Pello Otxandiano Kanpo
Sortu

Abiapuntu berri bat

Abiapuntu honek euskal publikotasunaren adieraren gaineko lurzoru komun bat eskatzen du, Euskal Eskola Publiko burujaberako trantsizio-bidea elikatzea posible egingo duena.

Udaberria euskal hezkuntzaren aldeko jaiak ospatzeko garaia izaten da gurean. Beste hainbaten artean, Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu dira berriki Lekeition eta Oreretan. Ez dira edozein leku egungo euskal hezkuntzaren panoraman: Hezkuntza, pausu bat haratzago jardunaldien lekuko izan da aurten lehena eta esku-hartze komunitario berritzaile baten esperimentazio gunea izaten ari da bigarrena. Egoera korapilatsuan, bide berrien bila inertziak hausteko saiakerak biak, begirada sakontzera gonbidatzen gaituzten argi printzak.

Diagnosia

Hezkuntzaren panorama pil-pilean dago azken boladan. Sindikatuek deitutako grebek eta jatorri eta klase segregazioaren harira sortutako eztabaidek hartu dute protagonismoa. Hezkuntza publikoaren degradazioa eta ikastetxeen artean gertatzen ari diren segregazio prozesuak kezkagarriak dira oso, ez Euskal Herrian soilik, beste lekuetan ere halaxe izaten ari da. Kataluniara begiratzen badugu, adibidez, gatazka eta eztabaida berdintsuetan dabiltza.

Gaude gure gizarteen demokratizazioaren alde ari garenok hezkuntzak gure herrien garapenean duen garrantziaz oso kontziente garela, eta antzerako larritasunez bizi dugula garai hau. Hezkuntza kalitatean eman ditugun atzerapausuak zein gure herri eta auzoetan areagotzen ari diren segregazio egoerak ez baitira fenomeno azalekoak, ez eta modu partzialean atzeman daitezkeenak. Aitzitik, egiturazkoa den egoera baten sintomak dira, beste sintoma batzuekin kateatzen direnak: gurea bezalako gizarte konplexuetan pertsona kritikoak hezteko beharrezkoak diren baliabide metodologiko eta pedagogikoen gabezia, hezkuntza proiektuak heziguneetan finkatu eta egonkortzeko ezintasuna, hizkuntza ereduen sistemaren topeak, euskal kulturaren transmisiorako hutsuneak –Elkarrek egindako ikerketak behar besteko oihartzun soziala izan ez duelakoan gaude–, segregazioak –hizkuntzagatikoa edo generoagatikoa ere bai–, ezkutuko pribatizazio prozesuak eta abar.  

Demokraziaren pribatizazioak eta autoritarismoak, sakoneko bi prozesu inbolutibo hauek, erasaten dituzte gure autogobernu sistemak, gureak eta beste edozeinenak. Ezinbestekoa zaigu Euskal Herria astintzen duten gertakari eta fenomeno sozial, ekonomiko eta kulturalak testuinguru globalean kokatzea, ikuspegi estrukturala behar baitugu gauzak ulertu eta aurrerabideak pentsatzeko: Espainiak zein Frantziak bizi duten estatu krisia krisi politiko global baten parte da eta krisi politiko global hau –demokrazia liberalaren krisia– kapitalismo finantzario globalaren krisi sistemikoaren adierazpen bat.

Testuinguru honetan Euskal Herria (des)egituratzen duten autogobernu sistemen narriadura sakona da. Gaur, modernizazioaren jauzi berri baten testuinguru historikoan –globalizazioa, digitalizazioa, sakoneko aldaketa kulturalak eta abar–, gure egitura instituzionalak inoiz baino gaitasun urriagoa du Euskal Herriaren metabolismo sozial, ekonomiko eta kulturala bermatu eta birproduzitzeko. Botilak zuloa du. Diagnosi hau baieztatzen duten adierazleak ugariak dira, eta noski, egoera honek bete-betean jotzen ditu Euskal Herrian ezarri diren hezkuntza sistemak.

Gure hezkuntza sistemen diagnosi zorrotz bat eginez gero, hasieran aipatu sintoma guztiak mahaiaren gainean jarrita, agorpen egoera bat marrazten da. Diagnosian ondo asmatzea da lehen lana, eta akats larria litzateke panorama hau modu partzialean irakurriko bagenu edota koiunturala izan daitekeela usteko bagenu. Prospekzioen arabera krisi egoera orokor honek Euskal Herrian sortzen dituen ondorioak larritu egingo dira datozen urteetan. Hezkuntza sistemei zuzenean eragiten dieten bi fenomeno konkretu aipatzearren –bi baino ez–, desoreka demografikoak eta migrazio fluxuek gora egingo dute datozen urteetan. Halaber, Espainia eta Frantziaren birzentralizazio prozesuak ez dira etengo eta jo-puntuan izango dute hezkuntza. Ondorioz, egiturazkoa den agorpen egoera honen aitzinean, herri ikuspegi sendoko esku-hartze publikorik gabe, egoerak okerrera egingo du nabarmen.

Askotan esan izan dugu iragan ziklo politikoan Euskal Herria gai izan zela, herri ekimenez, premia sozial oinarrizkoei erantzuteko. Hezkuntza mugimendua aintzindaria izan da horretan, ezbairik gabe. Herrigintza lan kolosala egin da ikastola mugimenduaren eskutik zein sistema instituzionalaren baitan garatu diren eskolen eskutik. Aitortza zor zaie, baita ere, hezkuntza ez-formal eta informalean aritu diren elkarteei. Alta, gaur, euskal hezkuntza mugimendua biribilgune batean ari da bueltaka orain artean eraikitakoa birrintzen ari den bitartean.

Publikotasuna

Aurrerabideak pentsatzeko gogoetak sakona behar du beraz, esan bezala, diagnosi zorrotz batetik abiatzen dena. Bigarrenik, zein da Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua? Zein da berdintasuna, elkarkidetza eta kohesio soziala eraikitzen lagunduko duen eskola eredua? Eta zein hezkuntza sistema eskatzen du eskola eredu horrek? Hirugarrenik, zein da helburu horretara hurbilduko gaituen trantsizio-bidea? Zeintzuk berritu beharreko konpromisoak?

Susmoa dugu lehen eta bigarren ataletan herri adostasunak erdiestea ez litzatekeela hain zaila. Hezkuntza eragileekin, eragile politiko eta sindikalekin izan ditugun harremanetan, eztabaida gaiak badiren arren, sintonia topatu dugu batzuk eta besteok egiten dugun diagnosiaren eta gure herriarentzat desio dugun hezkuntza ereduaren inguruan. Adosbidea hirugarren atalean hasten da trakesten, publikotasunaren eztabaidara ailegatzen garen unean, hain zuzen. Azken 30 urteetan arrastaka dakarkigun korapilo nagusi hau askatu gabe ezin aurrera segi.

Eta bai, eztabaida honi heldu behar zaiolakoan gaude: zer den publikoa eta zer pribatua, nola ulertzen dugun publikotasuna. Zein da XXI. mende globalizatu honetan gure herriaren demokratizazio prozesuak eskatzen duen publikotasun eredua? Lehenik eta behin, esan behar da, ez dela hezkuntzari soilik eragiten dion eztabaida bat, eztabaida honen interesa ez dela hezkuntzaren mundura mugatzen, alegia. Aitzitik, Euskal Herriaren instituzionalizazio prozesuaren nolakotasunaren muina ukitzen duen gaiaz ari gara: botere politikoa nola antolatu behar dugun, edo nahi bada, nolakoa behar duen euskal estatugintzak.

Bigarren, eztabaida hau 2019an bizi dugun testuinguru historikoan kokatu behar da, publikotasunaren eztabaida ez baita orain 30 urteko eztabaida berdina. Egin diogu erreferentzia testuinguru globalari eta aipatu dugu gure autogobernu sistemaren zaurgarritasuna; eta, errealitate horren baitan, hezkuntza sistemaren agorpenaren nolakoa. Gehitu horri, positiboan, fase politiko berrian indartzen ari diren dinamika autoeratzaileak –aldaketa Nafarroan, Lurralde Elkargoa Ipar Euskal Herrian, estatus politikoaren eztabaida Erkidego Autonomoan–. Ezin dugu eztabaida hau 1993ko parametro berdinetan egin.

Demokraziaren pribatizazioaren garai historiko honetan publikotasunaren eztabaidak erabateko gaurkotasuna du: Nola egin merkatuaren interes lukratiboak gure bizitzak eta lurraldeak suntsitu ez ditzan? Nola bermatu gaitasun politikoa pertsonen eskubideak babestu eta gizarte kohesioan aurrera egiteko? Nola indartu arazo eta erronka komunei erantzuteko gaitasun kolektiboa estatuen –instituzioen– erabakimena –norbere lurraldearen gainean erabakiak efektiboki hartzeko gaitasuna– husten ari den garaian? Nola lurraldetu boterea, nola antolatu botere politikoa autogobernu indibidual eta kolektiboa helburu duen demokratizazio prozesua ahalbidetzeko? Finean, zein estatugintza paradigma dabilkigu esku artean? Munduaren luze-zabaleko egitasmo emantzipatzaile orok mahai gainean duen eztabaida da honako hau, eta administrazioaren eta komunitatearen arteko hibridazio aukerak ari dira aztertzen gaitasun publikoa bermatu eta indartzeko helburuz: estatugintza (kon)federala.

Eraman dezagun bada paradigma hori hezkuntzaren esparrura eta ohartu gaitezen baldintza objektibo onak izan ditzakegula, Europa iparraldeko hezkuntza sistema aurreratuenen erreferentziak baliatuz, gure herriaren beharrizanetara egokituko den hezkuntza sistema bat pentsatu eta bere garabidean urrats berritzaileak emateko; bi tradizioen onena batzeko gai bagara behintzat: Ikastolen mugimenduak izan duen gaitasun autoeratzailea –komunitarioa– eta gure sistema instituzionalaren baitan garatu den eskola publikoaren sen berdinzalea. Azken 30 urteetan gure ahulgunea izan dena –zatiketa eta konfrontazio iturri– indargune bilakatu ote zaigun, Euskal Eskola Publiko burujabea pentsatu eta trantsizio-bidean konpromiso historiko berriak hartzeko baldintzetan ote gauden.

Abiapuntua

Abiapuntu berri bat da proposatzen ari garena. Ziklo politiko berrian gatazka eta kontsentsu berriak behar ditugu, garaikoak. Hezkuntzara etorrita, orain 30 urte izendatu ez ziren gatazkak izendatzea dagokigu, nabarmen generoaren ardatzari dagokionez, adibidez; eta orain arte posible izan ez diren kontsentsu berriak saiatzea ere bai. Abiapuntu honek euskal publikotasunaren adieraren gaineko lurzoru komun bat eskatzen du, Euskal Eskola Publiko burujaberako trantsizio-bidea elikatzea posible egingo duena. Susmoa dugu euskal publikotasunaren inguruko kontsentsu oinarrizko bat posible dela betaurreko berriak janzten baditugu eta momentuak eskatzen duen arduraz jokatzen badugu denok.

Ez dago soluzio partzialik. Hutsuneak egiturazkoak dira eta larriagotu egingo dira datozen urteetan, konfliktibitateak gora egingo du. Badago energia hezkuntza komunitatean, energia hori norabide emankor bat elikatzeko baliatuko dugun ala antzerako desirak ditugunon arteko lehiarako izango den, horixe jokoan dagoena. Lubakietatik atera eta inertziak hausteko unea da.

Nola? Hiru ekinbide izan daitezke, gutxienez:

1/ Hezkuntza ereduaren gaineko adostasun nazional bat. Herri gogoeta bat Euskal Herriak behar duen eskola ereduaren inguruan, hezkuntza prozesu osoa aintzat hartuko duena –oinarrizkoa/ez-onarrizkoa, formala/ez-formala, unibertsitatea– baina atal bakoitza berariaz landuko duena.

2/ Trantsizio-bide baten inguruan baterajotzea. 2.1/ Herri ekimeneko hezkuntza eragileek, eragile politiko eta sindikalek, eta, oro har, hezkuntza komunitatearen parte garen herritarrok Euskal Eskola Publiko burujabera hurbiltzen gaituzten konpromisoak indartzea. Bide hau behetik irekiko da edo ez da irekiko, ezin dugu eliteen arteko akordio instituzionalen zain gelditu. Konpromiso historiko berrituak behar ditugu. Lidergo berriak behar ditugu. 2.2/ Indarrean dauden marko juridiko-administratiboek trantsizioan urratsak emateko eskaintzen dituzten aukera guztiak probestea maila guztietan –lokaletik autonomikora–. 2.3/ Trantsiziozko hezkuntza legeen inguruko adostasunak eraikitzea lurralde-eremu bakoitzean, gaurko marko juridiko-administratiboen marjinak ahal beste probeste aldera. 2.4/ Euskal Eskola Publiko burujabearen garapenak eskatzen duen gaitasun normatiboko estatus politiko berrien eztabaida mahaigaineratzea lurralde-eremu bakoitzean.

3/ Hezkuntza mugimendu nazional berri bat, hezkuntza eragileen logika korporatibistak eta eragile politikoen begirada koiunturalistak gainezkatuko dituena. Eskola komunitate osoa artikulatuko duena, tokian toki gorpuztuko dena, praxia –biharko Euskal Eskola Publiko burujabearen gaurko praktikak– eta diskurtsoa uztartuko dituena, eta Euskal Eskola Publikoak ezinbestekoa duen burujabetza estatusaren aldeko herri prozesua hauspotuko duena: Hezkuntza mugimendu bat aro berri bat gorpuztuko duena.

Aurrera ez egitea atzera egitea da. Egin dezagun bidea!

Buscar