsuak. 

Abeslari, letragile eta musikagile izateaz gain, Isaki Lakuestak bere aktore fazeta nabarmendu nahi izan du. «Orain Zinemaldian gaudela, merezi du Antonio Floresen aktore fazeta aldarrikatzea, lan handia egin zuen ‘Colegas’ filmean, baina itzalpean geratu zen bere lana», esan du. Alba Floresek gogoratu duenez, «amonak ere 50 pelikula egin zituen, beraz, badirudi gure familiak guk uste baina sustrai gehigo dituela zineman. Nik ezin nion disko bat egin, zentzu osoa du pelikula bat egin izanak».