Grafikagintzan Nafarroako hitzarmen propioa aldarrikatu dute LAB, ELA, UGT eta CCOOk
Grafikagintzan Nafarroako hitzarmen propioa beharrezkoa dela aldarrikatu dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Eskaera honen aldeko 400 langileren sinadurak eraman dituzte patronalaren egoitzara. Sektorearen laurdena suposatzen du kopuru honek.
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Aegran patronalaren egoitzaren aurrean, Nafarroako Arte Grafikoen Hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko. Agerraldi horretan, ordezkari sindikalek 400 sinadura baino gehiago eraman dituzte, langile guztien laurden bat inguru ordezkatzen dutenak.
Sindikatuen arabera, martxoan hitzarmena negoziatzeko gaitasuna zuten sindikatu guztiek batera egindako eskaerari patronalak «entzungor» egin ziolako izan da agerraldia. «Orduan, patronalak ez gintuen hartu ere egin nahi izan», gogorarazi dute sindikatuek.
Oraingo honetan, elkarrizketarako eskaera berresteaz gain, langileen zuzeneko ahotsa helarazi nahi izan dute sindikatuek. «Gaur ez dugu sindikatuen aldarrikapena ekarri, hilabete gutxi batzuetan lortu dugun sektorearen laurden baten ahotsa baizik.
Dagoeneko kontzientziatuta eta aktibatuta dagoen sektore osoko langileen laurden batek lan baldintzak duintasunez arautzearen alde dago», adierazi dute. Era berean, datozen hilabeteetan laurden hori nabarmen handitzea espero dutela adierazi dute, egoera hori Nafarroako Grafiketako langile klaseari helarazten jarraituko baitute.
Patronalaren erantzunaren zain
Patronalak sektorearen eskaerari kasu egingo diola espero dute sindikatuek. «Pentsatu nahi dugu, sindikatuekin egin ez zuen bezala, Aergranek bere langileei entzungo diela. Hala ez bada, tamalez, gatazkak izango dituzte datozen hilabeteetan beraien enpresetan».
Azkenik, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk Nafarroako Arte Grafikoen Hitzarmena berreskuratzeko konpromisoa berretsi dute, duela hamar urte indarraldia galdu baitzen. «Gure determinazioa argia da, ez gara geldituko berreskuratu arte. Negoziatu nahi dugu soilik, eta horretarako behar den denbora hartuko dugu».