Abandonatutako basozaintza
Arruti eta Ariztimuñoren baso politika ezak itxurakeria egitera behartu ditu irudi ekologiko bat sortzeko asmoarekin
Xabier Arruti eta Arantxa Ariztimuño jaun-andreak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua eta zuzendaria, hurrenez hurren, 2015. urtetik dabiltza nekazaritza zein mendi alorreko gaiak kudeatzen eta zuzentzen. Haien esku egon dira hiru legegintzaldi luze hauetan mendi eta baso politikak. Horretarako, formazio, jakintza eta gaitasun osoa duten eta zegokien oposizioa gainditu duten teknikari, basozain eta langile funtzionarioez osaturiko Mendi Zerbitzu osoa zuten eta oraindik daukate, beren egitasmoak betetzeko. Baina hori nahikoa ez eta beren gustuko eta moduko administrazio paraleloa sortu nahi izan dute.
Horrelako helburua lortzeko, lehenik, dagoena usteltzen utzi behar da. Urteetan pairatu dugu departamentuko langileok antolakuntza eta lan ildo zehatzen falta. Hasteko, Mendi Zerbitzuko aurrekontuak hustu, lan taldea desantolatu, kaosa sortu eta utzikeria zabaldu. Ondoren, hori «konpontzeko» makilatxo magikoa atera eta Basotik bezalako fundazio sasipublikoa sortu dute, diru publikoz puztuta eta karguak gertuko ezagunekin betez. Esaterako, horren buru exekutiboa den Jon Ander Ostolaza, zeinak mendiko ezagutza sektoretik kanpoko enpresetan garatu duen. Mendi pribatuen abandonuari aurre egiteko sortua omen da “Basozaintza aurreratua” leloa duen fundazioa. Iraingarria, benetan, bere esku Aldundi barnean zegoen Basozaintza alde batera utzi eta fundazio bati oparitzea betebehar hori.
Basotik-en asmoetarako abandonatutako nahi beste mendi ez eta propaganda egin behar haien ideiak zabaltzeko. Horretarako, Aldundiaren eskutik urtero gipuzkoar guztion diru kutxa publikoko sosekin puzten ari dira fundazioa. Mendi kudeaketara zuzenduta behar lukeen aurrekontua txirrindulari taldeen babesle bihurtu da: txirrindulari festak, lasterketak eta zikloturista martxak antolatu ditu kirol arloan; Baso Behatokia eta BasoHUB inkesta tresnak martxan jarri ditu, Baso bainuak eta terapia saioak antolatu ditu... hori guztia denon dirua xahutuz. Eta hara, orain azkena: “Basozaindariak programa” sortu du Real Sociedad Fundazioarekin batera, herritarrak zuzenean basoen kontserbazioan inplikatzeko!
Aspalditik dugu Gipuzkoarrok entzuna eta ulertuta mundu mailan erabilia den greenwashing kontzeptua edo zuriketa berdea, itxurakeria ekologikoa. Enpresek, edo, kasu honetan bezala, erakundeek, ingurumenarekiko konpromiso jasangarria dutela saltzeko erabiltzen duten marketin teknika engainagarria da, benetan halakorik egiten ez dutenean. Arruti eta Ariztimuñoren baso politikek edo, hobeto esanda, benetako baso politika ezak itxurakeria egitera behartu ditu irudi ekologiko bat sortzeko asmoarekin eta gizartearen kritikak saihesteko. Hitz lausoak erabiltzen dituzte: «naturala», «jasangarria», «basozaintza aurreratua», «baso zaindariak». Publizitatea baino ez, baso politikan neurri eraginkorrak hartu beharrean.
Horren lekuko, legegintzaldi honetan Batzar Nagusietan izandako basogintzari eta baso politikari buruzko ponentzia, non aurrez idatzitako gidoi eta helburuak jasotzen zituen txostena onartu zen, hainbat aditu, ikertzaile eta zientzialariren iritziak alde batera utziz.
Lurralde (des)Oreka Berdeko Departamentuko buruak ekopostureoan dabiltza. Baso politika aurrerakoiak, jasangarriak, ekonomiaren defentsa eta ingurumenaren babesa uztartuko dituztenak, trantsizio ekologikoa bermatuko dutenak, larrialdi klimatikoari aurre egingo diotenak, ura, lurra, airea, paisaia, pertsonak, biodibertsitatea eta ingurumena babestuko dituztenak abandonuan utzi dituzte.
Xabier Arruti diputatuak Mendi Zuzendaritzako herri langileak ditu tresnarik eraginkorrenak. Aldundiko Gobernuaren esku dago zerbitzu publikoa indartzea, alde batetik giza baliabideei balioa emanez eta haiek handituz, Basozaintza bultzatuz eta bestetik aurrekontuak erronkaren tamainara egokituz.
«Abandonatutako basoak» bakean utziz gero, denboran zehar jarraituko dute eta baso bihurtuko dira, denon ondarea den biodibertsitatearen gordailu eta beharrezkoak ditugun lehengaien iturri. Orduan ez dira abandonatuak egongo. Aldiz, aspalditik abandonuan dago Mendi Zuzendaritza, eta hala jarraituko dugu Arruti jaunak erabiltzen duen «ekohiztegi» hori eta aurrera daramatzan baso politika horiek abandonatzen ez dituen bitartean.