INFO

Urko Madariagaren eta Bingen Erraztiren eguna, aukerak baliatuz

Prievidza taldearen aurka ohi baino minutu gehiago izan zituzten Madariaga Portugaleteko jokalariak eta Errazti arrasatearrak. Aukerak baliatzea, jokalari profesional izateko ametsa eta ikasketak uztartzea eta kideen laguntza azpimarratu zituzten biek ala biek.

Bingen Errazti, kantxara salto egiteko prest. (@FIBABASKETBALL)

Prievidza talde eslovakiarra FIBA Europe Cupeko ahulenen artean dago eta hortik irabazi zion Surne Bilbaok hain erraz pasa den asteartean. Beltzezko gizonak 93-51 nagusitu ziren eta, ondorioz, Urko Madariaga eta Bingen Errazti harrobiko jokalariek ohi baino askoz minutu gehiago izan zituzten. Baita minutuok baliatu ere.

Biek ala biek 11 minutu jokatu zituzten eta saskiratzeko gai izan ziren. Erraztik bost puntu erdietsi bazituen, eta errebote zein asistentzia bana gehitu bere ekarpen estatistikoari, Urko Madariagak lau puntu eta lau errebote sinatu zituen orotara, ostutako baloi bat eta txapel bat jartzeaz gain.

«Defentsan seriotasun handiz ekin diogu hasieratik eta azken emaitzan ikusi da hori», adierazi du Erraztik astezken honetan prentsaurrean. Arrasateko antolatzaileak uztailaren 30ean beteko ditu 19 urte eta ikusi egin beharko da zein neurritan ACB Ligan debuta egin izanak edo FIBA Europe Cupean tarteka kantxan aritzeko aukera edukitzeak balioko ote dion bere jokalari bizitzarako.

«Azkenean partidu hauek erabili behar ditugu, jolastu ahal dugunez, gure minutuak aprobetxatzeko eta intentsiatea defentsan eta erasoan ipintzeko», dio.

Antolatzaile gipuzkoarrak Bilbao Basketen gazte mailako taldearekin jokatzen dihardu ACB Ligak aurten osatu duen U Ligan, 22 urtez azpiko jokalarientzat osaturiko txapelketan. FIBA Europe Cupean zazpi norgehiagokatan hartu du parte eta 2,3 puntu eta 2,3 errebote pilatu ditu batez beste. Horrez gain, UCAM Murtzia eta Granadaren aurka Jaume Ponsarnauk lekutxoa aurkitu zion.

Nolanahi, Bingen Errazti Gironaren aurka U Ligako partidan Artxandako kiroldegian sartu zuen saskiratze bati esker –talde katalanari 80-79 irabazteko azken saskiratzea, hain justu– lortu du ospe apur bat, baina kantxara atera denean erakutsi duen seriotasunari esker ere.

Ingeniaritza ikaslea

Ingeniaritza Kimikoa ari da ikasten, bestalde, Urko Madariaga Portugaleteko gaztea. «Fisikako azterketa bat daukat. Ahal bezain beste ikasi dut, baina ez da erraza. Gustatuko litzaidake inoiz saskibaloi jokalari profesionala izatera iritsiko banintz, edo behintzat ahalik eta jokalaririk onena. Baina bistan da ez naizela profesionala eta ikasi egin behar dudala», onartu du.

«Ez da erraza eta ahal dudana egiten dut. Tarteka goizetan entrenatzen dugu, tarteka arratsaldetan eta zaila da azkenean ikasketak eta entrenamenduak biak uztartzea. Klase asko galtzen dituzu edo azterketa eguna aldatu behar dizute, baina nik uste merezi duela, maila honetan jokatzeko aukerak ez direlako egunero izaten», gaineratu du jokalari bizkaitarrak.

Sporting Lisboaren aurka egin zuen debuta Portugaleteko jokalariak FIBA Europe Cupean eta, era berean, oso esker oneko azaldu da prentsaurrean Martin Krampelj esloveniarraren laguntzarekin.

«Ganorazko beteranoa da Martin. Asko laguntzen digu gazteoi: akatsak behar bezala zuzentzen, aholkuak emanez, animatuz eta baloia guri ere emanez. Hobeak izan gaitezen laguntzen digu, gutaz asko arduratzen baita. Oso eskertuta nago Martinek gazteen alde egiten duen esfortzuagatik», azpimarratu du Madariagak, amaitzeko.