Adur Lizasoain

Adinkeria

18 urte besterik ez zituen nire lagun batek, bizarduna eta lodia bera, «señor» deitu zioten lehen aldian; nola ez, ez da itzuli berriz denda hartara. Udaberri dezente gehiago, bestetik, Anthony Hopkinsen pertsonaiak "Conocerás al hombre de tus sueños" komedia ederrean (Woody Allen, 2010) ero baten moduan pesak altxatzen zebilenean, heriotzari beldurra diola eta bere zahartze prozesua atzeratu nahian. Adina zenbaki bat besterik ez dela, jarrera kontu bat, esan ohi dugu gurean amodio harremanetan edo gustatzen zaizkigun plan horiek egiterakoan, justifikazio gisa; pilotariei profesional zirkuituranzko jauzia ematerakoan, aldiz, ez dute iritzi berdina izan azken urteotan Aspek eta Baikok.

Ander Muruak (Arrasate, 2000) debuta egin berri du. Azken bizpahiru urteotan bera izan da bere postuan onena afizionatuen zirkuituan, eta errendimendua eta meritokrazia ardatz, merezi zuen aukera hau zalantzarik gabe. Bejondeiola, eta disfruta dezala bideaz. Duela hilabete batzuk, bestalde, Joseba Aldaberen (Igantzi, 1996) txanda izan zen.27 urterekin, jada trena pasa zitzaiola onartua zuenean, egokitu zitzaion aukera atzelari honi, elektrikaria ofizioz, afizionatuetan sekulako maila eman ostean −urte bat baino gehiago zihoan partidarik galdu gabe−. Zeresana eman zuen albisteak prentsan, honek debuta 18-21 urte bitartekoek egitearen tonika hautsi zuen eta. Hortik gorakoek, jada, jai. Eta normalizatua genuen.

Gogoan dut hain juxtu Muruaren debuteko pilotalekuan jokatu nuen aldi bakarra: 22-3 galdu nuen, 80 kilometroko bidaia egin ostean. Isil isilik itzuli ginen autoan aita eta biok takoak kentzen nituen bitartean. Ni txarra nintzen −eta ez zeniotelako jokatzen ikusi egun hartako nire bikotekideari−, beraz ez da ezer gertatzen, baina badaude talentuaz gain zaletasun handia eta profesionala izateko ametsa duten pilotari gaztetxoak. Ez ditut sekula ahaztuko Iñigo Martínezen (Bera, 1997) eta Beñat Garmendiaren (Beasain, 1997) −afizionatuetan ederki dabil orain− kasuak, bi urteetara kontratua berritu gabe geratuak biak errendimendu txukuna eman eta potentzial pixka bat behintzat bazutela erakutsi ostean, edo Jon Erasunena (Zizurkil, 1996), 14 egun lehenago eta gauez jakinarazia agurraz Whatsapp mezu hotz baten bidez. 2020an Baikon emandako greba zaratatsu hartaz nahiago dut ezer ez idatzi, nahikoak esan ziren eta bere garaian. Pixka bat mingarria izan zen hura zaleontzako.

Gure herrietako pilotalekuak haurrez gero eta hutsago dauden, eta Boliviatik bi mutil propio pilotan jokatzera etortzen diren garai honetan, paradoxikoa oso, uste dut gehiago zaindu behar zaiela pilotariei eta ez direla beraien ametsak horren azkar hautsi behar. Ez du zentzurik talentu pixka bat baduen eta berez kantxan zer eskaini eta zer disfrutatu baduen 22 urteko mutil bat jada erretiratuta, agortuta, pilarik gabe geratu den panpin zahar bat bezala, egotea. Ilusio galtzea, pilotaz deus ez jakin nahi izateraino beharbada kasu batzuetan. Horrela ez ditugu erakarriko hurrengo belaunaldiak, eta honen errua ezingo diogu bota futbolari edo bideo-jokoei. Baita, gehiago baloratu beharko genuke hauen gurasoek urteetan zehar eginiko sakrifizioa, kilometro mordo bat eginez Euskal Herrian barrena eta materiala erosiz, dena beraien patrikatik eta denbora librean; gazte hauen amets hautsien frustrazioa hauek jango dute eta ere.

24 urte adin ona da pilotari profesionala izateko eta bertan ibilbide oparo bat egiten hasteko pixkanaka, eta 18, salbuespenak salbuespen, gazteegia; kirolari baten ontze mental prozesua eta fisikoki honen punttu onena −atzelarietan, batez ere−, normalean, beranduago hasten baita. Urte tarte hori afizionatuetan ematea esperientzia ona da, asko ikasi ohi dute eta jende zaharragoaren aurka jokatzen.

Espero dut Muruaren eta Aldaberen kasuek jarraipena izatea, eta ez begiratzea hainbeste adinari zentzu honetan. Orokorrean enpresak lan oso ona ari dira egiten eta eskertu behar zaizkie ere gauzak, eta badakigu liga pribatu bat dela hau non onenek jokatu behar duten bertan eta zaleok hala exijitu behar diegu beti, baina pazientzia pixka bat eduki dezatela ere beraiekin. Pesak altxatzen aritzeko ez da eta inoiz berandu, begira bestela Anthony Hopkinsi.

Buscar