Laura Rogorak eta Janja Garnbretek jarraitzen dute historia egiten
Saint Leger-era eginiko bisitan, Rogorak bi 9a+ landuta eta 8c+ bat bistan eskalatu ditu. Dagoeneko, azken estilo horretan bi bide ditu, eta munduko hirugarren eskalatzailea da hori lortu duena. Garnbret, berriz, Arcoko ‘Pure dreaming’ (8c+/9a) flash eran kateatu du.
Laura Rogorak eta Janja Garnbretek ondo ezagutzen dute elkar; izan ere, urteak daramatzate nazioarteko zirkuitu ezberdinetako eskalada lehiak partekatzen. Baina denboraldia amaitu da, eta orain bi eskalatzaileok arroka dute helburu. Azken egunotan, adibidez, italiarrak zein esloveniarrak emaitza bikainak erdietsi dituzte. Eta zalantzarik gabe, gainera, sinatutako eskalada horiek adierazten dute historia egiten jarraitzen dutela.
Rogorari dagokionez, Saint Leger-eko eskalada eskolan izan berri da. Bidaia oso euritsua izan badu ere, harrigarria da lortu duen arrakasta. Emaitza horiek sinatu ahal izateko, 24 urteko italiarrak egoera hori patxadaz hartu behar izan zuen. Orekaren eta heldutasunaren arteko erakustaldia izan da.
Zergatik diogun hori? Bada, baldintza eskas horiekin gai izan delako ‘Le cadafist’ (9a+), ‘Super crackinette’ (9a+) eta ‘La castagne’ (9a) landuta egiteko. Hortaz gain, ikuskizun ikaragarria eman zuen ‘La ligne claire’ (8c+) bistan sinatzen.
‘Super crackinette’-en, adibidez, ekinaldi oso on bat eskuak erabat bustita zituela erori zen. Alabaina, baldintza txar horiek ondo kudeatu zituen eta saialdien bigarren egunean (ikus bideoa) 9a+ hori kateatu zuen.
‘Le cadafist’-en antzeko egoera bizi izan zuen: «Ibilbide hori oso-oso heze zegoen. Bidearen giltzara ondo iritsi nintzen, baina bustita zegoen eta erorikoa izan nuen. Alabaina, banekien baldintza egokiekin gai izango nintzela arrakasta lortzeko. Aurrekoan bezala, 9a+ horrekin oso gustura nago».
‘La castagne’ (9a) igo eta gero, bidaiaren azken egunean ‘La ligne claire’ eskalatu zuen. Informaziorik gabe 8c+ mailako bide horretan sartu zen. Bistan egitea izan zen helburua. Rogorak zorte handia izan zuen eguraldiarekin; izan ere, egun eguzkitsua irten zen eta harkaitza lehorra zegoen. Baina bazekien oso eraginkorra izan behar zela 30 metroko bide horretan: «Intentsoa da, zailtasunean iraunkorra eta hainbat giltza ditu. Heldulekuak, gainera, zorrotzak eta txikiak dira. Alegia, asko eskatzen duen marra da. Lasaitasun osoarekin sartu nintzen. Ez nuen presarik, eta egundoko ekinaldia atera zitzaidan erorikorik gabe».
Irakurtzen den bezala, ‘La ligne claire’ bistan egin zuen, eta horri esker italiarrak berriro historia egin du. Alex Megosekin eta Adam Ondrarekin batera ohore handiko talde txiki batean sartu da. Megos, Ondra eta Rogora dira estilo horretan bi 8c+ (edo gehiago) egin dituzten munduko eskalatzaile bakarrak.
Garnbret ere, bikain
Nahiz eta bi eskalatzaileok lortutako emaitzen inguruan aldea dagoen, esloveniarra ez da atzean geratu. Gogora dezagun lehien munduan azken urteotako erregina dela. Ez du parekorik. Baina arrokara irteten denean ere, Garnbretek badaki bikain estutzen eta eskalada azpimarragarriak egiten.
Italiako Arcon izan berri da. Eta, besteak beste, igoera historiko batekin egin da. ‘Pure dreaming’ (8c+/9a) flash eran kateatu du. Eskalada hori ikusi zutenek diote ia bistan egin zuela.
Ibilbide ezagun horren mailari dagokionez, nahasmen pixka bat badago. Ondrak belaun-babesik gabe (esloveniarrak bezala) kateatu zuen. Txekiarraren arabera, 9a zen. Baina ondorengo errepikatzaileek (batzuek belaunetakoarekin) adostu zuten 8c+ maila egokiena zela.
Garnbretek igoera hori egin zuen egunean, kontuan hartu behar da heldulekuren bat puskatuta zegoela eta horrek zailtasun pixka bat gehitu diola bideari. Bide batez esan behar dugu esloveniarraren eskalada ia bistan izan zela. Eskalatzen hasi aurretik Michele Caminatik soilik beheko sekzioaren inguruko informazioa eman zion. Ez, ordea, goiko zatian dagoen bidearen giltzaren ingurukoa edo beste mugimendu batzuena. Informazio oso-oso urri horrekin Garnbret ‘Pure dreaming’-en sartu zen, eta trebetasun handiarekin katera erorikorik gabe heldu zen.