INFO

Gogoa pazientzia bihurtu nahi du Realak Eibarri aurre egiteko

Ainhoa Moraza eta Lucia Rodriguez Zubietako prentsa-aretoan agertu dira denboraldiko lehen derbiaren atarian. Aurkariaren birtutetak goraipatu dituzte baina baita Realaren gaitasunean duten konfiantza ere.

Lucia Rodriguez eta Ainhoa Moraza Zubietako prentsa-aretoan. (Real Sociedad)

Ipuruak denboraldiko lehen derbia hartuko du igandean. Baina geografikoki Eibarren eta Donostiaren arteko distantzia txikia bada, talde bien joku-estiloak munduko ezin dira urrunago egon.. Horrela nabarmendu dute Ainhoa Morazak eta Lucia Rodriguezek Zubietan emandako prentsaurrekoan. Eibarren defentsa zorrotza eta Realak baloia eukitzeko eta mugitzeko duen bokazioa egongo dira aurrez aurre eta txuriurdinek, noski, zelai gainean zein markagailuan, beren taldearen jokoa inposatzeko konfiantza dute.

Udan jokatu dituzten bi neurketetan ez da hori gertatu baina «partida desberdina» espero du Morazak. «Planteamendu desberdinak izango dira eta gainera gu momentu onean gaude». Lucia Rodriguezek bat egin du, «talde bien azken dinamika desberdina da baina joku sentsazioak oso onak izaten ari dira» esanez.

Gogotsu eta konfiantzarekin daude donostiarrak beraz, taldea ondo ikusten ari baitira, azken bi partidetan puntu bakarra lortu badute ere. «Aurkariek ere merituak egiten dituzte», gogoratu du Morazak ildo honetan, baina «momentu onean gaude eta lasai, lanean jarraitzeko gogoekin, hori dela garrantzitzuena».

Gogoak pazientzia bihurtu beharko dute Eibarrei aurre egiteko, jokalari bien ustetan. «Eibarren jokoa nahiko atzean egotea da eta kontraerasoan ateratzea –azaldu du donostiarak–. Pazientzia eduki behar dugu baloiarekin. Behe blokean egongo dira eta pazientzia izan behar dugu, baloia alde batetik bestera mugitu eta mentalki ondo eta lasai egotea. Eibarren partida guztiak oso emaitza motzekin amaitzen dira eta horrek esan nahi du pazientziarekin jokatu beharko dugula».

Reala, berriz, iaz baino gol gehiago sartzen ari da. «Kalitate handiko jendea daukagu goian, gure jokoa garatzen eta arean presentzia gehiago izaten laguntzen gaituena», azaldu du Lucia Rodriguezek. «Eibarren birtuteetako bat, berriz, bere gaitasun defentsiboa da, zaila da bere atera gerturatzea. Horregatik partida luzea aurreikusten dut. Pazientzia izan beharko dugu eta lasai egon, baloia zirkulatzen eta abantailak sortzen, aukera asko sortzen saiatzeko». «Kontzentrazioa ere mantendu beharko dugu –gaineratu du bere taldekideak–, adi egoteko beren kontraeraso eta trantsizioekin».

Argi dago armaginen birtute bat Realaren jokoan integratzeko aukera izango balu zein izango litzatekeen. «Beren gaitasun defentsiboa laudagarria da», esan du hegaleko madrildarrak. «Hainbeste denbora baloi barik egon eta eroso sentitzeko gaitasuna. Gu, berriz, oso eroso sentitzen gara baloiarekin, antitesia gara ildo horretan». «Psikologikoki, minutu asko ematen dituzunean defendatzen, zaila da kontzentrazioa mantendu eta gauzak ondo egitea. Bertute hori hartuko nuke. Mentalki oso talde sendoa da, eroso sentitzen da egoera horretan eta hori ikusteak, azkenean, aurkariarengan eragina du», azaldu du Morazak.

Bide horretatik doa donostiarra ere, Realari oraindik falta zaionari buruz hitzegitean. Granadaren aurkako azken partida eredutzat hartuta, markagailua irauli ondoren azken minututan alde egin zuten bi puntuak gogoratu ditu. Kasu honetan ere, pazientziaren eta lanaren garrantzia azpimarratu du. «Ondo planteatu genuen partidua eta azken minutuetan ezin zaizkizu puntuak joan etxetik kanpo. Baina nahiago dut gauza positiboekin geratzea eta pentsatu honek ere irakatsiko digula. Talde gaztea gara eta horrelako momentuetan oinak lurrean edukitzen ikasi behar dugu, gauzak ondo egiten jarraitzen. Baina lasaitasuna eduki behar dugu eta akatsetatik gauza positiboak atera». Asko dira, bere ustetan, derbiarekin amaituko den denboraldiko lehen txanpa honen balantzea «oso positiboa» baita. «Talde berria daukagu, jende berria, entrenatzailea… Ondo hasi gara eta bide polita egiteko taldea daukagula uste dut. Horretarako lanean jarraitu behar dugu, egunerokotasuna oso garrantzitsua da», amaitu du.