INFO

Zabalaren errekurtsoek jokoz kanpo utzi dute Ezkurdia eta lehen final handia jokatuko du

Erritmo biziko neurketa on batean, pilotari errioxarra nafarrari 6-22 gailendu zaio. Hala, Lau eta Erdiko lehen finala jokatzeko aukera izango du Zabalak, igande honetako partidan garaile ateratzen denaren aurka: Altuna III.a edo Peio Etxeberria.

Zabala, ezkerrez jotzeko prest, atzean Ezkurdia duela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Errioxako pilotariak, gaur egungo hizkeran esaten den bezala, «on fire» daude, sutan. Javier Zabalak Lehen Mailako lehen finala jokatuko du, larunbat honetan Gasteizko Ogeta pilotalekuan Joseba Ezkurdia Lau eta Erdiko Txapelketatik kanporatu ostean (6-22). Oso partida serioa eta ona egin du Naiarakoak, errekurtso ugari erabiliz, eta aurkaria jokoz kanpo utzi du 0-9 –edo 1-15eko– partzial bati esker.

Sake bikainak, moztutako pilotakadak, hanka azkarrak... baina batez ere bi paretak. Arma horiek bikain erabiliz –bost tanto egin ditu aipaturiko azken jokaldi horrekin–, Zabalak berriro ere Errioxako pilotariak gorenean ipini ditu. Bere lehen final handia jokatuko du hilaren 16an, Bilboko Bizkaian, igande honetako Donostiako irabazlearen aurka: Altuna III.a edo Peio Etxeberria.

Gasteizeko jaialdiko lehen partida, ondoren ikusiko zenaren aperitibo bat besterik ez da izan. Aurreneko lehia horretan, bere herrikide Dario Gomezek, Rezustaren laguntzaz, markagailua irauli eta 22-21 irabazi diete Larrazabal eta Mariezkurrena II.ari.

Dariok berak aldarrikapen nabarmena eman zuen udaran, segidan 18 partida irabazi zituenean. Irailaren 25ean amaitu zitzaion bolada on hori eta gaurko emaitzak bere goranzko norabidea ere azpimarratzeko balio izan du.

Zabalari dena ateratzen zaionean...

Ondoren, Javier Zabalak gauzak bere tokian utzi ditu. Gogoratu behar da Naiarako aurrelariak finalerdietarako sailkapena lortu zuela, multzoko lehena bezala, Jokin Altunak ezin izan zuelako ligaxkako azken neurketa jokatu lesio batengatik. Beraz, gaurko lehiara partida bat gutxiago jokatuta iritsi da.

Erritmo falta izango zuela uste zutenak segituan konturatu dira oso ondo prestatuta zuela finalerdiko norgehiagoka. Hasieratik nabaritu zaio hanketatik azkar zebilela eta erritmo bizia jartzeko helburuarekin iritsi dela etxe 'ondoko' pilotalekura, non Ogeta handiaren argazki batek pilotalekua apaintzen zuen.

Joseba Ezkurdia ez da %100ean iritsi lehiara. Arbizuarrak Peio Etxeberriaren aurkako ligaxkako azken partidan tanto bakarra behar zuen sailkapena lortzeko, eta baita lortu ere, baina tartean mina hartu zuen eskumuturrean, eta astean zehar erresonantziaren emaitzen zain egon da. Azkenean, kolpe bat besterik ez zela izan jakin zuen, baina gaurko partidaren prestaketa, ziur aski, berak nahi ez zuen modukoa izan da.

Zabalak oso ondo hasi du lehia, 0-2koa azkar ipiniz, baina Lau eta Erdiko Txapelketa nagusia hiru aldiz irabazi duen Ezkurdiak bere hierarkia ipini du markagailuan 3-3koa eta 4-4koa jartzeko. Gainera, nafarrak sufritzeko doaiak ere erakutsi ditu.

Baina gaurkoan beste bat izango zen protagonista. Javier Zabala aitak zenbait aholku eman eta semeak bikain erantzun du kantxan. Pixkanaka bere errepertorio guztia ateratzen hasi da. 5-7ra arte partida nahiko irekita bazegoen ere, hortxe errioxarrak 0-9ko partzial batekin ihes egin du markagailuan (5-7tik 5-16ra). Edo, beste era batera esanda, 1-15eko partziala egin du.

Sakearekin ere min handia egin du Naiarakoak, Ezkurdia gero eta gehiago desesperatzen hasita zegoenean. Urdinak bideratuta zuen garaipena eta gorriz jantzitako pilotariak ahalik eta itxura onenarekin amaitzen saiatu da.

PARTIDAKO FITXA:

Ezkurdia: 6

Zabala: 22

Pilotakadak: 249. Iraupena: 38:22 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-7, 5-7, 5-16, 6-16 eta 6-22. Sakez egindako tantoak: 0 Ezkurdiak eta 2 Zabalak. Jokoan egindakoak: 5 Ezkudiak eta 14 Zabalak. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak eta 1 Zabalak. Gertakariak: Sarrera oso ona eta polita Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Mattin Ezkurdia anaia aritu da Josebaren botilero lanetan eta Javier Zabala aita, Zabalarekin. Lehen sakea gorriarentzat.