INFO

Txokolate zuriaren magia

‘AMÉLIE ETA LA MÉTAPHYSIQUE DES TUBES’ 
Estatu frantsesa, 2025. 77’. Zuzendariak: Liane-Cho Han Jin Kuang, Mailys Vallace. Gidoia: Liane-Cho Han Jin Kuang, Eddine Noël, Aude Py, Mailys Vallace. Musika: Mari Fukuhara.

Este navegador no soporta el elemento video.


Amelie Nothomben eleberri autobiografikotik moldatua, ‘Little Amélie or the Character of Rain’ filmak Japonian jaiotako Amelie neskato belgikarraren istorioa kontatzen du. Jaio denetik egoera begetatiboan dagoen haurra da –tira, hori da hasieran aipatzen dena, baina tartean zenbait ñabardura daude–, baina hiru urte betetzean, apurka-apurka, sentsazioen, aurkikuntzen, naturaren, familiaren, hizkuntzaren eta afektibitatearen bidez esnatzen hasten da. Anekdotikoa bada ere, dibertigarria eta polita da Amelieren eztanda emozionalik handiena Belgikako txokolate zuria dastatzen duen unean iristea.

Istorio nagusia hori da, baina gidoiak oinarri sotil bat du: 1970eko hamarkadan girotzen da, eta familia protagonista belgikarra izanik ere, Japonian bizi da. Zertzelada txikien bidez argitzen da zergatia, eta herrialdeen arteko desadostasunek zenbait egoera sortzen dituzte pertsonaia batzuen artean. Protagonistak, adibidez, etengabe aldarrikatzen du bera japoniarra dela. Istorioa aurrera doan heinean, gaiak garrantzi handiagoa hartuko du, eta Amelie errealitate deseroso batzuei aurre egitera behartuko du.

Premisa bitxi horretaz harago, filmaren ezaugarri nagusia bere estetika ilustratua eta paregabea da, pastel koloreekin iradokitzen den nostalgia sentsazio fin eta gozoarekin. Fotograma bakoitzak mugimenduan dagoen margolan txiki bat dirudien arren, mundua Amelieren begietatik irudikatzen denez, irudiek izaera berezi eta sentikorra transmititzen dute. Zuzendaritza artistikoak Amelieren begirada xalo eta bitxia modu bikain batean erakusten du, eta ikuslea bere unibertso emozional eta sentsorialean murgiltzera gonbidatzen du, une bakoitza gozatuz eta bizitzaren xehetasun txikien magia sentituz.

Amelieren erabateko kontzientziara egindako jauzia filmaren gakoetako bat da. Esnatze hori Nishio-san zaintzaile japoniarrekin duen harremanean islatzen da; hark irekitzen dio neskatoari inguruko mundu natural eta emozionalean sartzeko ate magikoa. Euriak, urak, arrainak eta bestelako elementu naturalek neskatoaren barne eraldaketaren eta heldutasun prozesuaren metafora poetiko eta sakonak eskaintzen dituzte, ikuslearen begietan bere hazkuntza emozional eta sentsorialaren irudi bizi eta liluragarria osatuz.

‘Little Amélie or the Character of Rain’ film xumea eta laburra bada ere –77 minutu–, uzten duen arrastoa iraunkorra da.