Larraitz Ugarte
Abokatua

Adin txikikoak babesteko legea

Nola amaitu justizia patriarkalarekin, nola babestu haur eta nerabeak egun jasaten duten indarkeriatik baina orokorkeriatik ihes eginez, interbentzio kirurgikoagoak eginez?

Astebete eskas pasatu da espainiar Estatuko Buletinean haur eta nerabeak indarkeriaren aurrean integralki babesteko lege organikoa publikatu zenetik eta hil honen 25ean sartuko da indarrean. Vox-ek izan ezik, gainontzeko alderdi politiko guztiek babestu dute onartu den lege egitasmoa. Lege mota hauek badituzte atal intentzionalak (berehala aplikatu ezin direnak) eta beste lege batzuk moldatzen dituztenak berehalako efektuak lortuz. Horregatik agian ez du hainbesteko oihartzunik izan. Auskalo. Estatuko eremuan onartua izanik ere, Euskal Herriko adin txikikoak modu eraginkorragoan babesteko balioko duen heinean, orokorrean ongietorria izan bedi.

Haur eta nerabeenganako sexu abusu eta tratu txarren estatistikak beldurgarriak dira eta guztiok gara kontziente, familia eremuetan gertatzen direnez, detekzio maila baxuegia dutela. Kasuen detekzio, erabaki hartze eta esku hartze prozedura instituzionalak hobetzeko bidean urrats gehiegi daude egiteko egundaino. Burokrazia gehiegi, protokolo protokolizatuegiak, balorazio sistema anakronikoak... gizarte zerbitzuen alorrean XXI. mendera jauzi bat eman beharra handiegia da oraindik.

Zer esanik ez, justizia sistemaz. Epaitegietara joatea denboran atzera egitea da. Kanpoan izan den eboluzioa, baliabide teknikoetan eta digitalizazioan, ez da oraindik iritsi. Giza baliabideak ere urriak dira eta espezializazio eta formazio nahikorik gabeak. Eta prozedura judizialak zurrunak, luzeegiak eta formalismoz beteak. Ondorioz, haur eta nerabe horiek prozedura juridikoetan egun duten tratamendu ezegoki, errespetugabe, hotz eta gizagabeei amaiera ematea guztiz urgentea iruditzen zait. Ez baita normala haur batek hiru edo lau aldiz esplikatu beharra gertatu zaiona ezagutzen ez dituen epaile, polizia eta gainontzeko gizaki arrotzen aurrean. Normala ez den bezala, bere hizkuntzan bermeekin ezin hitz egitea, edo altuago hitz egin beharra mikrofonoa ezegokia delako bortxaketa bat esplikatzen ari den bitartean, edo ispilu erraldoi baten aurrean kontatu beharra horren atzean zer dagoen ez dakienean. Haur edo nerabe baten testigantza- entzuketa modu egokian egin behar da eta behin modu egokian eginda nahikoa dela dio legeak. Justizia sisteman –eta hemen badute zer esana gure bi gobernu autonomikoek– orain baino aurrekontu handiagoa ezarri beharko da legeak ezarritakoak bete nahi badira (hala ezartzen du legeak berak bere lehen xedapen gehigarrian).

Legearen aurrerakuntza da ere sexu abusuen kasuan horiek salatzeko epea handitzea; izan ere, haur txiki edo nerabeak bere kontaketa, hau da, bere aita, osaba edo lehengusua salatzeko pausoa emateko behar duen denbora, legeak ezartzen zuen preskripzio epe zurrunetatik urrun geratzen zen arrazoi ebidenteengatik.

Instituzionalizatutako haur eta nerabeekiko tratuaren gaineko kontrol mekanismoak indartzea biziki garrantzitsua iruditu zait, familia edo alboan heldu autorizatu gabekoekiko biolentzia sistemikoa (kontentzio mekanikoak edo etorkinak biluztea bezalako neurriak) larria izateaz gain, orain arte inpunitate eremua izan baita.

Finean, haur eta nerabeen babesa bezalako gaietan egun dauden prozedurak hobetzea eta begirada haiengan jartzea albiste garrantzitsua da (medioetan beste edozein gairi garrantzia gehiago ematen bazaio ere. Hau ere adierazle ederra da ingurumari honetan gure haur eta nerabeekiko dagoen ikuspegiarena).

Halere, aitortu behar dut badagoela kezkatzen nauen elementu bat lege horretan, eta, aste honetako espainiar agenda mediatikoa zein izan den ikusita, badakit kontrobertitua dela esatera noana. Bikoteen haustura kasuetan egon ohi diren indarkeria matxista salaketen aurrean haurrekiko har daitezkeen neurriez ari naiz.

Indarkeria zantzuak eta zigor-prozedura irekiak nahikoak izango dira adin txikikoek ustezko erasotzaileekin duten harremana eteteko. Bidea irekita geratzen da. Behin-behineko neurri gisa egokia izan liteke, behin-behinekotasun hori salaketa jartzen denetik epaiketan zigor bat jartzerako tartea txikia bada. Baina espainiar justizia sisteman prozesuak luzeegi joan ohi dira eta horrek haurren eta horien aiten (bai, aiten) eskubideak larriki urratu ditzake. Uste dut ezkerrak justiziaz izan behar duen ikuspegia anbizioz betea izan behar dela eta ezin dugula indarkeria matxista kasuetan eskuinak beste afera batzuetarako erabiltzen eta justifikatzen duen punitibismo ez garantista baten aldeko hautua egin.

Ulertzen da haur bati epai kondenatoriorik gabe gurasoarekiko harremana eteteko larritasun maila bat egon beharko dela, bai salaketa badago, baina are gehiago zantzuez soilik ari bagara. Halere, larritasunaren graduazioa edota arriskuaren neurketa egiten duten neurgailu, inkesta edo probek funtzionatzen dute? Non geratzen da errugabetasun printzipioa, zigorrik eman ez bada horrelako neurriak hartzeko? Mundu guztia (gizarte langileak edo Ertzaintza) epaile bilakatu daiteke? Zein dira epaiketa justu bat lortzeko mekanismoak? Hobe da errugabe bat kondenatzea ala errudun bat libre uztea? Beti bat ala bestea? A golpe de noticias funtzionatzen duen araugintza bat egokia da ala hobe da hoztasunetik begirada lasaiago bat duen araugintza? Edo beste modu batera: nola amaitu justizia patriarkalarekin, nola babestu haur eta nerabeak egun jasaten duten indarkeriatik baina orokorkeriatik ihes eginez, interbentzio kirurgikoagoak eginez?

Eskuina badabil, aste honetan bezala heriotza bat dagoen bakoitzean, agenda punitibista berriz ere mahaigaineratzen, hilketa horiek eurek defendatzen duten jendarte ereduaren ondorio zuzen direla aitortzeke. Uste dut ezkerretik eta feminismotik badugula zer gogoetatu, eta topikoetatik urrunduko den interbentzio eraginkor eta justuago bat diseinatzeko anbizioa behar dugula, justuagoak eraginkorragoa izateko jitea ere badu eta.

Buscar