Galerien ateak itxita, arteari bideak zabaltzeko
Hego Euskal Herriko galeriek euren ateak itxi zituzten astelehenean eta, igandea arte ez dute jardun publikorik izango. Espainiako Arte Garaikideko Galerien Partzuergoak estatuko galeriak mobilizatu ditu Espainiako Gobernuak arte salerosketen BEZa %21ean mantendu izanagatik protesta egiteko.
Edozein kuriosorentzat ateak parez pare zabalik izan ohi dituzte arte galeriek, baina ez da kasua egunotan. Iker Antia Arteztu Galeriako zuzendaria da. Donostiako galeriak bat egin du otsailaren 2tik 7ra bitarte Espainiako Arte Garaikideko Galerien Partzuergoak bultzatutako greba deialdiarekin eta, ondorioz, larunbata bitarte «bestelako lanak egiten jarraituko dugu, baina erakusketak dohain eskaintzeko zerbitzua etenda». Protestara batu dira baita ere Donostiako Ekain Arte Lanak galeriako Rita Unzurrunzaga eta Bilboko SC Gallery + Proyects-eko zuzendari eta kultur kudeatzaile Sergio García. Hiruekin hitz egin du NAIZek.
Europar Batasunak 2022an onartu eta pasa den urtetik indarrean den zuzentarauari jarraiki, artelan, antigualeko eta bildumarako objektuen salerosketen BEZa nabarmenki jaitsi dute hainbat herrialdek. Frantses estatuan %5,5a aplikatzen da orain eta Portugalen - urtarrilean, aldaketa egiten azkena izan zen - %6a. Italiak edota Alemaniak %5 eta %7-ko zerga aplikatzen dute, hurrenez hurren. Arauak %5 eta %8 arteko zerga erreduzituak aplikatzeko aukera zabaltzen die gobernuei, baina Espainiako Estatukoak %21ean mantentzea erabaki du. Aldea nabarmena da, eta momentuz, Kultur Ministerioak zein Ogasun Ministerioak ez dute aldaketarako borondaterik agertu.
Desabantailak bigarren aurpegi bat du, 2019an Espainiako Gobernuak %10era jaitsi baitzuen BEZa kultur arloan. Baina jaitsiera horrek musika, zinema eta antzerki arloko artista, zuzendari eta teknikariei eragin zien. Kanpoan gelditu ziren arte galeriak. BEZaren inguruko tira-birak kultur arloan ez dira kontu berria, ordea. 2012ko irailaren 1ean, Mariano Rajoyren gobernupean, %8tik %21era igo zuen Espainiako Gobernuak zerga. «Egun batetik bestera izan zen. Sekulako itolarria sentitu genuen» dio Unzurrunzagak. Zentzu horretan, ez da arte galeriek halako protesta dinamikak martxan jartzen dituzten lehen aldia. Oraingoan ordea, oihartzun handiagoa lortzen ari direla deritzo Ekain Arte Lanakeko zuzendariak: «Ez dakit noraino informatua dagoen jendea, baina oraingo honetan nabaritzen ari da hedabideen eta bezeroen partetik desabantailaren berri jasotzen ari dela».
Batasuna gakoa izan dela dio Garcíak: «19 urte daramat mundu honetan eta uste dut hau izan dela deialdi indartsuena batasun bat egon delako eta ixteko erabakia hartu dugulako denok edo ia denok». 2020an Donostiako Arte Galerien Elkartea sortu zuten; sei galeria horien artean daude Arteztu eta Ekain. Bilboko kasuan ez dago elkarterik; galeria geroz eta gutxiago daudela azpimarratu du Garcíak, jubilazioak eta errelebo falta tarteko. Zentzu horretan, euskal instituzioen inplikazioa ere galdegin du. «Badaramagu denbora bat Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala interpelatzen». Besteak beste, erosketa publikoa sustatzeko beharra azpimarratzen du, «garrantzitsua da jendeak jakitea museotan ikusten diren obra asko galeriei esker daudela bertan».
ARTISTAK ERE GALTZAILE
Galeristez gain, artistek ere, eta bereziki artista hasi berriek, nabaritzen dute BEZaren desberdinkeria. Garcíak azaldutako moduan, «galerietatik euskal artisten ibilbideak bultzatzen ditugu, haien karrerak nazioartean ezagutarazi, beste galerietan esposizioak bilatu...» Antiak ere uste du artisten lanaren sostengurako arte galeriak ezinbestekoak direla: «oso espazio gutxi dituzte beren lanak erakusteko; zentzu horretan, ongi etorriak artelanak erakutsi eta gizartera iritsarazteko galeriak edota beste edozein motako espazioak ere».
Merkatuaren logika zitala da eta prezio diferentzia kontuan hartuta «jende asko egoten da itxaroten ea Euskal Herriko artista batek erakusketarik egiten duen kanpoan, han erosteko. Euskal artista askok gehiago saltzen dute kanpoan hemen baino». Nabarmendu duenez, horrek hasiberrien lana are gehiago zailtzen du. Herri zatitua da gurea eta, kasu honetan ere, eragina agerikoa da. Antiak berak eman digu alderaketaren irudikapen argigarria: 20 kilometro eskas daude Donostia eta Hendaia artean. Artelan berak %15,5ko prezio diferentzia du distantzia labur horretan. Eta kasualitateak kasualitate, distantzia berean egin du azpimarra Unzurrunzagak: «Bezeroek badakite 20 kilometrora beste prezio bat topatuko dutela eta horrek kalte handia egiten digu. Hemengo bezeroak geroz eta gutxiago dira. Turistei esker gaude tente, sentsibilitate bat dute eta hemengo artea erosten dute». Garcíak aitortu du SC Galleryren kasuan, online salmentari esker daudela zabalik.
ARTEA: ELITEENTZAKO ALA HERRITARRENTZAKO?
Negozio pribatuak dira arte galeriak, horretan ez dago zalantzarik, baina kultura eta arteaz gozatzeko aukera eskaintzen diote edonori. «Espazio ireki, doako eta kulturala gara» dio Garcíak. 2008an zabaldu zuten galeria eta hasieratik garatu dituzte egitasmoak espazio pribatu zein publikoetan. «Bai, obrak saltzen ditugu. Baina horrez gain obrak ekoizten ditugu, artisten bidelagunak gara, eduki kulturala sortzen dugu, biartekaritza lanak egiten ditugu, ikerketa...».
15 urte darama galerista lanetan Antiak «eta oraindik badira zenbait herritar erakusketak kristaletik ikusten dituztenak. Harrapatzen ditudanean beti egiten diet sartzeko gonbita». Arte galerien ikuskerarekin hausteko beharrarekin bat egin dute hiru galeristek. «Artea ez da elitearentzako». Horrez gain, arteaz gozatzeko areto ere direla gogora ekarri du Unzurrunzagak: «6-8 astero aldatzen dugu erakusketa, artistei leku bat eskaintzeaz gain, herritarrei inongo konpromisorik gabe hurbiltzeko gonbita egiten zaie. Negozioaren bitartez bizi gara, baina kultura doan kontsumitzeko aukera eskaintzen dugu aldi berean». Bide beretik García:«Agian hori da falta zaiguna, gizarteari komunikatzea espazio irekiak garela, galeria guztiak ez garela elitistak eta gure lana ere badela artisten lana irisgarria egitea».