INFO

LABek salatu du Haurreskolak Partzuergoko hitzarmenak argitaratu gabe jarraitzen duela

Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan kateatu dira LABeko hainbat kide, salatzeko Patzuergoak berak zein Hezkuntza Sailak negoziazioa blokeatuta dutela. Lakuako Hezkuntza sailak langileekiko agertutako «begirune falta izugarria» gogor kritikatu dute.

LABeko kideak, atarian kateatuta. (LAB)

LAB sindikatuko ordezkariak Haurreskolak Partzuergoko atari nagusian kateatu dira, Hezkuntza Sailak eta Partzuergoak berak negoziazioari ezarritako «blokeo zentzugabea» salatzeko. Deitoratu dute Lakua Haurreskoletako langileenganako «begirune falta izugarria» erakusten ari dela.

Era berean, mahai negoziatzailea urgentziaz deitzeko eskaera erregistratu du sindikatuak. Izan ere, LABek gogorarazi du, lan hitzarmena sinatu zenetik urtebete igaro dela gaur bertan, zeinetan sindikatuak langileen lan baldintzak nabarmenki hobetzen zituen akordioa sinatu zuen.

Besteak beste, oroitu dute urteko lanaldiak murriztu direla, behin-behinekotasun tasa gehienez %5ean kokatu dela, ordezkapenak modu telematikoan banatzen direla eta ordezkoen araudi berria arautu dela. LABek administrazioari, beste behin ere, ardura berarekin jokatzeko exijitu dio.

Izan ere, hamabi hilabete hauetan, administrazioak oztopoak baino ez dizkiola jarri eta 2025eko uztailetik ez duela mahai negoziatzailerik deitu ziurtatu du LABek. Hau jokabide «oso larritzat» jotzen du. Egoera hau «onartezina» dela azpimarratu du eta hilabete guzti hauetan administrazioak Haurreskoletako langile guztiekiko erakutsi duen «begirune eza» salatu du. Hitzarmenean sinatutako aldagai batzuk ez betetzeaz gain, 2024an sinatu zen lanpostuak sortzeko hitzartutako mekanismoagatik sortu behar ziren 63 lanpostuak sortu gabe daudela kritikatu du LABek.

Gaineratu du blokeo egoera honek lan hitzarmenaren behin betiko sinadura eta Haurreskolak baliabide pertsonalez hornitzeko irizpideen akordioa «zentzurik gabe atzeratzea» ekarri duela.

LABek, hilabetez egoera salatu ostean, Eibarren ekintza zuzena egin du, Haurreskolak Partzuergoko atari nagusian kateatuta. Sindikatuak adierazi du Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoari dagokiela orain eskaerei arduraz erantzutea eta jakinarazi die blokeo egoerari lehenbailehen irtenbidea ematen ez badiote mobilizazioak indartuko dituela.ek