INFO

Influencer mendekatzailea

Jaialdiko azken txanpan sartu gara eta laster ezagutuko ditugu aurtengo irabazleak. Bitartean, bi egun geratzen zaizkigu aurretik; parte hartze euskal herritarra duen ‘Santa Zeta’ eta mundu distopiko batean murgilduko gaituen ‘40 Acres’ dira ostegun honetako osagai nagusiak.

‘Santa Zeta’ filmaren fotograma. (NAIZ)

Akrea lur azalera neurtzeko unitate bat da, bereziki Britainia Handian eta AEBtan erabiltzen dena; kontzeptu horretaz baliatuko da Randall Thorne mundu distopiko batean girotua dagoen ‘40 Acres’ filmaren istorioa garatzeko.

Arbasoen etxea defendatuko dut

Hailey Freeman eta bere familia 1875ean Kanadako landa eremuetan lehen Gerra Zibilaren ondoren finkatu ziren baserritar afroamerikarren azken ondorengoak dira. Goseteak sarraskitutako etorkizun batean, etxea kendu nahi dieten indarren aurrean azken erresistentzia izango dira.

Pelikularen premisa sinbolikoa bereziki indartsua da: sustrai beltzak eta indigenak uztartzen dituen familia batek lurra – ‘the most valuable resource is farmland’, diote– defendatzen du, lurra baliabide nagusi eta azken botere gune bihurtu den mundu batean. Ondare historikoaren, arrazaren eta geografiaren arteko tentsio horrek istorioaren motor narratibo gisa funtzionatzen du. Kutsu post-apokaliptikokoa duen arren, hemen ez dago ez zonbirik, ez gerra nuklearrik, ez eta estralurtarren inbasiorik ere, giza moraltasuna eta gaiztakeria esploratzen dira.

‘40 Acres’ obrak eszenatoki post-apokaliptiko bat planteatzen du, eta bi ildo paralelo eraikitzen ditu: batetik, ingurunearen biziraupen basatia; bestetik, Freeman klanaren dinamika intimoa.  Aktoreen artean, Danielle Deadwyler bereziki nabarmentzen da: presentzia indartsua eta autoritarioa eskaintzen du, eta hori berez aipagarria da, genero honetako produkzioetan adin ertaineko emakume beltzei paper hori sarritan ukatu izan zaielako.

Tonuak bi norabide nagusi hartzen ditu kontakizuna garatzeko: alde batetik, biziraupen/ suspenseko thriller kutsua duena; bestetik, herentzia, lurraren jabetza eta arrazaren inguruan orbitatzen duen drama sinbolikoa.  Dramarantz makurtzen denean, genero-tentsioak behera egiten du; eta thrillerraren elementuak nagusitzen direnean, filmak ez ditu baliabide horiek bere gordintasun osoan zukutzen. Eszenaratzea, erritmoa eta tentsioa hasieratik sumatzen dira, baina arrisku-sentsazioa pixkanaka lausotuz doa.

Emaitzak, beraz, argi-ilunak ditu: filma interesgarria eta zintzoa da, asmo onekoa, baina Thornek erabaki formal eta narratibo ausartagoak hartu izan balitu, filma askoz ere gogoangarriagoa izan zitekeen.

Influencer mendekatzailea

ManodeSanto ekoiztetxeak Basaurin (Bizkaia) du egoitza eta 2018an sortu zuten Jordi Monedero basauriarrak eta Antonio Muñoz de Mesa madrildarrak. Azken honek zuzendu du ‘Santa Zeta’ filma. Zuzendariaren arabera, filmak honako azpititulua izan zezakeen: «Barkatzea tristeena da, barkamenik ez delako existitzen». Familiaren baitan adingabeei egindako sexu-abusuei buruzko film independentea da.

‘Santa Zeta’-ren istorioaren erdigunean bidaien influencer ezagun bat aurkituko dugu. Bere sare sozialak erabiltzen ditu mundu osoan pederastak ‘ehizatzeko’, eta aldi berean bere ahizpa txikiaren hiltzailea aurkitzearekin obsesionatuta dago. Protagonistaren rola Nekane Otxoa aktore euskaldunak jokatuko du.

Filmak bere historiaren dimentsio globala islatzen du aukeratutako kokalekuetan ere: Seul, Los Angeles, Madril eta Bilbo izan dira akzioa, intriga eta salaketa soziala uztartzen dituen ekoizpen honen eszenatoki nagusiak.

Zuzendariak ostegun honetan, 19.30etan, Antzoki Zaharrean proiektatzen den filma aurkeztu du hiru aktoreekin batera: Nekane Otxoa, Arlette Torres eta Jordi Monedero. Azken honek ekoizle-zuzendari gisa ere lan egin du. «Aktore moduan egiten dudan lehen papera da, lagun batek eskainia gainera, eta hara non pederasta baten rola jokatzen dudan», esan du umoretsu.

Otxoak aldiz adierazi du: «Film hau, zalantzarik gabe, nire bizitzako esperientziarik sendoenetako bat izan da. Taldeari, eskerrik asko denagatik; honen parte den pertsona bakoitzari, eskerrik asko niri hainbeste irakasteagatik. Oso pozik nago, eta zuen erokeriarik eta grinarik gabe hau ez zen posible izango. Eskerrik asko zuen artea eta sentsibilitatea hainbesteko eskuzabaltasunez partekatzeagatik».

Premisa deigarri horretaz harago, eta filmak dituen gabeziak eta ahulguneak agerikoak diren arren, aurrekontu txikiko film independente honek bere alderdi bisualagatik harridura sortzen du; baliabide urriak ezin hobeto aprobetxatu dira. Lola Barros-en musika ere elementu garrantzitsua bihurtzen da narrazio osoan zehar.