INFO

Iraganaren sustraietatik askapenaren bidea egin du Jone Bordatok ‘Erroen izerdia’ liburuan

Jone Bordatoren lehen liburua da ‘Erroen izerdia’, hiru ipuin luzek osatutako triptikoa. Pertsonaiek iraganeko sustraietan dute oinarria, baina askapen prozesuen bidez nor bere burua ezagutzeko eta kontzientzia berri bat eraikitzeko bidean jartzen dira.

Jone Bordato, ostegun honetako aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Erroen izerdia’ (Elkar, 2025) Jone Bordato (Hazparne, 1984) idazle lapurtarraren lehen liburua da, hiru ipuin luzek osatutako obra trinkoa, triptiko baten antzera eraikia. Istorio bakoitza beregaina bada ere, guztiek hari komun bat partekatzen dute: pertsonaiek beren iraganeko erroetan aurkitzen dute identitatearen muina, baina bide horretan antzaldatze eta bestelakotze prozesuak bizitzen dituzte, askapen pertsonal eta kontzientzia berri baterantz gidatuko dituztenak.

Ostegun honetan egin dute liburuaren aurkezpena Donostian, Fermin Kalbeton kaleko Elkar dendan. Bertan izan dira Jone Bordato egilea eta Xabier Mendiguren editorea. Mendigurenek gidatu du solasaldia, galderak eginez, eta Bordato bere lanaren sorreraz eta esanahiaz aritu da. Filosofiako ikasketak egin zituen Parisko Sorbonan eta gaur egun akupunturista lana egiten du Hazparnen. Horregatik, egilearentzat, literaturara iristea «pixkanaka egositako prozesu bat» izan da: «Betidanik izan naiz irakurle amorratua, eta nerabezarotik idatzi dut, baina argitaratzeko asmorik gabe».

Bordatoren esanetan, ‘Erroen izerdia’ «barneko sustraiei» eta haien azpian ezkutatzen diren emozioei buruzko metafora da. «Erroak gure baitan daude, askotan lur azpian, inkontzientean. Hiru ipuinetako pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte, eta bizipen horietan zehar kontzientzia hartzen dute», azaldu du.

Lehen ipuinak ‘Ana’ du izenburua eta hiru ataletan banatua dago: dolua, bakar bidea eta bilakaera. Protagonista bere bikotekidearengandik banandu den emakume gazte bat da. Bere sendatze prozesua barrutik azaldua kontatzen du ipuinak. Bordatok azaldu duenez, «ipuin horrek bereizketa horren ondotik berriz altxatzeko egin behar duen barne ibilbidea kontatzen du».

Bigarren ipuina, ‘Ibilaldia’, mendiko bidaia baten inguruan garatzen da. Atal honetan, bi lagun –euskalduna bata eta espainola bestea– elkarrekin aritzen dira Pirinioetan, eta haien arteko elkarrizketek identitatearen eta jatorriaren inguruko hausnarketa pizten dute. Mendiak, gainera, sinbolo garrantzitsua dira Bordatoren lanean: «Mendian gora joatea barne ibilbidearen metafora polita da».

Hirugarren ipuina, ‘Zapi beltzaren ezkutuan’, luzeena eta helduena da. Amaia eta Mirentxu bi ahizpen arteko harremanetik abiatzen da kontakizuna. Amaiak urte luzeen ondoren etxera itzultzea erabakitzen du, familiaren sekretu batek eragindako zauria itxi nahian. Ipuin honek sakon jorratzen du oroimenaren eta barkamenaren gaia, baita sendatze prozesuaren espiritualtasuna ere.

Bordatok aitortu du ‘Erroen izerdia’ idazteak «plazer handia» eman diola eta berriro idazteko gogoa piztu diola. Izan ere, bere lan profesionaletik –akupuntura eta terapia arloetatik– jasotako esperientziek ere inspiratu dute: «Jendea agertzen da bere kezka, arazo eta istorioekin. Hirugarren ipuinaren kasuan, lanean topatu izan ditudan istorioek inspiratu naute».