Jesse Jackson, eskubide zibilen aldeko borrokalari nekaezina
Jesse Jackson buruzagi historikoa atzo hil zen Chicagon. Ameriketako Estatu Batuetako eskubide zibilen mugimenduko figurarik garrantzitsuena izan da Martin Luther Kingen heriotzaz geroztik. Eragin berezia izan zuen afro-amerikarren bazterketaren aurkako protesta eta martxetatik antolakuntza politikoa bideratzeko, eta Alderdi Demokrata AEBko gutxiengoetara hurbildu zedin.
«Gure aita zerbitzari eta liderra zen; ez bakarrik gure familiarentzat, baita mundu osoko zapalduentzat, ahots gabekoentzat eta baztertuentzat ere», dio Jackson familiak zabaldutako oharrak. «Erraldoi bat etxera itzuli da», adierazi zuen Jacksonekin eskubide zibilen aldeko mugimenduan aritutako Al Sharpton apaizak.
Jacksonen heriotzaren osteko erreakzioak eta omenaldiak berehala iritsi ziren. Zohran Mamdani New Yorkeko alkateak: «Ez dezagun hitzekin bakarrik omendu, baizik eta borrokan». Bernice Kingek, Martin Luther Kingen alabak, aitaren eta Jacksonen argazki bat jarri zuen sare sozialetan, «orain biak ditugu arbaso» esaldiarekin. «Negoziatzaile iaioa eta zubigile ausarta izan da, gizateria zerbitzatu du lasaitasuna ekarriz tentsio handiko egoeretan, eta bidezidorrak sortuz, halakorik ez zegoenean». Donald Trumpen oharrean, «naturaren indar» deitu zion Jacksoni, «haren aurretik oso gutxi bezalakoa».
Hego Carolinan jaioa, ikasketak Chicagon egin zituen Jacksonek. Artean, Martin Luther Kingek pertsonalki ezagutu ez arren, eskubide zibilen mugimenduaren (ofizialki, Southern Christian Leadership Conference, hau da, Hegoaldeko Kristauen Buruzagitzaren Konferentzia) hiri horretako kanpainetarako hartu zuen Kingek Jackson. Breadbasket (ogi saskia) operazioa abiarazi zuen 1966an, afro-amerikarren lan aukerak sortzeko helburuz eta horren aurka egiten zuten konpainien kontrako boikota bultzatzeko. Martin Luther King txundituta geratu zen Jacksonen lanarekin: «Bagenekin lan ona egiten ari zela, baina ona baino hobea da». Hala ere, Kingek kritika egin zion geroago, bakarka aritzeagatik eta ez talde lanean.
Memphisen elkartu ziren 1968ko apirilean biak, eta ika-mika bideratu zuten. Argazki ezagun batean Jackson irribarretsu ageri da King doktorearen aldamenean, Lorraine hoteleko balkoian. Hurrengo egunean, balkoi berean hizketan zeudela biak, frankotiratzaile batek Martin Luther King hil zuen tiroz. Lurrera eroritako King laguntzera makurtu zen Jackson. 39 urte zituen Kingek. Jacksonek 26. 1968ko udaberria zen, eta mundua borborrean zegoen. Vietnamen, Euskal Herrian, Parisen, Pragan eta AEBko hirietan.
Ameriketako Estatu Batuetan, Kingen hilketak berehala protesta masiboak piztu zituen, eta amorrua punta batetik bestera hedatu zen. Guardia Nazionaleko tropak atera zituen Gobernuak, dozenaka lagun hil ziren, eta hiri askotan gaur eguneraino iristen diren aldaketak gertatu ziren, kiskalitako auzuneen ondorioz. Une horretan, King doktorearen begiko ikasle izandako Jesse Jackson gaztea alkandora odolduarekin agertu zen telebistan.
OSTADAR KOALIZIOA
Aurrerantzean, eskubide zibilen aldeko mugimenduko aurpegi ezagunena bihurtu zen hurrengo mende erdian. Besteak beste, Rainbow PUSH Coalition sortu zuen, afro-amerikarren eskubideen aldeko mugimenduak beltzez gain, zuriak, indigenak, latinoak, asiar jatorrikoak zein LGBTQ komunitatea erakartzeko Alderdi Demokratako mutur progresistenean. Ostadarraren kolore guztiak nahi zituen, eta abilidade berezia zeukan zurien botoak bereganatzeko.
Ameriketako Estatu Batuetako presidentegai izateko aurkeztu zuen bere burua birritan Alderdi Demokratako primarioetan, arrakastarik gabe. 80ko hamarkada zen, Ronald Reaganen eta Alderdi Errepublikanoaren erabateko nagusitasunaren garaia, eta demokratak ez zeuden prest hautagai beltz batek ordezka zitzan Etxe Zurira bidean.
Hogei urte gehiago behar izan ziren horretarako. Jacksonek sortutako arrakaletatik lortu zuen Barack Obamak beirazko sabaia haustea 2008an. 1988ko “Keep Hope Alive” (“Eutsi itxaropenari bizirik”) leloaren antza zeukan Obamaren “Hope and Change” (“Itxaropena eta aldaketa”) lemak. Oso desberdinak izan ziren biak: Obamak gutxitan erakutsi zuen Jacksonen suhartasuna, eta sistemaren barruan asmatu zuen gora egiten, kaleko protestan baino gehiago. Piztutako mikrofono batean Jacksonek egindako kritika zorrotzak ere argitaratu ziren Obamaren kanpainan, eta barkamena eskatu behar izan zuen ordurako lider beteranoak. Handik gutxira, Obamaren garaipenaren gauean, Jackson hunkituta eta begiak blai grabatu zuten. Ez zen bakarra izan gau hartan. Obamaren garaipena afro-amerikar herritarren 60 urteko borrokaren ondorio zela adierazi zuen Jacksonek.
2017an parkinson gaitza atzeman ziotenean lehen lerrotik erretiratu zen Jackson, baina azken unera arte jarraitu zuen afro-amerikar komunitatearen alde eta arrazismoaren aurkako borrokan. Duela ia sei urte George Floyd hil zutenean Minneapolisen, bertako manifestazioetan parte hartu zuen. Hura hil zuten lekuan loreak uzten ari zela salatu zuenez, «eskubide zibilen borroken garaiko hilketa makurrenak beste behin bizitzea bezala izan da».