Palestina protagonista izango da Durangoko Azokaren 60. edizioan
Urtero lelo berri bat izan beharrean, ‘Kulturaren Jaialdia’ lerroburua erabiliko du aurrerantzean Durangoko Azokak. Abenduaren 5etik 8ra burutuko den 60. edizioaren mezua eta iruditegia aurreratu dute ostegunean Landakon eta egon dira bi aipamen berezi: Izaskun Ellakuriaga eta Palestina.
Abenduaren 5etik 8ra burutuko da aurten Durangoko Azoka. Gero eta gutxiago falta da, beraz, Landakoko gunea euskal kulturgintzaren sektorearen bizitasunaz betetzeko. Dena martxan dago, eta hilabete bat barru edizio berriaren xehetasunak emango dituzten arren, ostegun honetan jakin ditugu berritasun batzuk, 60. edizioaren proposamen bisuala eta mezua aurkeztu baitira Landako gunean bertan.
Bertan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira, horien artean Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako aldundiak, Lakuako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta BBK, besteak beste. Aurtengo aurrekontua 760.000 eurotakoa izango da, iaz baino pixka bat gehiago, laguntza batzuk igo direlako, esaterako Bizkaiko Aldundiarena, argitu dutenez.
Aurkezpenean norbaiten falta sumatu da. Hutsune handi bat sentitzen dutela aitortu du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, eta aipamen berezia egin nahi izan dio uztailean zendu zen Izaskun Ellakuriaga Bustinzari, urte luzez Durangoko Azokaren antolakuntzan ibilitako Gerediaga ekarteko lankide ohiari. «Aurtengo edizio honetan hogei urtez euskal kultura sustatzeko eginiko lana gogoratu eta aitortuko dizugu», aipatu du.
Bestalde, Gaztelurrutiak une honetan bizi dugun testuinguru kezkagarri eta gatazkatsutik Azoka bezalako kultur jaialdi bat salbu ez dagoela gogorarazi nahi izan du. Hala, gogora ekarri du ez dela «erraza jaialdi bat prestatzeko grinari eustea samina barreiatzen ari den» aldi honetan. Horregatik, aurtengo Azokan ere oso presente egongo da Palestinako herria, aipatu duenez. Iaz Palestina gogoan izan zen, baina aurten Azokaren babesa «esplizitatu egin behar dela» aipatu du, geroago zehaztuko diren ekimen bat baino gehiago antolatuko dituztelako.
«Bai prestaketan zein Azokako egunetan genozidioa behin-behiko gelditzeko deia luzatuko dugu, ezin dugu Palestina bakarrik utzi», ohartarazi du. «Kultura kritikotasunari eta irudimenari ateak irekitzea ere badenez, gure ekimenak balio dezala mundu justuago eta gizatiarrago baten aldeko bidean elkartzeko», erantsi du.
Ehunka 60 zenbaki
60 urteko ibilbidea egingo du aurten ‘Kulturaren Jaialdi’ edo plaza honek, baina data borobil baten ospakizunean zentralitatea jarri beharrean, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean jarriko du arreta. «Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatutko dizkiogu Azokari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin», aipatu du Gaztelurrutiak.
Bi berrikuntza nagusi aurkeztu dituzte. Batetik, urtero asmatu den leloaren dinamika aldatu eta, duela hamar urtetik hona ez bezala, urtero aukeratzen den lelo berririk ez da egongo aurrerantzean. «Azokaren markak duen heldutasunaren adierazle», orain ‘Kulturaren Jaialdia’ bezala definituko da, «Da Kulturaren Jaialdia izango da, Azokan sorkuntza eta formato asko batzen dituelako: literatura, musika, zuzeneko aurkezpenak... Kultur topaketa profesionala eta herrikoia da –gehitu du– eta kultur eredu herritarra egiten du, kultur eragileek antolatuta, sektore desberdinen profesionalak elkarlanean eta erakunde publikoen laguntzarekin».
Bestalde, sortzaile bati kartela eskatu beharrean, artista bati iruditegia egin dezala eskatuko zaio. Aurten Iratxe Reparazek jaso du enkargua, diziplina anitzeko arte zuzendaria. Orain Madrilen dabil lanean eta publizitate firma desberdinentzat lan egiten du.
«Dena zenbaki batekin hasi zen, 60 –aipatu du–. Lehenengo gauza 60 bat marraztea izan zen, eskuz, libreki.. eta konturatu nintzen ez zela zenbaki bat, ibilbide bat baizik. Azoka bera ere ibilbide bat delako. Aurten ez dago kartel bakarra. Aurten kartel infinitoa da, Azokak bizitzeko, sentitzeko eta ulertzeko modu infinituak dituelako».
Kolore biziak erabilita, ordenagailuan eskuz egindako trazuak erabiliz, jaialdi bat delako, kultua ospatzeko lekua, gure iraganarekin jolastu du. Zenbat kartel izango dira?, galdera. «Infinituak», erantzuna.