Kattalin Miner
GAUR8

28 otarrain

Askotan, txarra izan daitekeen zerbait gertatzen zaigunean, inguruan beste batzuei ere pasa izan zaiela pentsatzeak sozialki kontsolatzen gaitu.

Horrek berak, bide batez, logika guztiak bete eta hausten ditu aldi berean. Baina bestalde, askotan sozialki oso txarra izan daitekeen zerbait gertatzen zaigunean, demagun, harreman sexual edo afektibo bat amaitzea (drama!), lanetik kaleratzea edo inguruko norbait hiltzea (hiru topiko aipatzearren), ingurukoak berdin egoteak ez gaitu kontsolatzen eta oro har bost axola digu.

Lagun batek dio, eta nik neuk sinetsi izan dut, hainbat gauza oso txarrek, aipatutako hiru horiek esaterako, domino efektu bat ekartzen dutela atzetik. Hau da, zurearen edo bestearen atzetik gehiago etortzen direla ezinbestean.

Hori tontakeria estatistiko hutsa izan daiteke, egia da, baina honi jarraiki, azken urteetan behintzat krisi handiak ikusi ditut lagunarte, militantzia inguru eta poteoko lagunen artean. Krisiak diot, krisi existentzialak, antsietate krisiak, depresioak eta halakoak. Eta ikusi dut nola, bata bestearen atzetik erori diren (eta garen) halako zurrunbilo konplexuetan.

Gure lagunarte, militantzia, inguru estuenean bestalde, krisi handienak jota ere ez ohi dugu umorerik galdu. Nik beti diot, otarrain emeak bezalakoak garela. Azalduko dut. Jakina da otarrainak egosteko, bizirik sartzen direla irakiten dagoen ur lapikoan. Diotenez, ordea, errazagoa da otarrain emeak irakitea arrak baino. Izan ere, otarrain ar bat baino gehiago sartuz gero lapikoan, tapa jarri behar izaten da haien artean gutxienez bat salbatu dadin eskailera moduko bat egin eta ihes egiten saiatzen direlako.

Otarrain emeak ordea sororidade etsi batean, ala beste era batera ikusita «denak ala inor ez» filosofia bati eutsita, haien pintzak elkar estutu eta lapikoaren hondoan eusten diote elkarri hil arte.

Nik neuk horregatik egiten diot burla gure buruei, bat gaizki dagoenean denok nola gaizkitzen garen ikusita, eta hobe bagaude laguna atzean gaizki eta bakarrik utzi ordez nola eutsi izan diegun egoera autoapurtzaile kolektiboei.

Otarrainen metaforarekin jarraituz –askotan kontatu izan ohi baitut bazkalostean edo poteoan (egiari zor, gutxitan otarrain bat esku artean dudalarik)–, lagun batek aurrekoan esan zidan ez zitzaiola ongi iruditzen jarrera feminizatu gisa soilik ikustea, izan ere, eta buelta eman genion teoriari hirugarren ardoarekin bat, iruditzen zitzaigun edozein identitate zapalduren biziraupen, autodefentsa eta memoria estrategia izan zitekeela sarri. Ez genuela otarrain ar izan nahi.

Emeena izan zitekeela modu bat zapalduta edo hondoratuta dagoena bidean ez uzteko, zaintza kolektibo bat praktikan jartzeko, denon artean eusteko eta zapalkuntzak bistaratzeko. Bestalde, segituan bota genuen bertan behera otarrain emeen aurkako teoria (ziur androzentrista), eta esan genuen, ziurrenik otarrainek ez zutela elkar heltzen hondoratzeko, elkarri gora tira egin nahian baizik. Inork ez duela dokumentatu eltzetik irtetea lortu zuten haien kasua. «Araua baieztatzen duen salbuespena» deituko ziotela ziurrenik hari ere. Baina ohituta gaudela gu historia erreskatatu eta berrasmatzen.

Hala, borroka oro, batez ere, herri honetako borroka asko ikusi genituen bat-batean otarrain emeak bezala. Epikotasunik galdu gabe elkarri helduta, inor atzean utzi nahi izan gabe. Akaso, azken aldian, «eutsi gogor, ez askatu» bat oihukatuz elkarri.

Euskal Herrira iraila gogor bat datorkigu, egia da, baina ohituta gaude, urteak dira eltzetik ihes egin nahian borrokan dihardugula eta beroa jada ez da hain itogarria. Eltzearen ertzak laztantzeko aukera ikusten hasi behar genuke eta ari gara, eta hala, azken bulkadaz, 28 otarrainek ere eltzea atzean utzi arte eutsiko du herri batek. Seguru.

Buscar