Ramon SOLA

Abuztuko ketik iraileko sugarretara

Udazkena arazo horiek guztiak konpontzeko urtaro oparoa izatea nahi dutenei dagokie sugarrak piztea, eta ez dirudi uda honetan azken urte-hamarkadetako mobilizazio dinamika errepikakor berdina erabiltzeak gehiegi lagundu duenik.

Irailetik bertatik hasita, udazkena oso potente datorrela aurreikus daiteke. Eta esparru guztietan. Pasa den ikaskurtean aurrerapausorik apenas ekarri zuen gatazkaren konponbideari dagokionez, aste batzuen bueltan etorriko da dozenaka lagun preso dituen doktrina madarikatuari buruzko Europako epaia; Gizarte Foroaren ibilbide orriari erantzuna emango diote EPPK-k batetik eta ETAk bestetik; nazioarteko eragileek beren funtzioa eta inplikazio maila definitu beharko dituzte (Egiaztatze Batzordeak honela iragarri zuen eta Aieteko Adierazpena nola garatu hausnartu behar da); Madrilen inoiz baino euskal hiritar gehiago epaituko dituzte batera, 80 inguru, jardun politikoa izateagatik bakarrik; «Bateragune auzia» Auzitegi Konstituzionalean mahai gainean (ala kajoi batean?) da; Gasteizko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako lantaldeak zirt edo zart egin beharko du, aurrera ala inora ez; Donostiako urriko alkateen bake konferentziak ere zeresana emango du; eta gobernu espainolak ere berean jarraituko duela iragar daiteke (dagoeneko Josu Urrutikoetxea nolanahi atxilotzea helburu gisa jarri dute, espreski esan dutenez).

Bestalde, erabakitze eskubidearen aldeko prozesua indartsu berrabiatuko da, kalean (zirraragarri dator Gure Esku Dago ekimena), erakundeetan (estatus berriari buruzko lantaldea osatuko da Gasteizen) eta alderdien eguneroko jardunean (EAJ eta Sorturen arteko elkarrizketa), hau guztia Katalunian eta Eskozian izugarrizko abiada izango duten prozesuen aldeko haizeaz.

Egoera sozioekonomikoari dagokionez, bero baino gehiago kixkaltzeko moduan etor daiteke udazkena, PPk buruan dituen pentsioen eta soldaten jeitsierak egiaztatzen badira, gehi lan konbenioen bukaerak dagoeneko dakartzan liskarrak, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen murrizketak... Lotu diezaiogun honi guztiari zabal-zabalik dauden hainbat auzi: PPren diru-sarrera ustelak, Espainiako Erret Etxearen gainbehera, UPNko gobernuaren itolarria, EAJkoaren akordio beharrak... Eta batu diezaizkiogun ohiko ustekabeak ere (nork esango zigukeen, duela hilabete eskas, Madrilek Gibraltarko asuntua berriro astinduko zuela eta Erresuma Batua Europan autodeterminazio eskubidearen babesle nagusi bilakatuko zela?).

Ezinbestean gainera datorkiguna ikusita, are astunagoa egiten ari da uda parte hau. Carlos Urquijo, tamaina –eta bozka– ñimiñoko pertsona irrigarri bat, abuztuko protagonista bihurtu izana da horren seinalea. Aurreko urteotan ere taktika bera erabili dute: zenbat hitz ez ote zen alferrik gastatu duela hiru urteko manifestazioen debekuetan, duela bi urteko presoen argazkien ehizan edota iazko Iosu Uribetxeberriaren aurkako kanpainan?

Bada, aurten oraindik ere absurdoagoa, merkeagoa eta patetikoagoa izaten ari da gobernu espainolaren Euskal Herriko udako kanpaina: ikurriñak, pregoilariak, txupineroak... GARAko igandeko editorialak zorrozki nabarmentzen zuenez, bataila asmatuak baino ez dira Urkixo Kixotearenak. Horregatik, are harrigarriagoa da hainbat abertzale zintzorengan oraindik horrelako erasoek lortzen duten arrakasta, ezkortasuna barneratzen badute.

Kea besterik ez du eragin Estatuak, ahazteko moduko abuztuko lehen parte honetan behintzat. Baina, kontuz, keak itsutzeko gaitasuna baitu, bai eta atzean dagoen benetako sua ezkutatzeko ahalmena ere.

Udazkena arazo horiek guztiak konpontzeko urtaro oparoa izatea nahi dutenei dagokie sugarrak piztea, eta ez dirudi uda honetan azken urte-hamarkadetako mobilizazio dinamika errepikakor berdina erabiltzeak gehiegi lagundu duenik. Energia, grina, gauzak aldarazteko gaitasun handiagoa ageri da hainbat jai ekintzatan (Iruñeko txupinazotik Donostiako abordatzera) edo, asteazkenean, Irurtzungo Inasa lantokiaren sarreran. Bada nondik berotu.

Buscar