INFO

Batetik bostera


Zinema kritikari izateak, besteak beste, pantailan bizitako emozioei eta esperientziei puntu bat edo kalifikazio bat jartzea dakar. Pelikula edo telesail bat 1etik 5era kalifikatzea erraza dirudi, baina, egia esan, dilemaz beteriko ekintza da. Ikus-entzunezko bakoitza mundu bat da, eta zenbakizko eskala baten bidez iritzi bat irudikatzea batzuetan ezinezkoa izaten da. 

Nola baloratu antzezpen lan magistral bat gidoi ahul baten erdian? Edo istorio bat, akats teknikoak gorabehera, zirrara eta emozio sakonak eragiten dituenean? Nola bildu emozio, irribarre, beldur eta lilura guztiak zenbaki bakarrean? 

Hala, orri hauetan egunero ematen dudan nota irakurlea orientatzeko ariketa apala besterik ez da, urtean zehar estreinatzen diren filmen ozeano zabalean pizten den itsasargi xume bat. Baina, kalifikazioa ematen dudan bakoitzean, beti galdera bera dabil nire buruan dantzan: justua naiz obrarekin? Eta irakurlearekin? 

Benetako dilema sortzen da jakitean kalifikazio honek irakurleengan eragina izan dezakeela: film jakin batera erakartzea edo urruntzea. Puntuatzea, beraz, arduraz eta apaltasunez egiten den ekintza da; esanezina dena, besteek ulertu dezaketen modu batean adierazteko saiakera bat besterik ez. 

Horregatik da garrantzitsua bost puntutxo horiek baino harago begiratzea, eta egunero apalki idazten ditudan lerroak irakurtzea. Lerro horiek emango dizkizute obrari buruzko pistarik zintzoenak.