INFO

Korrika Munduan: euskararen aldeko lasterketa, mugarik gabe

Euskal Herritik harago, munduko hamaika txokotan antolatzen diren Korrikek xede bera dute: euskara ikusaraztea, komunitatea aktibatzea eta hizkuntzaren aldeko aldarria plazaratzea. Korrikak Ahizpa Txikiak ere baditu, eta hiru hitzordu izanen dira, bretoieraren, okzitanieraren eta katalanaren alde.


Korrika Munduan Euskal Herritik kanpo antolatzen diren Korrika herrikoiak dira, bertako euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatuak. Formatu txikiagoan izan arren, erranahi handiko ekimenak dira: euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta diasporako euskaldunak saretu.

Herrialde bakoitzean bere modura antolatzen da: ibilbide sinbolikoak, lekukoa eskuz esku eramatea, ekitaldi kulturalak, musika, mintzaldiak eta topaketak… Baina guztiek partekatzen dute oinarri bera: euskara erdigunean jartzea.

Hizkuntza bat herrialdez herrialde

Munduan zehar milaka pertsona ari dira euskara ikasten eta erabiltzen. Eta Korrika Munduan ekimenek indartu egiten dute komunitate hori, ikusgarritasuna emanez eta elkartzeko aitzakia paregabea eskainiz. Maiz, urteko hitzordurik garrantzitsuena izaten da bertako euskaltzaleentzat. Gainera, zubi lana egiten du: Euskal Herria eta munduko euskal komunitateak lotzen ditu, sentimendu partekatua elikatuz. Lekukoa eramateak sinbolikoki adierazten du hori: hizkuntza bat herriz herri ez ezik, herrialdez herrialde ere pasatzen da.

Urteotan Korrika Munduan ekimenak hainbat herrialdetan egin dira. Hiri handietan zein herri txikiagoetan, euskararen aldeko lasterketak bertako kaleak hartu ditu, sarri bertako jendearen jakin-mina piztuz. Horrek euskararen nazioarteko irudia indartzen du, hizkuntza bizia, komunitate aktiboa eta etorkizunera begirakoa dela erakutsiz.

AEKrentzat eta Korrikarentzat, Korrika Munduan funtsezko zutabea da: «Euskararen aldeko mugimendua globala dela erakusten du, eta hizkuntza komunitatearen indarra azaleratzen du».

Bat egin

«Euskal Herritik kanpo bizi bazara, edo diasporako komunitate baten parte bazara, Korrika Munduan antolatzeko edo parte hartzeko aukera dago», egin dute dei AEK-ko lagunek. Beren e-mail helbidearen bidez harremanetan jartzeko eskatu dute (korrika-munduan@korrika.eus).

«Kilometro bakoitzak balio du, urrats bakoitzak mezua zabaltzen duelako: euskara bizirik dago, eta munduan barrena dabil», nabarmendu dute.

Korrikaren Ahizpak

Korrikak inspiratuta, hainbat hizkuntza gutxituk antzeko egitasmoak sortu dituzte. Korrikaren Ahizpak dira. Aurten hiru hitzordu egonen dira: Katalanaren aldeko Correllengua apirilaren 19tik maiatzaren 5era eginen da. Okzitanieraren aldeko La Passem, apirilaren 30etik maiatzaren 9ra. Eta Bretoieraren aldeko Ar Redadeg, maiatzaren 8tik 16ra.

Hiru Ahizpa hauek 24. Korrikan parte hartzea aurreikusita dago eta lekukoa eramanen dute Bilbon. Era berean, Korrikak martxoaren 29ko azken jaian izanen dituen guneetako bat eskainiko die munduko lagunei: Etxepare gunea, Plaza Berrian.

Itzultzeko erronka

24. Korrikak hizkuntza-komunitatea ekarri nahi du lehen lerrora. Izan ere, «hizkuntza gutxituek gero eta erronka handiagoa dute hiztunak zein hitz egiteko espazioak eskuratzeko edo orain artekoei eusteko; horregatik, ezinbestekoa da komunitatearen pertenentzia edo identitatea hizkuntzarekin izandako gozamenezko bizi-esperientziei lotzea».

AEKren xedea Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea da, eta egoera berbera nahi luke munduko hizkuntza gutxiagotu guztientzat. Hori adierazten duen mezu bat zabaldu nahi du munduko bazter guztietan, eta ahalik eta lengoaia gutxiagotu gehienetara itzultzeko erronka jarri die mundu osoko Korrika lagunei.

Korrika Munduan-en bertze ekimen bat bideo-lehiaketa da. Bosgarren aldiz antolatu du AEK-k, Etxepare Institutuarekin batera. Bi kategoria izanen ditu: batetik, munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoak eta, bestetik, nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik jasotakoa.