INFO

Lawrence: «Adierazpen askatasuna erasopean dago, elkarren istorioak entzun beharko genituzke»

Aurtengo Donostiako Zinemaldian gehien miretsitako izarren artean egongo da Jennifer Lawrence (1980, AEB) aktorea. Elkar entzutearen eta elkar ulertzearen aldeko aldarria egin du 73. edizioko Donostia Saria jaso berritan.

Jennifer Lawrence zaleengana gerturatu da prentsa aretora joan aurretik. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kursaalaren inguruan gainontzeko egunetan baino zurrumurru gehiago sumatzen zen ostiral eguerdi honetan, jende gehiago zebilen, kamera eta mugikor guztiak prest, eta prentsa aretora sartzeko ilara luzeak: Jennifer Lawrence ekoizle eta aktorea iristear zen.

Arratsaldeko 18.00etan Kursaaleko K1 aretoan ospatutako galan jaso du Donostia Saria Lawrencek. Aurrez nazioarteko 121 sari jasoak zituen baina, hala ere, aitortu du ohore bat dela Donostiako Zinemaldian sari bat jasotzea, «hemen jendeak benetan maite baitu zinema». 

Iñigo Gastesi aktoreak gidatu du gala, eta hasieratik egin die keinua gazako umeei: «Nik umetan, zineman lan egitearekin egiten nuen ametsa, eta orain galdetzen dut ea Gazako haurrek noiz egingo duten amets berriro, noiz utziko dioten ogiarekin, beraien gurasoak ikustearekin edota genozidioa bukatzearekin amets egiteari, umeen ametsak izateko». 

Epaimahaiko buru Juan Antonio Bayona arduratu da Lawrenceri saria emateaz. Izugarrizko dohainak dituela azpimarratu eta publikoarekin «iman bat» duela esanez zera aitortu du: «Nahi duena izan daiteke, egiaz betetzen baitu egiten duen guztia». 

«Zoriona eta lilura» sentitzen dituela kontatu du aktoreak, bizitza pertsonalean zein sorkuntzan «inspiratu» diotenek jasoa dutelako. Elkar ulertzearen aldeko deia egin du: «Hemen kontatzen diren munduko txoko guztietarako istorioei esker gainerakoei buruz ikas dezakegu, esperientzia emozional bat partekatu eta batzuetan ohartu gaitezke ematen duena baino konektatuago gaudela». 

‘Die my love’

Ordu batzuk lehenago, ‘Die my love’ filmaren inguruko nondik norakoak azaltzeko hurbildu da prentsa aretora bazkalostean. Lawrencek hezurmamitutako Grace bere nortasuna aurkitzen saiatuko da jaioberri den umearekin eta Jackson bikotekidearekin batera, New Yorketik alde egin eta ingurune isolatu batean. Bere nortasun berri -edo zahar- horren bilaketan, sexu errepresioaren inguruan ere hausnartzera bideratuko du ikuslea. Filma Ariana Harwuch idazlearen izen bereko liburuaren egokitzapena da.

Jennifer Lawrence zaleengana gerturatu da prentsa aretora joan aurretik. (Andoni Canellada | FOKU)

Txalo artean iritsi da prentsa aretora filmeko aktore protagonista eta ekoizlea. Lynne Ramsay gidoilariak idatzi eta zuzendu du, baina ez da Donostian izan, nahiz eta bere izena sarritan aipatu duen estatubatuarrak.

«Zoragarria» izan zen filmaren prozesua Lawrenceren esanetan. Ramsayrekin lan egitea ederra dela esan du: «Asko eztabaidatu genuen egin beharreko lanaz, erabili beharreko teknikez, elkarrizketa asko erabili genuen bidea irekitzeko modu gisara, eta emozionalki eta gida bat izan nezan».

Harwuchen ‘Die, my love’ liburua irakurritakoan identifikatuta sentitu zela aitortu du: «Ume bat erditu berritan nortasun krisi bat izaten duzu, galdetzen duzu nor zaren, eguneroko bizitza ere aldatu egiten da». Jarraian zehaztu du lehendabiziko umea jaio zenean «eltzeondoko zoragarria» izan zuela berak, eta garai horretan irakurri zuela liburua, eta liburua sakon aztertzeko aukera eman ziola horrek. Bigarren umea izan zuenean, berriz, eltzeondoko okerragoa izan zuela azaldu du, «eta orain benetan harrigarria egiten zait filma ikustea, ikusita zein egoera ezberdin pasatu nituen pertsonalki». 

Hala ere, pozik agertu da amak «gizaki gisara» ikusiak izaten ari direlako behingoz. Eta horri lotuta, bere ustez filmak batez ere «etxea zaintzen duen» figura horren inguruan, eta hori dela eta amek izaten duten presioaz, hausnartzen du. Sexu errepresioa ere ageri da filmaren uneren batean; horren harira azpimarratu du ez dela esperientzia isolatu bat, «esperientzia orokorra» dela baizik: «Ez dut uste eltzeondoko bat bizi behar duzunik sexu errepresioa zer den ulertzeko».

Askatasuna eta errespetua

Donostia Saria jasoko duela aitzakia hartuta, kazetariek gai orokorragoen inguruan ere galdetu diote, zineman emakumeek duten parte hartzeaz, esaterako: «Emakumeei munduak aukera ematen digunean, munduak onura ateratzen du gure parte-hartzean, istorio eta ikuspegi gehiago kontatzen dira».

Gazte gaztetatik egon da fokuan Lawrence; 22 urterekin jaso zuen Oscar saria. Antzezle gazteei ere mezu bat helarazi die: «Ikusi filmak, egin probak, saiatu, filmak ikusteko esango nizueke, oso garrantzitsua da».

Eta ahotsa altxa du adierazpen askatasunaren alde: «Adierazpen askatasuna erasopean dago, eta uste dut zinema munduan gure ahotsa modu artistikoan erabiltzen dugula, batak bestearen istorioak ikusi eta konektatzeak merezi du, denok egin beharko genuke askatasunaren mesedetan». 

Aurtengo Zinemaldian oso presente egon da Palestina, eta dinamizatzaileak horren inguruko pare bat galdera moztu baditu ere, kazetari batek, gertatzen ari dena ikusirik, etorkizuna nola ikusten duen galdetu dio, eta Lawrencek erantzun: «Izututa nago, benetan negargarria da gertatzen ari dena, genozidio bat ari da gertatzen eta hori onartezina da». Era berean, amerikar politikan dagoen diskurtsoak ere kezkatzen duela aipatu du, eta nahiko lukeela zerbait egiteko lekuan egotea. «Egoera ikaragarri hau konpondu nahi nuke, baina nire hitzak erabiliak izango dira egur gehiago botatzeko, erantzuleak nortzuk diren jakin behar dugu, eta beraiek egin behar dute egin beharrekoa».