INFO

Mobilizazio jendetsua, Nafarroan biometanizazio plan baten eztabaida ireki dadila exijitzeko

Mobilizazio jendetsua hartu du eguerdi honetan Iruñeak, Nafarroan biometanizazio plan bat egiteko eztabaida publiko eta parte-hartzailea ireki dadila exijitzeko. Moratoriaren aldarrikapena urriaren 30an iritsiko da Nafarroako Parlamentura eta Osoko Bilkuran aztertuko da gaia.

Jende ugari bildu da biometano planten aurkako mobilizazioan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Biometanizazio planta handien aurkako Nafarroako Plataformek deituta, giza kate jendetsua burutu dute igande eguerdi honetan Iruñeko Sarasate pasealekuan, Parlamentuaren eta Diputazioaren artean. Izan ere, ostegun honetan, urriak 30, aztertuko da Parlamentuko Osoko Bilkuran bioplataformen moratoria eta, ekintza honen bidez, plataformek biometanizazio plan bat egiteko eztabaida publiko eta parte-hartzailea ireki dadila eskatu nahi izan dute. 

Mobilizaziora jende ugari batu da, herri eta plataforma ezberdinetakoak asko, antolatutako autobusetan etorri direnak, eta ‘Gure herriak zuen gasak baino gehiago balio du’, ‘Moratoria orain’ edota ‘STOP bioetanoa’ leloak zeramatzaten hainbat afixa ikusi ahal izan dira, baita aire eta ur garbiaren beharra azpimarratzen zutenak edota planta hauek eragiten dituzten kalteez (usaina zein osasunean eta naturan eraginak) ohartarazten zutenak ere.

Protestan zehar, kolektiboen ordezkari Angel Marinek gogora ekarri nahi izan du mobilizazioan parte hartzen ari ziren pertsonak «bizileku duten lurraldeagatik arduratzen den jendea» dela, eta lur horietako ortuetan Nafarroako ohiko produktuak landatzen direla ekarri du gogora. «Nafarroako piperrak, zainzuriak, ardoak eta olioak» aipatu ditu eta planta hauen hondakinek lur horiek «kutsatu» egiten dituztela nabarmendu du.

«Kontua ez da denari ezezkoa ematea», aipatu du, «baizik eta tokiko nekazaritza babesten duten politika publikoei eta gertuko merkatuei baiezkoa ematea, benetako trantsizio agroekologikoan eragin dezagun. Horrek bai apalduko lukeela klima aldaketa», esan du. 

Manifestazio amaierako idatzia irakurtzearen arduraduna Marivi Secilla izan da. Lodosatik etorritako emakume honek «diru publikoa erabilita sustatzen diren biogas makroproiektuen inbasioa» salatu eta planifikazio «publiko eta demokratiko» baten alde egin du, «akuiferoen kutsadura, kamioien trafikoa eta hondakinekin egiten den espekulazioa» saiheste aldera.

Testuan, urriaren 30ean Nafarroako Parlamentuak erabaki bat hartu beharko duela ere nabarmendu dute: «Noren alde dagoen: diruaren alde edo jendearen alde».

Moratoriaren beharra

«Hainbeste urteko lanaren ondoren, moratoriaren aldarrikapena Nafarroako Parlamentura iritsi da Plataformek emandako bultzadari esker», ekarri dute gogora deialdian Sustrai Fundaziotik, eta gaiarekin sortzen ari diren «tentsio eta presioen» jakitun diren aldetik, datozen egunak garrantzizkotzat jo dituzte talde parlamentarioei etorkizuneko zein egun tramitatzen ari diren proiektuetarako moratoria baten «beharra» helarazi eta biometanizazio plan baterako eztabaida publikoa irekitzeko, «gure errealitatera egokituko dena eta gure etorkizuna eta, bereziki, lehen sektorekoa hipotekatzea ekarriko ez duena, lurzoru eta baliabide hidrikoak kutsatuz».

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Izan ere, gogora ekarri dute azken hilabeteotan biometanizazio makroproiektu ugari ari direla ardazten, guztiak ere antzerako ezaugarriekin: «Milaka tona tratatzea planteatzen da, ezarri nahi diren herriek sor dezaketena baino askoz gehiago. Sustatzaileak jarduera horretan esperientziarik ez duten enpresak dira, ipso facto sortuak, ondoren industria-talde handiei salduko dizkieten baimenak lortzeko. Hori guztia Nafarroako Gobernua eta udalak itzalaldi baten erdian egiten ari dira, informazioa ezkutatuz eta eztabaida eta hausnarketa ukatuz», salatu dute, eta «gure lurraldeko ereduaren eta tipologiaren inguruko plangintza publikorik eta foru-araurik ez dagoela aprobetxatzen ari dira», nabarmendu dute.

Gauzak hala, uda honetan zehar hainbat hitzaldi eta alegazioetan aholkularitza ematen jardun dute Sustraitik, Viana, Los Arcos, Sesma, Lodosa, Mendabia, Arroniz, Melida, Rada eta beste hainbat herritako plataforma eta kolektiborekin koordinatuta, eta 10.000 sinadura ere bildu dituzte, Nafarroako Gobernuak zein udalek gau hau jorratu duten «moduekiko haserrea eta gaitzespena» erakutsiz. 

Horregatik, «gaitz handiagoak eragin aurretik», horrelako instalazioak aztertzeko eta planifikatzeko moratoria baten beharra exijitu dute, «buruaskitasunetik eta negozio pribatutik kanpoko tokiko premiei erantzutetik abiatuta».