INFO

Animalirik gabeko San Andres eguna Azkoitian eta Eibarren; Lizarra, salbuespen

Aurtengo San Andres eguna berezia izaten ari da, behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra dela eta, animaliarik gabekoak izaten ari baitira. Lizarrako azoka izan da salbuespen, larunbatean. Igandeko giroa Azkoitian, Eibarren eta Lizarran, ezin hobeagoa.

Giro ezin hobea eguerdian Azkoitian. (Jon Urbe | FOKU)

Azkoitian, Eibarren eta Lizarran egun handia da gaurkoa, neguko jai garrantzitsu eta herrikoi hau nekazaritzari eta baserriko estuki lotuta baitago. Azkoitian, Sanandresetako feriaren jatorria XVIII. mendekoa da eta ez da egun bakarrera mugatzen.

Baina azaroak 30ak badu zerbait berezia, bai Azkoitian eta baita Eibarren. Bustita esnatu da eguna Gipuzkoako txoko hauetan baina, eta izan diren aterruneak baliatuta, herritarrak posturik postu ibili dira, giro ezin hobean. 

Aurtengo San Andres egun hau berezia ari da izaten; behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra dela eta, animaliarik gabeko azokak egin baita. Azkoitian elizaren atarian eta Plazaberrian dozenaka artisauek eta nekazariek jarri dituzte postuak. Eibarren Txaltxa-Zelain eta Untzaga plazan, ohikoa denez, banatu dira inguruetatik etorritako baserritarrak eta artisauak.

Herri kirolak, pilota partidua Astelehena eta Kontzejupe frontoietan, eta erromeria, Azkoitian, eguna bukatzeko. Eibarren bezperarako egitaraua atondu zuten Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeko kideek: kantupoteoa, herri-bazkaria, musika eta jai giroa izan dira ardatz aurten.

Lizarran ere egun handia da, Lizarrako Feriak jaietako azken eguna baita. Nafarroako herri honetan bezperan, larunbatean, egin dute Azoka. Aurten egitura aldatu egin da, zaldirik gabe egin delako.

Feriak bere jarduerak aldatu zituen, Santiago plazara eskulangintza eta etxeko produktu guztiak eramanez, eta Foruen plazara larru, motozerra eta forja erakusketa desberdinak eraman zituzten. Foruetan ere hainbat dastatze izan ziren. Deigarriena goiz osoan plaza elikatu zuen arkume zikiroa.

Salbuespen bakarra Zahorí hipikarena izan zen, txabola osoa erakusteko baimena lortu zuelako: ardien, ahuntzen, ponien eta dozenaka zaldien miniferia bat osatu zuten.

Igandean feriek jarraipena izan dute, erraldoi eta buruhandien konpartsa atera baita hiriko kaleetatik. Hilario Olazaranen txistuek girotu dute bermuta... eta ez dadila jaia bukatu.