Atharratzetik Bilbora, «euskarak denok bil gaitzakeela» aldarrikatuko du 24. Korrikak
Euskararen aldeko ekimen erraldoiak badu 2026ko hitzordua: Martxoaren 19tik 29ra egingo da 24. Korrika, Atharratzetik Bilboraino Euskal Herria zeharkatuz. Errigora izango da edizio honetako omendua eta ‘Euskara gara’ lelopean egingo da, «euskarak denok bil gaitzakeela» nabarmentzeko.
Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik abiatuko da 2026ko martxoaren 19an eta Bilbon bukatuko da hamar gau eta hamaika egun beranduago, martxoaren 29an. 2.500 kilometro egingo ditu Euskal Herria gurutzatuz euskararen aldeko lasterketa erraldoiak, gau eta egun geratu gabe.
Halaxe iragarri dute ostegun honetan Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean egin duten aurkezpenean. 45 urte dira lehen Korrika egin zenetik, 1980an. Orduko hartan Oñati eta Bilbo lotu zituen urteen poderioz euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa bilakatu denak.
Edizio honetarako, antolatzaileek ‘Euskara gara’ leloa hautatu dute. Korrikako arduradun den Ane Elordik azaldu duenez, «euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, aranasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal Herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da»,.
«Euskal Herriak arnasa berria behar du. Euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza».
Euskara, «guztiontzako aterpe eroso»
AEKren nazio kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabek ere hartu dute hitza aurkezpenean. «Herri hori nolakoa izatea nahi dugun adieraziko dugu. Euskara herritar guztientzako aterpe eroso dela. Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztientzako lekua doagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sortzen baita», adierazi du Begiristainek.

Etxezarretak, berriz, hiru mezu helarazi nahi izan ditu. «Euskal Herri euskaldiuna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango da gurea. Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi, orain da unea». Izan ere, nabarmendu duenez, «larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda». Horregatik, instituzioei «hizkuntza-politika ausarta eta sendoak» eskatu dizkiete.
Horren harira, Ane Elordik NAIZi azaldu dionez, «Kontseiluak behin eta berriz azpimarratu duen» ideiarekin bat egin nahi dute, hau da, «pizkunde baten beharra daukagula». Izan ere, «kalean ikusten da euskararen egoera ez dela gozoa». «Zerbait egin behar bada, orain egin behar da, gero berandu izan daitekeelako», ohartarazi du Elordik.
«Euskaratik, euskararentzat eta euskaraz» Nafarroan
Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu duten aurkezpen ekitaldian edizio honetako omendua zein izango den ere jakinarazi dute: Errigora izango da, Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko sortu zen eta auzolana oinarri duen herri ekimena.
Korrikak aitortza egin nahi dio orain arte jorratu duen bideari, «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik», azaldu du Ane Elordi Korrikaren arduradunak.
Aurkezpenean nabarmendu duenez, Errigorak euskara ofizial ez den eremuan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea ematen die eta, Korrikak, bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu eta lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Gainera, «bat egiten du Korrikaren balioekin: euskararen sustapena eta burujabetza».
«Txikitasuna erdigunean jarri nahi dugu, gutako tanta bakoitzak blaitzen du-eta euskararen ibaia, gurea, hizkuntza minorizatua. Hizkuntzak batzen gaitu, Atharratzetik hasi eta Bilboraino, artean Nafarroako Erribera zeharkatuta; txoko horietan guztietan euskaraz gara, eta euskarak batzen gaitu. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora», adierazi dute.
Horregatik, Nafarroako hegoaldean euskalduntzean egin duen ahalegina aitortu eta etorkizunerako bultzada eman nahi dio Korrikak Errigorari. Elordik NAIZi gaineratu dionez, Errigorak «bueltan euskarari egiten dion ekarpena garrantzitsua iruditzen zaigu» eta herritarrek sortutako ekimena dela «azpimarratzekoa» da ere.