Altuna III.a nagusitu da «inork jokatu nahi ez duen partidan» (22-20)
Lehia atariko elkarrizketan bi pilotariek finala jokatzea nahiago zutela adierazi dute, baina kirol-legez jardun eta partida landua jokatu dute biek. Oso parekatua izan da norgehiagoka eta tanto ikusgarriak egin dituzte pilotariek. Amezketarra gailendu da, baina Ezkurdiak ez du amore eman.
ALTUNA III.a 22
EZKURDIA 20
Finalerdietan Altuna III.ak eta Ezkurdiak ez zuten maila eman, arazo fisikoak tarteko; Altunak ez zuen 9 tantoko langa gailendu; Ezkurdiak, ordea, 6 besterik ez zituen egin. Altuna III.ak lau txapel ditu Lau eta Erdiko Txapelketan, eta 8 urtez jarraian lortu zuen finala jokatzeko txartela; aurten, aldiz, finaleko atarian geratu zen bigarrenez jarraian. Ezkurdiak, bere aldetik, hiru txapel ditu, hirurak Altunari irabazi dizkiola, baina Javi Zabalak aise irabazi zion finalerdietan. Beraz, aurten 3. eta 4. posturako partida jokatu behar izan dute; bi pilotariek, noski, bere onena eman dute eta amezketarra gailendu da azken tarte zoragarri batean.
Hasieratik erasora bi pilotariak
Gogotsu atera dira bi pilotariak, erasora eta ausart. 3-0 aurreratu da amezketarra, eta orduan Ezkurdiak lehenengoz eskuinarekin erantzun du Altunaren sakea, horrenbestez, agintea hartu du eta ikustekoa izan den bi paretako tantoa egin du arbizuarrak. Hurrengoan, sake eta erremate bikain batekin 3-2koa jarri du. Markagailuak 4 eta 2 markatzen zuela iritsi da lehen tanto luzea, Altunak erremate ikusgarri batekin bereganatu du duela. Biek ala biek zuloa ikusi dute hasieran.
Erritmo oso altuan hasi da partida. Lehengo tarte honetan Altunak 3 egin ditu sakez. Eta tartea lortu du markagailuan, 11-5. Maisuki hasi da agintzen amezketarra. Ezkurdiak eutsi, baina gutxinaka-gutxinaka urrundu da markagailuan. Atsedena eskatu du arbizuarrak 10-5ekoarekin.
Norgehiagokaren ordu laurdena bete gabe, lan erdia egin du Altunak: 11-5. Ezkurdiak, ordea, ez du etsi, eta markagailuan hurbildu da, Altunaren hiru akatsen ondotik. Luzeago jokatzen hasi da arbizuarra, eta uzta bildu du: 11-10. Lehen atsedenaldira, ordea, 12-10 iritsi dira, Ezkurdiak akats egin ondoren.
Gidoia errepikatu da
Altuna III.ak sakea hartu duen aldiro, aldea handitzeko probestu du, 15-11ko tartea lortuz. Partidari aurpegia galdu gabe, baina betiere atzetik, Ezkurdia neke fisikoa nabaritzen hasi da ordu erdia bete denean. Goitik beherako bolea ikaragarri batek 17. tantoa eman dio Altunari, 5 tantoko aldea berrezarriz: 17-12. Burugogor jarraitu du Ezkurdiak, eta sake zorrotz eta dotore bati esker sakez egindako lehena agin egin du arbizuarrak. Altuna III.ak aldea lortu duen arren, Ezkurdiak berriz ere markagailua estutu ez, irauli du ere. Lehenengo zenbakiko pilotak ongi egin dio arbizuarrari, eta 5 tanto jarraian egin ditu Ezkurdiak, 17na berdindu du lehia.
Hurrengo tantoan, Altuna III.ak ezin erantzun, gora bota du pilota eta Ezkurdia lehenbizikoz aurretik jarri da; bigarren atsedenaldian, beraz, 17-18 arbizuarraren alde. Markagailua irauli du arbizuarrak frontisetik urrundu denean; hortxe eroso sentitu da eta nabarmen agindu du kantxan.
Azken txanpan, markagailuak berdinketa islatzen zuen: 19-19. Akatsak izan dira nagusi, nekezaren ondorioz, eta Altunak irabazteko aukera galdu du 21-19 aurretik jarri dela. 21-20 Arrasateko Uarkapen, eta azken tanto landu baten ondorioz Altunak irabazi du lehia. Horiek horrela, Lau eta Erdiko 3. postuan Altuna sailkatu da, eta finala jokatu behar dutenen artean baten batek min hartuko balu, Altunak jokatuko luke bere ordez.
Txapeldun berria
Peio Etxeberriak Lau eta Erdiko hirugarren finala jarraian jokatuko du igandean, aurreko biak galdu dituela Altuna eta Lasoren aurka. Javi Zabalak, bestalde, lehen aukera izango du Lau eta Erdiko Txapelketako txapeldun izateko. Horiek horrela, finala azaroaren 16an jokatuko da Bilbon, eta txapeldun berria izango du txapelketak.
Binakakoan batera jokatuko ote dute?
San Mateoko txapelketan, hain zuzen ere, elkarrekin jokatu zuten Altunak eta Ezkurdiak. Bi aste barru hasiko da Binakako Txapelketa, eta amezketarra zein arbizuarra elkarrekin jokatuko duten zurrumurrua gero eta zabalduago dago. Izan ere, Tolosaren lesioa dela eta, Aspek ez du laugarren atzelaririk. Biek ala biek, partidaren atarian, enpresaren erabakia dela adierazi dute, baina gustura ariko liratekeela onartu ere.
PARTIDAKO FITXA:
Altuna III.a: 22
Ezkurdia: 20
Pilotakadak: 258
Iraupena: 43:48
Markagailua:1-0; 3-1; 4-2; 5-3; 6-4; 7-5;11-4;11-10;12-10; 13-11, 15-12;16-12; 17-13; 17-18; 18-18; 18-19: 19-19; 21-19; 21-20; 22-20
Sakez egindako tantoak: Altunak 3; Ezkurdiak 1
Jokoan egindako tantoak: Altunak 15; Ezkurdiak 14
Galdutakoak: Altunak 6; Ezkurdiak 7
Gertakariak: Sarrera bikaina Arrasateko Uarkape pilotalekuan, 700 ikusletik gora. Arratsaldeko lehen partida gustagarria izan da eta Murua-Zabaleta bikoteak Alberdi-Albisu bikotearen aurka irabazi du (22-19).