Larraitz Ugarte
Abokatua

Adiskidetasuna, adiskidekeria eta etsaitasuna

Adiskidekerian eta etsaitasunean oinarritutako jokabide hauek, mafiatik politikatik baino gehiago dutenek, ez dute batere laguntzen

Euskaldunok «tasuna» atzizkiari zentzu positiboa egotzi ohi diogu, «keria» zentzu negatiboan erabiltzen dugun hein berean. Honela, harrotasuna eta harrokeria bereizten ditugu, esaterako.  Edota adiskidetasun hitzak elkarren zaintza zentzu positiboan adierazten du, adiskidekeria adiera negatiboan erabili ohi dugun lez, zoritxarrez geroz eta maiztasun handiagoarekin. Posible baita adiskidetasun batzuk txarrak izatea, adiskidekeria bihurtzeraino. Gaurkoan, gaizki ulertutako adiskidetasunaz hitz egitera natorkizue.

EAJk iragan abenduan entzuketa aktiboko bere prozesuaren emaitzetan hainbeste urteko kudeaketaren ondorioz jendarteak alderdiak adiskidekeriaz jokatzen duen pertzepzioa duela iragarri zuen. Harritu antzean sumatu nituen iragarpenean, eta harridura neroni sartu zitzaidan jendartearen pertzepziotik hain urrun daudela ikusita.  Adiskidekeria eta ez adiskidetasuna baita EAJk bereekiko darabilen dotrina. Adiskidetasunak ez bezala, adiskidekeriak norbere artaldekoen defentsa itsua egitea du helburu eta horixe da, beste ezeren gainetik, De Miguel kasuan ikusi duguna. Lagun hurkoa zaintzeko herra hori,  bere gaizkiletza ukatzetik hasi zena, babes moral eta alderdikoitik tapatu ezin den hori, azken muturreraino akonpainatzeko edozer egiteko prest egoterainoko jarrera hori adiskidekeria baino ezin baita izendatu.

Leialtasuna balio sakratua denik ez dut nik zalantzan jarriko, baina lagunekiko leiala izatea ezin da  lagunaren defentsa eta babes itsuan oinarritu, jarrera horrek leialtasunetik baino konplizitatetik edaten baitu gehiago. Eta zaila zait ulertzea, prozesuaren puntu honetan eta Entzunez Eraikiko emaitzak esku artean, nola erabaki duen EAJk guztiaren gainetik pelikula hau luzatzen jarraitzea.

Ustelkeriaren, diru publikoaren erabilera bidegabearen edota prebarikazioaren aurrean erabaki ausart eta azkarrak hartu behar dira. Guztiaren gainetik hartu behar dira: alderdiaren gainetik eta lagunaren gainetik. Obszenoa izan da aste honetan Arantza Tapia De Miguelen «ez kaleratzearen» aurrean justifikazio justifikaezinak ematen entzutea. Aspaldi har zitezkeen erabakiak ez hartu izanaren inguruko azalpenek ez dute inor konbentzitu: ez oposizioko alderdiak, baina ezta jendartea ere. Ze lezio eman diezaieke gobernu batek herritarrei, «bereetako batek» jarduera publiko batean delitu andana burutu baditu eta soldata, lana eta ardura politiko administratibo esanguratsuak mantentzen badizkio? Ze zilegitasunekin eska diezaieke herritarrei euren betebeharrak egikaritzeko, norberak erabat ilegalak diren jarduerengatik ardura publikoak izan dituzten horiek azken muturreraino gotortuta mantentzen baditu? Noiz arte izango du Arantza Tapiak bere plantillan (guztion plantilla dena, ez dezagun ahaztu) De Miguel bezalako gaizkile zigortu bat? Nola esplikatu daiteke erlatibismo moral eta juridiko hori?

Etikagatik egitea ondo legoke, baina estetikagatik ere egin zitekeen. Estetikoagoa baita edozein erabaki, legebiltzarrean mailarik gabeko azalpen horiek eman behar izatea baino. Espero zitekeen EAJren barruan norbaitek, ardura eta buru gehiagorekin, zigortuak ziren pertsona horiek kanporatzea erabakitzea. Baziren txosten juridikoak hori aski abalatzen zutenak. Baina ez dute hori erabaki eta horrek zigortuak ez ezik, alderdia bera zipriztintzen du, ze edozein herritarrok buruan darabilgun galdera bakarra dago: zergatik?

Adiskidekeriaren beste aldean ezinbestean etsaitasuna ere agertzen ari zaizkigu egunotan. Ainhoa Alberdi de Miguel kasuko salatzaileari ahozko epaiketa ireki baino lehen Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasuneko ikuskaritzak errutinazko beharrezko ikuskapenetik baino mendeku eta beldur eragitetik gehiago duela argi ikusten du inopian bizi ez den edozein herritarrek; kasualitateak hain sarri gertatzen ez direla uste dugun guztiok etsaitasun zantzu garbiak ikusi ditugu.

Zer esanik ez, EH Bilduko legebiltzarkide Unai Fernandez de Betoñok egindako salaketa baten aurrean Olatz Garamendi sailburu eta Etika Batzordeko burua kopian jarrita, salatuaren (PSEko goi kargudun bat) abokatuarengandik (zeinak salatzailearen identitatea modu guztiz irregularrean jakin zuen) jasan dituen mehatxuak ezagutu ditugunean?

Egitate irregular edo delituak burutzen dituzten goi kargudunen aurkako salaketak egiten dituztenak jazartzea eta, aldiz, delitugile nahiz orotariko gaizkileak babesteak ez du lagunduko inolako pertzepziorik hobetzen. Oraindik ere gogoan dut 2013 eta 2014an Bidegik burututako irregulartasun larriak epaitegira eraman zirenean, datozen hauteskundeetan EAJko Gipuzkoako Aldundirako hautagai izango den Eider Mendozak botatako «estén donde estén esto no va a quedar así» hura.

Sinistuta nago, alderdi guztietan bezala, hauetan ere badirela bokazio publikoz jarduten duten militante zintzoak. Baina adiskidekerian eta etsaitasunean oinarritutako jokabide hauek, mafiatik politikatik baino gehiago dutenek, ez dute batere laguntzen. Jokabide hauek ez dute lekurik sistema demokratiko sano batean eta irmo kanporatu behar dira. Hauek babestea adiskidekeriaz eta alderdikeriaz jokatzea da. Bide itsu horiek hartzen dituenak ez du amaiera onik eta herritarrok  babesgabe uzten gaitu. Bada ordua egun gure gobernu nagusietan dauden alderdiek besteok proposatzen ditugun mekanismoak babesteko, ze argi dago egun dauden tresnek (etika batzorde horrek, adibidez) irregulartasunak detektatu baina horiek ezkutatzeko gehiago balio dutela, salatu, azaleratu eta beharrezko neurriak hartzeko baino. Ezin da otsoa oiloak zaintzen jarri eta latitude honetan horrela gabiltza.

Buscar