3.182 egun... Eskerrik asko Larrabetzu!
Gauzak ez dira horrela.
Gauzak horrelaxe daude...
2015eko ekainaren 13an hasi zen bidaia hau, nire lehen osoko bilkuragaz, eta gaur amaituko da, hauxe izango da-eta nire azken osoko bilkura.
Hasteko, esan gura dot erabagia guztiz pertsonala dala. 3.182 egun daroadaz Udalarentzat eta Udalerriarentzat lanean, eta hori lan hori beste gauza guztien ganetik ipini dot. Baina, azken hilabeteotan, motxila honek pisu handiegia dauka. Azken urte honeetan gauza garrantzitsu larregi itxi dodaz bigarren mailan, eta azken urtea bereziki gogorra izan da.
Beste alde batetik, Legegintzaldi honetan itxiko nebala alkatetza erabagi genduan Udal-hauteskundeen aurretik. Eta ziur nago Amaiak eta zinegotzien talde osoak lan ona egingo dabela aurreantzean bere. Eurak aurrera begira dagoz, gogotsu eta prest.
Baina nik, zuon baimenagaz, atzera begitu gura dot gaur:
Lehenik eta behin, esan gura dot badakidala urte honeetan akatsak egin dodazala, eta benetan sentiduten dodala akats horreek bizilagunei eragin ahal izan deutsezan ondorio negatiboak. Zinez, beti saiatu naz akatsetatik ikasten eta aurrera egiten. Baina, egia esan, oso gitxi izan dira bidaia honetako esperientzia negatiboak. Eta, jakina, ez dot barriro denporarik galduko merezi ez daben personakaz eta merezi ez daben asuntoekaz.
Alkatetzan jardun dodan bitartean hamaika esperientzia on bizi izan dodaz, eta horreek dira garrantzitsuak. Onena, zalantzarik barik, herriko taldeakaz eta auzokidekeaz lan egin ahal izatea izan da, Larrabetzu hobea egiteko kezkak eta ahaleginak partekatuz. Zalantzarik barik, esan ahal dot 8 urte honeetan herri guztiarentzat gobernau dogula, herritar guztiontzat egin dogula lan. Eta apaltasunetik, esan ahal dot jente asko etorri izan jatala horixe bera esatera. Eskerrik asko! Herri txiki handi bat gara, eta, gure txikitasunean, komunidade erraldoia osatzen dogu Larrabetzun, eta hori zaindu egin behar dogu.
Beste alde batetik, besarkada bat bialdu gura deutset Euskal Herriko hainbat esparrutan herritarrentzat lan egiten daben persona guztiei. Ohore eta plazer handia izan da hareekaz hainbat forotan lan egin ahal izatea: Udalbiltza, Eudel, Hobeki Elkartea, Uema, Euskal Fondoa, Saharako Lagunak...
Era berean, argi daukat bidaia hau guztia talde-bidaia bat izan dala. Lan guztia eta fruitu guztiak posible izan dira, hain zuzen bere, lan talde bat egon dalako nigaz batera beharrean. Halandaze, besarkada handi handi bat bidaia honetan nigaz batera gozatu eta sufridu daben zinegotzientzat. Eskerrik asko! Zuek barik ezer ez zan posible izango. Baita be eskerrik asko Udaleko langileei eta inguruan lan egiten daben teknikoei. Udal-langileak dira Udalaren gorputza eta eskeletoa. Beharrezkoak dira. Beste besarkada bat oposizinoko zinegotziei, diranei eta izan diranei, hareen lana barik ez zan-eta ulertuko Larrabetzuko aniztasuna.
Eta amaitzeko, ezin dot agur esan eskerrak emon barik nire alboan beti egon diran senide, lagun eta persona guztiei... Batez be, unerik gogorrenetan eta esker txarrekoetan beti hor egon diranei. Eskerrik asko danori! Maite zaituet! Egia esan, beti sentidu izan dot jente desbardin askoren maitasuna eta babesa. Zuek barik ez zan posible izango 104 hilabeteko bidaia ahaztezin hau.
Harro egoteko modukoa izan da Larrabetzuko alkatea izatea, beti bihotzean eroango dodan esperientzia ahaztezina. Eskerrik asko, Larrabetzu!