Angel Oiarbide, Zelai Nikolas
Gure Esku Dago

34 herri, 113 hautetsontzi, 37.000 boto. Eta orain zer?

Zorionak. Abiatu dugun erronka honek arrakastarik badu, eta izango du, joan den ekainaren 5ekoa aro berri baten irekierarako urrats izugarri gisa geratuko da denon buruetan.

34 herri «soilik» ziren, 113 hautetsontzi eta 37.000 boto. Bide luzea dugu egiteko, 125.000 balizko boto-emaileren eremuan jarritako haziak 3.000.000ko herri honen erabakiari erantzun diezaion. Zorionak esan behar diegu lanean aritu diren ehunka boluntarioei; zorionak, lehen aldiz biharko Euskal Herriari buruz botoa eman ahal izan duten 37.000 herritar horiei eta, zorionak, 34 herri horietako 150.000 biztanleei, erabakiaren aroa normaltasunez eta jai giroan gauzatzea ahalbidetu dutelako den-denek.

Bi modutara balora ditzakegu, gutxienez, ekainaren 5eko emaitzak, mobilizazio ikuspegitik eta galdeketa baten perspektiban. Harritu gaitu, onerako, bigarren horri heldu diotela hedabide eta herritar gehienek. Hori bera oso garrantzitsua dela uste dugu, erakusten baitu herritarrek antolatutako galdeketa bati aitortzen zaion zilegitasuna; badela modurik eta erarik herritarrek elkarrekin prozesu adostu bat bideratu eta hautetsontziak kalean jartzeko.

Parte hartzaileen %95ek baietz erantzun zieten estatu burujabe/independente galderei, eta 1.385 herritarrek ezezko botoa eman zuten. Nabarmendu behar dugu Gure Esku Dagok berebiziko indarra egin asmo duela hurrengo hilabeteetan ezezko botoa emango luketenak ere erabakiaren arora batzeko. Erabakia gauzatuko bada, ezinbestekoa da denon parte hartzea. Normala da abiapuntuan egoera aldatu nahi duten sektoreen artean egotea mobilizazio handiagoa, eta agerikoa da galdetu den eremuan ezezkoen kopurua askoz ere handiagoa izango litzatekeela galdeketa loteslea balitz. Zereginen motxilara batu ditugu datu guztiak, noski, baina elementu denak kontuan harturik, eta autokonplazentzian erortzeko izurik gabe, helburuak beteta eta oinarri sendoa jarrita utzi du ekainaren 5ak.

Dinamika hau 150.000 herritarrek osatutako irribarre erraldoi batekin sortu zen. Dena laudorio, dena handi eta dena eder marraztu genuen orduan. Baina egun horretan bertan esan genuen handia zela egin genuena baina euskal herritarren %5 ginela irribarre hori osatu genuenak, eta ondorioz, izugarrizko bidea genuela egiteko. Orain, dinamika honek neurgailua ez du jarri mobilizazio ikusgarrietan, neurgailua orain gure egiazko herrian, herritar denengan, jarri dugu eta deitutakoen %30ek beren egin dute erronka; nabarmendu beharreko jauzia da.

Etxarri Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon jarritako kimuaren atzetik iritsi dira 34 herri hauetako galdeketak. Zergatik horietan? Eremurik «errazena», pentsatuko dute batzuek. Erabakiaren bidean ez da pauso errazik, gogoz lan egin behar izan da herri horietako bakoitzean urte luzez elkarri bizkar izan diren herritarrak elkarlanean jartzeko, eta dagokien aitortza merezi dute lanean aritu diren guztiek.

Nola amaituko den hau guztia ez dakigu. Etengabeko eraikuntza prozesu bat da. Uste dugu erabakiaren aroa lurralde osora hedatu ahala galdera ezberdinak proposatuko direla galdeketetan, eta galdeketa horietako bakoitzean sektore, ikuspegi, identitate eta perspektiba ezberdinak batuko direla.

Horregatik, Eskura prozesuaren baitan mahaigaineratu genuen prozesu horiek guztiek adostasun zabalago batean topatu behar zutela konfluentzia. Ez dakigu erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duen itun zabal bat izango den azken emaitza, nahikoa herritar eta konfiantza eraikiko den «E» egun izugarri bat deitzeko, bidean gure herriaren errealitateak aukera berriak eskainiko dizkigun, azkartu egingo dituenak erritmoak edo oztopo berriak sortuko diren galga gisa.

Geure buruari jar geniezaiokeen helbururik handiena jarri diogu, erabakitzeko eskubidea gauzatzea, baina 2018a ez da totem bat, lanerako erreferentzia gisa definitu dugu data hori. Prozesuan zehar eraikitako adostasunak, sorturiko bide berriek, ezinek eta aukerek definituko dute erabakiaren aro gisa definitu dugun bidearen amaiera.

Ekainaren 4 eta 5eko asteburuan lehenbizi eta hurrengoan gero, adierazi dugu ireki nahi dugun aro horren ezaugarri nagusia zein den: tokian toki, eraikitzeko gai garen adostasunaren neurriko urratsak egitea. 34 herritan galdeketak izan ziren, hiri handiagoetan galdeketa antolatzeko borondatea eta lehen ernamuina jarri zuten, galdeketa berriak iragarri dituzte beste 60 herritan…

Erronka ez da horrenbeste parte hartze handiagoak lortzea, antzeko prozesu bateratzaileak Euskal Herri osoan lortzea baizik. Tokian tokiko errealitateak izan behar du oinarri, eta adostasuna eta elkarlana bide. Erronkaren maila ikusita, «hauek burutik daude!», esango du baten batek, «ai amigo» ez da bide errazik, ibiliaren ibiliaz urratu artean.

Errealitate berri bat sortzen ari garela uste dugu. Biharko egunean denok batuko gaituen bide komun baterako orube oso garrantzitsua eraikitzen ari gara, norbera nondik datorren baino elkarrekin nora joan nahi dugun adosteari ekiteko bide eman dezakeen aro berri bat. Noski, ez gaude munduan bakarrik eta badakigu. Zorionez, alderdiek, erakundeek, eragile sozial eta sindikalek… denek dute euren helburuen baitan erabakitzeko eskubidearen gauzapenari loturiko proiekturik. Iritsi behar du egunak guztiaren konfluentzia moduko bat izango dena. Herri honek erabakiko badu, denaren eta denen konfluentzia egoera aurrez ikusi gabekoa beharko baitu, eta hor denok egongo gara, edo ez da erabakirik izango.

Euforiak xinaurri lanari egin behar dio leku orain. Behar dugu baliatu aukera hau herritarrei dinamika sustatzeko eta laguntzeko deia egiteko. Herri batzordeetan parte hartuz, aldian behin norberak ahal eta nahi duen neurrira bere ekarpena eginez, norbere denbora eskainiz, diru ekarpena eginez, bazkide egin eta dinamikaren egunerokoan sartuz (gureeskudago.eus helbidean informazio guztia).

Ez dugu ziurtasunik saltzeko, konbentzimendua eta irribarre bat besterik ez. 500 kilometrora dauden ezinei baino bertatik bertara ditugun aukerei begiratzeko grina, elkarrekin aritze hutsak sortzen duen ilusioa erregai eta «jende zoriontsua herri libre batean» amets. Bai, posible da; XXI. mendean «etorkizun», «elkarrekin» eta «erabaki» hitzak idatzi ahal ditugu eta hori gure esku dago. Zorionak denoi!

Buscar