Patriarkatu gehiegi, feminismo gutxiegi
Oldarraldi erreakzionarioaren testuinguruan, feminismoa jopuntuan jarri da: urrunegi joan dela, arazo errealak desplazatu dituela... Eskuin zein ezker, horrelako diskurtsoak zabaltzen ari dira. Erronka, baina, mezu horiek iradokitakoaren kontrakoa da: are urrunago eramatea.
Antifeminismoa hauspoa hartuta dabil azken boladan. Gero eta maizago, lotsagabeago eta ozenago entzuten da -askotan, diskurtso transfobo eta arrazistekin artikulatuta-. Hedabideetan, auzitegietan, lagun artean, sareetan… eta ohartzerako, norbere ahotan.
Diskurtso horrek Internazional Erreakzionarioan du indar gehien. Alabaina, inplizituki edo esplizituki, ezkerreko sektoreetan ere hedatzen ari da pixkanaka. Zirimiri forman batzuetan (aldarri horiei entzungor eginez, esaterako), tanta nabarmenak isuriz beste batzuetan («feminismoa urrunegi joan da») edota zaparrada eran («utz ditzagun feminismoa eta halako txorakeriak!»). Emaitza argia da: patriarkatuz mela-mela eginda amaitzea.
Hori gutxi ez, eta ezkerra eraldaketarako ezgauza bihurtzen du horrek. Izan ere, Judith Butlerrek esan bezala, paradoxa nabarmena gertatzen da: «Ezkerraren paralisiaren errua ezkerra bizirik mantentzen duten mugimenduei egozten zaie». Ondorioa? Are gehiago paralizatzea.
2026an akats hori egin ez dezagun, mezu horien aurrean aterkia ateratzea komeni da.
«Feminismoa urrunegi?»
«Pasatzen ari dira», «jada nekatu egiten du», «feminismoa bai, baina zentzuzkoa, ez muturrekoa»... Molde ezberdinetan bada ere, halako mezuak maiz entzuten dira.
Horrekin zer esan nahi da? Kide feministek ustez zegozkien lekua eta moldeak gainezkatu dituztela? Bai, noski. Eta eskerrak! Arantza Arrutiren hitzetan, hain justu, ekite horri esker hasi ziren izen-abizenak izaten; hau da, horri esker bihurtu ziren subjektu politiko.
Halako baieztapenak entzutean, ordea, badirudi patriarkatua gainditu dela eta estatu feminista berri batean bizi garela, sistematikoki gehiegikeriak egiten ari dena: demagun, gizonek, gizon egiten diren neurrian, lan ikusezin gehiago egin behar izaten dituztela, lan berdina egiteagatik gutxiago kobratzen dutela edota haien ahotsak presentzia eta prestigio urriagoa duela.
Datuek, behintzat, ez dute halakorik adierazten: ia 7.000 euroko soldata arrakala, zaintza lanen banaketa sexual eta arrazaren araberakoa, espazio publikoan presentzia desorekatua... Egunero suma daiteke hori, baina egun batzuetan are gordinago bistarazten da, indarkeria matxistak emakumeak hiltzen dituenean. Euskal Herrian aurten zazpitan, beste horrenbeste gizonen eskutik.
Hori ikusita, ondorioa argia da: feminismo gutxiegi dago oraindik. Edo, bestela esanda, patriarkatu gehiegi: erakundeetan, lantokietan, sarean, auzitegietan, etxean, militantzia esparruetan, parrandan... azken finean, bizitzako esparru ia guztietan. Hori normalizatu ez dadin, feminismoak oraindik gutxitxo blaitu dituen eremu horietara ere heldu eta horiek ere despatriarkalizatzea izango da erronka, ezta? Feminismoa are urrunago eramatea, alegia.
Jakina, horrek ez du esan nahi feminismoan buru-belarri dabiltzan kideek egiteko hori ere beraien bizkar hartu behar dutela, baizik eta espazio horietan zentrorago gaudenok ere dagozkigun ardurak hartu beharko ditugula, bertan eraginez. Ez inori kanpotik -eta goitik- mesedea egiteko, baizik eta, nahi ala nahi ez, konpromisoan jarrita gaudelako. Azaroaren 25ean, beste behin, horretarako deia egin zen.
«Bigarren mailako auziak?»
Ideia hau ere forma eta intentsitate ezberdinetan adierazten da: auzi materialen aurrean auzi kultural gisa kategorizatu, lehen mailako kontraesanen aurrean bigarren mailakotzat jo... edo zuzenean, «txorrada» bezala gutxietsi. Horren aurrean, «benetako» auziei heltzeko deia egiten da; hau da, lehen mailako kontraesan materialak lehenestekoa.
Aitzitik, lehen aipatutako zapalkuntza horiek denak ez ote dira materialak? Izozmendiak, urez osatuta badago ere, ez dirudi oso likidoa dela... Eta metaforak islatzen duen bezala, ez da inondik ere txikikeria bat: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 16-85 urte bitarteko emakumeen %57k -erdiek baino gehiagok- sexu jazarpenen bat jasan izana arazo nazional bat da.
Bestalde, zeharkakoa den neurrian, feminismoa jendearen beste hainbat «arazo errealez» hitz egiteko ere talaia interesgarria da. Batetik, orain gutxira arte naturalizatuta eta isilarazita egon diren makina bat auzi politizatu eta plaza publikora ateratzeko potentziala du: bakardadea, maitasuna, zahartzaroa, osasun mentala... Bestetik, jada mahai gainean dauden auzi sozialen inguruko ikuspegia zabaldu eta are jende gehiago inplikatzeko begirada eskaintzen du: adibidez, enpleguaz harago lan guztiak aztertzeko edota pentsioen ikuspegi integralago bat izateko. Hau da, jende guztiaren -ez soilik batzuen- arazo errealez hitz egiteko.
Bide batez, hizki larriz idatzitako Politikaren sinonimotzat jotzen diren korapiloak lantzeko ere ezinbesteko iturria da. Esaterako, geopolitikan nagusitzen ari den gerra logika nekez uler daiteke patriarkatua ere aintzat hartu gabe -Trump ez al da patioko matoia?-. Edo auto pribatutik garraiobide publikoetara pasako bagara, gizontasunari ere heldu beharko zaio, gizon izateko moduetako bat autoa izan eta gidatzea baita. Zer esanik ez polizia eredua eraldatuko bada! Azken ikerketen arabera, hizkuntz hautu eta praktikak ere ezin dira generoarengandik bereizi... Eta abar, eta abar.
Baten batek esango du: baina ardatz horretatik bakarrik uler daitezke fenomeno horiek denak? Ez, noski. Baina zergatik murriztu behar ditugu azalpen eta soluzio guztiak ardatz bakarrera? Feminismoak, besteak beste, marko monoteista hori auzitan jartzeko ere balio du. Edozein kasutan, ardatz horretatik ere ulertzen dira, eta hori aintzat hartu ezean, azterketak kamutsak izango dira.
Mundu berri bat
Esan bezala, feminismoa, beste begirada guztiak bezalaxe, partziala da. Hala ere, partziala izateak ez du esan nahi “sektoriala” dela. Feminismoak, errotikoa denez, pastelaren zatiak bestela banatzeko ez ezik, pastelaren errezeta birpentsatzeko gaitasuna ere badu. Hau da, beste begirada eta borroka batzuekin artikulatu, eta mundu eta herri bizigarriago bat eraikitzekoa.
Alde batetik, komunitatea egiteko heldulekuak eskaintzen ditu. Paradoxikoki, autore feministei askotan indibidualismoa eta gizartearen deseraikuntza leporatzen bazaie ere, interdependentzien inguruko gogoeta emankorrenetakoak haiek ari dira egiten. Muga korporal, sozial eta ekologikoen aurkako iraultza neoliberalari aurre egiteko funtsezkoak dira. Gurera etorrita, elkartegintza, sindikalgintza, euskalgintza eta bestelako “gintza” komunitarioak indarberritzeko akuilu izan daitezke -kasu askotan, izaten ari dira-.
Bestetik, feminismoak «begiei brillua» eman eta itxaropena pizteko ahala du. Horri dagokionez, deigarria da ezkerreko autoreetan gertatzen ari dena: Giorgio Agamben, Franco Berardi Bifo eta beste zenbait gizonezko mundu ilunetan iluna marrazten ari diren bitartean, Angela Davis, Luciana Cadahia edota Jule Goikoetxea itxaropena eta poza aldarrikatzen ari dira. Ez era inozo eta boluntaristan, baizik eta diziplinatuki, horretarako baldintzak sortuz. Garai hauetarako ekarpen eder bezain beharrezkoa da, egia esan.
Bai, bai, baina hori dena nola egiten da?, galdetuko du beste batek. Feminismoa teoria eta praktika multzo plural bezain gatazkatsua izanik, ez dago erantzun bakar eta errazik. Are, autore eta korronte feministen artean ere eztabaida biziak daude horren inguruan. Hala ere, gauza bat argi dago: eraldaketarako bidea erantzun horiekiko elkarrizketan egin beharko da, ez horien kontra edota horiekiko ezaxola izanez.