Martxel Toledo Garmendia
Euskal Selekzioa Bai

2001 Japonia; 2016 Herbehereak. Hain urrun, hain gertu. Zorionak!

Igandean amaitu zen Herbeheretako Volendam herrian goma gaineko munduko sokatira txapelketa eta bertan, 24 naziotako ordezkariak  aritu dira lehian besteak beste, Euskal Herria, Erresuma Batua, Italia, Frantzia, Suitza, Suedia, Belgika, Israel, Japon, Txina, Tailandia, Herbehereak, Hegoafrika, Singapur, Txina Taipei, Makao, Ukrania, Irlanda, Ipar Irlanda, Eskozia…

Euskal Herritarrei dagokionez, hegoaldetik joandako, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Murueta eta Sokarri taldeak Basque Country izenarekin lehiatu zuten, eta Iparraldetik joandako Baiona Indarka, Ñapurrak eta Zuraidarrak berriz Frantziaren izenean aritu ziren. Euskal tiralariek, izugarrizko maila erakutsi dute eta oker ez banabil, guztira 13 dominekin itzuli dira etxera, kluben mailan lortutako 8 eta, nazio gisa, Basque Countryrekin lortutako beste 5. Beraz, ezin ukatu izugarrizko lana egin dutela guztiek. Eta kirol mailan lortutakoa zorionak ematekoa bada, are gehiago egin duten moduan, zeren oraingoan ere,  2014ean Madisnonen, (EEUU),  bezala, Basque Country izenarekin lehiatuz lortu dituztelako, alegia, “gu geu” izanez. Bada zerbait. Bejon deizuela!

2001ean, Akitan (Japonia) kirol ez olinpikoen goma mailako munduko sokatira txapelketa jokatu zen eta bertara lehiatzeko asmotan hainbat euskal talde joan ziren. Baina txapelketa hasi bezain pronto, euskal talde guztiak, txapelketatik kanporatuak izan ziren  TWIFeko Co Coren presidente ohiak hartutako erabaki trakets eta mingarri baten ondorioz. Kanporatzearen delitua?, Sakanako neska taldeak 420 kilotan urrea irabazi eta podiumean antolakuntzak Espainiako ereserkia jarri ziotenean, alde egitea erabaki zuelako. Eta bide batez, baldintza berdinetan hurrengo eguneko 520 kilotako lehiaketan ez partehartzea erabaki zutelako. Eta kanporatzeko arrazoi gisa TWIFek hori azaldu arren, nire ustetan, Co Coren eta bere agindupean zegoen nazioarteko federazioaren mendekuan datza.

Betidanik, hori gertatu artean, TWIF (Nazioarteko Kirol Federazioa) eta EHKF (Euskadiko herri kirol federazioa)ren arteko akordio baten ondorioz, euskal tiralariak, nazioarteko txapelketa ofizialetan bere jantzi propioarekin parte hartu izan dutela eta domina lortuz gero, Espainia edo Frantziako ereserkiaren ordez, Nazioartekoa, alegia TWIFekoa jartzen ziotela. Baina lehiaketa horretara iritsi aurretik eta sokatira kirol olinpikoa bihurtzeko aitzakia hartuta, TWIFek seguruenik Espainiaren babesarekin, aipatu baldintzak gogortu egin zituen eta euskal tiralariei, espainiar edo frantziar gisa lehiatzeko aukera baino ez zioten eman. Eta euskal taldeei baldintza hori gustatu ez arren, txapelketan parte hartu edo ez erabakitzeko orduan, batzuk, kirol ikuspegitik begiratuta onartzea erabaki zuten. Baina Sakanako neska taldeak  parte hartzeko prest egoteaz gain, nazio aldarrikapena azken muturreraino eramateko determinazioa hartu zuen. Eta aipatu bezala, ondorioak larriak izan ziren, denak etxerako bidea hartu behar izan zutelako. Eta jakina,  horrek euskal taldeen barruan hainbat egonezin eta haserre sortu zituen, batik bat, etorkizunari begira selekzio eta klub gisa nazioartean ofizialki aritzeko betirako ateak ixteko arriskua ere ikusten zelako.

Baino mendekuen ondorioz eta urte batzuk nazioartean lehiatzeko aukerarik gabe egon arren, euskal sokatirak aldarrikapenari tinko heldu zion eta, euskal federazio eta tiralarien ordezkariek TWIFekin izandako negoziazio luze eta gogor batzuen bitartez,  aurreko egoerara, alegia, 2001 aurretik zegoen baldintzetara itzultzea lortu zuten. Hasiera baino ez zen izan.

Bidea eginez ekin egiten dela eta, parte hartzeari uko egin gabe, orain bi urte berriz, 2014an  hain zuzen eta Co Corenik gabe, TWIFek ofizialki onartu zuen aurrerantzean euskal herritarrak, Basque Country izenarekin, alegia, Euskal Herria gisa lehiatzeko aukera izango zutela.

Beraz, urte hauetan herri kiroletako ordezkariek zein tiralariek isilpean egindako sukalde lana, goraipatzeko eta zoriontzeko da, denok ikusi eta amesten genuena, nazioarteko txapelketan, euskal selekzio gisa aritzea zelako. Eta hori, gutxienez, hegoaldeko sokatiralarientzat lortuta dago. Orain, hurrengo urratsa, Iparraldekoei, beraiek horrela nahi izanez gero,  aukera hori beraien esku jartzea izan beharko luke. Ulergaitza baita, modalitate batean Euskal Herriko txapelduna izatea eta gero, nazioartean, oraingoan gertatu den bezala, Frantzia ordezkatuz aritzea. Galdera da, beraiek horrela erabakita ote? Edo eta bi Estatu ezberdinetako kirol lizentziak dituzten heinean, arazo administratibo baten ondorioz eragindakoa izan da? Motiboa edozein izan da ere, zer pentsa ematen du. Ezjakintasunean sortzen zaizkidan zalantzak baino ez dira.

Orain, Herbehereetatik bueltan, euskal tiralariek merezitako ongietorriak eta omenaldian jasotzen ari dira egun hauetan. Eta bat batean, 2001ean Akitan (Japon) Joko ez Olinpiko lehiaketatik kaleratu ondoren etxera bueltan Loiuko aireportuan ESAITek antolatuta egindako az gogoratu naiz, batzutan, galdutakoan ere, irabazten ari garelako. Nik behintzat ez dut zalantzarik, egun sokatiran Basque Country izenarekin euskal selekzioak nazioartean ofizialki lehiatzea lortu bada, besteak beste, azken urteetako txanpa honetan gauzak ongi egindakoarekin batera, hasieratik aldarrikapen hori aintzat hartuta sokatirako munduak guztia eman dutelako izan dela. Horregatik, 2001 Japon; 2016 Herbehereak, hain urrun, hain gertu.  

Buscar