Garazi Goia
GAUR8

Agertu eta desagertu

Lehenengo aldiaz eta azkenengo aldiaz idatzi dut beste batzuetan. Azkenengo aldiari lehenengoari baino garrantzia gutxiago ematen zaiola iruditzen zait eta niretzat, aldiz, balio bereziagoa daukala esan dut askotan. Hain zuzen, lagun bat azkenengo aldiz ikusiko nuen sentsazioak nahastuta utzi ninduen duela gutxi.

Korapilo handi batekin barnean. Ingelesez badago esamolde bat, «norbere bizitzako bidaian jendea agertu eta desagertu egiten da» dioena. Londresen askotan entzun dut esaldi hori, hiriak berak badaukalako esaera horren konnotazio sakon bat bere izatean itsatsita, joan-etorrian dabilen jendearen marea baten parekoa da-eta hiria bera.

«Duela hamar urte baino gehiago ezagututako lagunen multzoan zaude zu», esan zidan. Hamar urteko etiketa horrek zerbait zaharrago sentiarazi ninduen lehenengo. 2002. urtean ezagutu genuen elkar, uztailean, bizitzako kasualitate horietako bat izan zen; etxetik ateratzean espero ez duzun egoera horietako batek elkartu gintuen, biotariko inork ez genuen aurrez planeatu horrela izango zenik. Hamar urteko aipu horren ostean, hurrengo zedarria zein izango ote zen ez nion galdetu. Noski, izango zituen ziurrenik hamabost urtez izan dituen lagunak edo hogeita bost urtez, eskolan ezagututakoak adibidez. Baina nik ez nion galdera egin, hamabost urteko kategoria horretan egotera akaso ez nintzela iritsiko banekielako. Kontinente ezberdinetan bizitzera gindoazen. Gaur egun distantziarik ez dagoela eta antzeko hitz-aspertuak askotan izanak genituen biok, baina egun horretan “distantzia” hitza ez genuen aukeratu gure elkarrizketan (eta erabaki kontzientea izan zela ziur nago, bion aldetik). Ados, gaur egun distantziak moztu egin dira; baina, distantziari, haurrak, bidaiak eta patuak nora bidaliko gintuen zalantza gehituz gero, zalantza biderkatu egiten da. Eta, distantziaren definizio berri hori urruti zegoela sentitu nuen, bazter urrutietan. Beste bost urtean iraungo ote du gure adiskidetasunak?

Noiz ezabatzen da lagun bat “lagun erregistrotik”?

Nik ez dut betiereko erregistroetan sinesten, gutxi batzuen salbuespenerako ez bada behintzat. Gainera, lagunak ezabatzen joatea beharrezkoa eta osasuntsua dela iruditzen zait. Nik ez dizut ezer berezirik ematen eta ezta zuk niri ere. Bide ezberdinak hartu ditugu eta halabeharrezko distantzia bat sortu da gure artean. Beraz, amaitu egin behar da, naturaltasunez, laidorik gabe. Facebook-en agertzen diren “betiko lagunen” edo berragertzen diren “lagunen” anekdota batzuk kuriositatez entzuten dizkiet batzuei. Izan ere, ni, Facebook konturik ez duen rara avis horietako bat naiz. Nire hasierako arrazonamendua, denbora falta eta orduak eta orduak ordenagailu aurrean emateko ahuldadea ziren. Irakurtzen, idazten edo bestelako gauzak egiten nahiago nuela eman denbora nioen. Denboraren aurka dudan borroka partikularra desoreka zezakeela. Eta, hamar urtez norbait ikusi gabe eman banuen, horretarako arrazoiren bat bazegoela esaten nuen zinismoz eta asmo zirikatzailez. Gainera, esfortzua egiten dut benetako lagunak mantentzeko, mezuak idazteko, postalak bidaltzeko (eskuz idatzitako zerbait jasotzeak hunkitzen nau-eta). Eta, batez ere, bizitzan agertzen joaten diren lagun berriak axola zitzaizkidala esaten nuen, haietan inbertitu nahi nuela nire denbora (A eta I bezalako lagunetan adibidez).

Gogoeta hauek guztiak izan ditut nire lagunarekin izandako enkontruaren ostean. Berriro ere, duela hamar urte eta bi hilabeteko gau hura etorri zait akordura. Zalantzak nituen gau hartan, aurrera egin edo bertan behera utzi amets hura. Eta, berak esan zidan, «itxaron ezazu beste hilabete bat». Elkarrizketa luzea izan genuen, emozionala, existentzialismoaren zoko guztiak bisitatu genituen, orduko tolesgabetasun xarmagarriarekin. Dilema desblokeatu zidan. Oraindik ere, etxe haren aurretik oinez pasatzen naizenean oilo-ipurdia ateratzen zait. Ez zen, noski, une hura bakarrik izan, baina memoria selektibo horrek indar handia du, iltzatuta gelditu da. Horregatik, hau zuretzat idatzi dut. Beti egongo delako lotuko gaituen zerbait, kontinenteetan zehar bada ere. Hamabost urtez ezagutzen dituzun lagunen kategorian egotera iristen ez banaiz ere. Good luck

Buscar