Andoni Olariaga Azkarate
Filosofoa eta Iratzar Fundazioko kidea

Agian ederragoak egon ziren, baina hau gurea izan zen

Belaunaldi hark ongi ulertu zuen momentuko keinu iraultzailea ez zela aurreko esperientziak errepikatzea, hipotesi berriak eraiki eta horiek praktikara eramaten saiatzea baizik

Mundua astinduko zuen gertakari baten 50. urteurrena ospatzen da aurten, Parisko 68ko Maiatza, hain zuzen. Gertaera konplexua izan zen eta mobilizazio handiak ekarri zituen, unibertsitate giroan batez ere (ikaslea subjektu bilakatuz), eta langile greba izugarriak ekarriz. Ikasle, nekazari eta langile borroken uztarketa ekartzeaz gain, balio moral eta sexualak transformatu zituen, askatasun indibiduala sustatzeaz batera. Aljeria eta Kubako iraultzak izango ziren, eta batez ere Vietnamgo gerra, maiatzaren 68ko indignazio eta protesten katalizatzaileak. 68ko Maiatzak “zer da politika?” galderaren kontzientzia eta bestelako erantzunak ekarri zituen, oroz gain, gizartearen transformazioa planteatu zuen. Transformazio horiek, ordea, ez zuten boterea aldatu. Batzuen iritziz, mugimendu libertario horrek ondorengo urteetako soziologia kultural burgesa, indibidualista, sustatu zuen; besteen ustez, boterea eskuratu ez zuen iraultza emantzipatzailea izan zen.

Funtsean, 68ko Maiatzeko belaunaldiak, Europa osoan Hiroshima, Auschwitz edo Gernikaren ondorengo gerraosteak utzitako hutsunea eta pesimismoa gainditzeko saiakera ederra ekarri zuen. Eta Frantziar Estatuak ez ezik, Euskal Herriak ere 68ko maiatza propioa izan zuen. Euskal Herriko 68a ez zen tradizio frantsesaren influentzia zuzenagatik abiatu, eta, halere, 68ko maiatz frantsesak eta euskaldunak antzekotasun batzuk izan zituzten, batez ere, eraldatze sozialaren zerumugaren hainbat ideia konpartitzen zituztelako.

Gogoratu behar da, Euskal Herrian 1936tik 1956ra doan tartean hutsune handia egon zela oro har euskal kulturan eta politikagintzan, lugorri politiko eta kultural ia erabatekoa, frankismo bete-betean. 1964ean 25 años de paz ospatu ziren, “El Diario Vasco” eta “El Correo Español” egunkari frankistek bakeaz baino ez zuten hitz egiten. Orduan ere, gaur bezala, inor ez zihoan kartzelara ideia politikoengatik, legea hausteagatik baizik. 60ko hamarkadan hasiko da, batez ere, pizkunde kultural eta politikoa. Euskal Herriarentzat, 50eko hamarkadan fenomeno garrantzitsuak gertatuko dira mundu mailan: Vietnamgo gerra, 1954tik 1962ra Aljeriako independentzia gerra (kolonizazio frantsesaren kontra), eta Afrikako independentziak (Aljeria, batez ere). Kuban “hamarkada gerrilleroa” deitu dena ere garai hartakoa da. Hirugarren Munduko liberazio mugimendu antikolonialen influentzia handia izango zen hurrengo urteetan.

Testuinguru horretan, ezker berri bat sortu zen Euskal Herrian, eta gazte ero batzuk Euskal Herriko errealitaterako modelo baten bila hasi ziren: Benito del Valle, Txillardegi, Krutwig, Madariaga, Jose Antonio Etxebarrieta (Txabiren anaia), eta Txabi bera, besteak beste. Batetik, Sobietar Batasunaren esperientzia eta hark utzitako literatura guztia (Lenin, Stalin…) zeuden, iraultza txinatarra eta Maoren idatziak, Aljeriako FLNren borroka antikoloniala eta Franz Fanonen idatziak, Ho Chi Minh vietnamdarraren ekarpenak… Erreferentzia intelektual eta politiko ugari zeuden baita garai hartan: Andre Gorz, Camus, Sartre (Burgosko prozesuaren harira hitzaurre eder bat utziko ziona Euskal Herriari), Che… Camusen obran, esaterako, etxean eta kalean eztabaidatu ezin ziren ideiak aurkitu zitezkeen: frankismoaren kritika, demokraziaren kritika, biolentziaren aldeko aldarria; izpiritu kritikoa, funtsean. Katolizismo nazional espainolak itota zeukan gizarte batentzako, haize freskoa zen hori guztia.

Hamarkada honetan abiatu zen pizkunde kultural eta politikoak herrigintza eta politikagintza ziklo oso bat markatu zuen Euskal Herrian. Itziar Aizpuruak, Burgosko prozesuan epaitua izango zenak, udaberri kulturala deituko zion garai horri (“Punto y Hora”, 1988). Ezin da ahaztu, esaterako, 68koa dela euskara batuaren sorrera, Euskaltzaindiak Arantzazun sortua. Mugimendu artistikoak ere produkzio izugarria ezagutu zuen, Chillida, Oteiza, Basterretxea eta beste hainbatekin. Kulturalki, 50eko hamarkadan Gandiaga, Aresti, Mirande eta beste hainbat ere hartu behar dira kontuan, eta loraldi kultural handi horren baitan “Jakin” aldizkaria ere sortu zen. “Jakin”-en inguruan ibilitako hainbat idazleren produkzio handia etorriko zen ondoren, Azurmendi, Arregi, Santamaria, Torrealdai… Eta literatura eta poesia, Artze, Saizarbitoria, eta abar. 60ko hamarkadaren bukaera aldera mugimendu feministaren lehen zantzuak ere agertu ziren, eta, hamarkada bat geroago, 1974an jada, Baionan “Euskal emazteak beren askatasunaren alde” izenez antolatuta, borroka nazionala eta soziala eduki feministekin janzteko asmoz mobilizatu ziren. 1977an lehen jardunaldi feministak egin ziren Hego Euskal Herrian.

Azken finean, 68 artistiko, kultural eta politiko bat gorpuztu zen Euskal Herrian, jendarte fenomeno zabal bezala, aktore politiko eta sozial ugari inplikatuta. Pizkunde politikoari begiratzen badiogu, testuinguru berean sortu zen Euskadi Ta Askatasunak hurrengo hamarkadatako borroka politikoa baldintzatuko du. Gertaera politiko garrantzitsuena, 1967an egindako V. asanblada da. Asanblada hori ebaki puntu bat da, paradigma berri baten hasiera, eta gerraosteko nazionalismoaren gertaera politiko nagusitzat jo daiteke (PNVren 1977ko kongresuak baino oihartzun historiko handiagoa izan zuen). Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) santutegiko basilikan 14 apostoluen eskulturaren gainean figura bat topa daiteke, “Piedad” izenaz ezaguna, amaren oinetan hilik dagoen semearen figura; bada Jorge Oteizak Txabi Etxebarrietari egindako omenaldi bat da. Horrela utzi zuen Oteizak idatzia: «7 de junio, sacrificado en Benta-Aundi, el primero de nuestra Resistencia última, cuando subo el 1 de noviembre ya he decidido que pondré en lo alto del Muro. El Hijo muerto, a los pies de la madre, que estará mirando, clamando al cielo, hablando, no sé...» (Nikolas Xamardo eta Jurgi San Pedro, 2008). Oteizarentzat arteak egiak produzitzen ditu, eta egiek denbora historiko bat inauguratzen dute, alegia, periodizazio berri bat sortzen dute. Oteizak, kristautasunaren gertaera fundatzailearen bitartez (Kristoren bizitza, pasioa, sakrifizioa, heriotza eta berpizkundea), Euskal Herriaren politika berriaren fundatzaileetako bat den gertaera politikoa errepresentatzen du: ETAren jaiotza, azken finean, Etxebarrietaren figuraren bitartez.

Gertaera horrek, aurreko nazionalismo etnizista gaindituz, nazionalismo iraultzaile bat ekarri zuen, euskal nazio askapenerako mugimenduaren fundazioa izango zena. Gertaera hori abertzaletasunak subjektu antikolonialarekin eta langilearekin egiten duen sintesian oinarritzen da: Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren ardatz ideologiko eta sintesi nagusia independentzia eta sozialismoa izango dira. Horrela, borroka ziklo bat hasiko da, optimismo eta ilusio handiarekin, baina, aldi berean, luzerako ikuspegi estrategikoarekin uztartuta.

Txabi Etxebarrietaren belaunaldiak bere garaiko gakoen eta beharren irakurketa egiten jakin zuen. 60ko hamarkadan bezala gaur egun, teorizismo eta atomizazio handiko garaia zen hartan, neoliberalismoaren eta frankismoaren aurkako uholde horretan, teorietatik praxira pasatzeko hautua egin zuten kolektibo eta pertsonak erabakigarriak izan ziren. Horrez gainera, belaunaldi hark ongi ulertu zuen momentuko keinu iraultzailea ez zela aurreko esperientziak errepikatzea, hipotesi berriak eraiki eta horiek praktikara eramaten saiatzea baizik. Azken horretan jarri zuen Etxebarrietak bere aletxoa.

Garai horrek bere subjektu kolektiboa osatu zuen, bere metafora propioak, antolakundeak eta eraikuntza teorikoak. XXI. mendean, gaurko belaunaldiek metafora eta erreferentzia propioak sortu beharrean gara, egungo behar eta galderei begira, egungo erronkei erantzungo diena. Iraganari omenaldi onena egiteko hautua horixe izango da: euskal errepublikara bidean, ezinbestekoa.

Buscar