Gorka Rubio

Agur Elorza

GARA egunkarian ezagutu zintudan. Zuzendaritzako kide moduan, argitaratze bidean ziren orrialdeak gainbegiratu, kazetarien lana zuzendu eta argitaratuko zena ezin hobea izango zela ziurtatzen zenuen. Horretarako, zure lanerako gaitasun ikusgarriaz eta zure pertsonalitate gogor eta genio biziaz baliatzen zinen. Onerako eta txarrerako, gauzak garbi, filtrorik gabe.

Laurogeiko hamarkadan hasi zinen Egin-en lanean. Deba aldean, Egin-ek eskualde eta herrietan ordezkaritzak zituenean. Zure belaunaldiko lankideek diotenez, ordurako kazetaritza-ikasketak burutuak izateaz gain, egunero makina bat egunkari irensten zenituen. Aspaldikoa da, beraz, ofizioaz duzun ezagutza eta ikuspegia. Gerora lan eskerga egin duzu kazetaritzan orokorrean, eta kirol-kazetaritzan bereziki.

Ardurak hartzeko eta lanari ekiteko arazorik ez duzu izan inoiz. Eredu izan zara horretan. 1992an Egin Euskal Herriko kioskoetara koloretan inprimaturik iritsi zen lehen egunkaria izatearen erantzule zen erredakzioaren ardura hartu zenuen. Gogoratzekoak dira Astelehenetako aleak zituen bi azalak, bat orokorra eta egunkariari buelta emanda bestea, kirolei zuzendua. Garai hartan euskal kirolariek zuten zeresanaren berri inork egiten ez zuen moduan ematen zen Egin-en. Egin itxi zutenean ere, eta irakurleekin eguneroko zitan hutsik ez egiteko, orduko langileek hartu zenuten konpromisoa gauzatzeko ezinbestekoa izan zen zure lana. Inprenta bilatu eta aleak inprimatzen zirela ziurtatu arte ez zenuen geratu.

GARA egunkarian ezagutu zintudan. Zuzendaritzako kide moduan, argitaratze bidean ziren orrialdeak gainbegiratu, kazetarien lana zuzendu eta argitaratuko zena ezin hobea izango zela ziurtatzen zenuen. Horretarako, zure lanerako gaitasun ikusgarriaz eta zure pertsonalitate gogor eta genio biziaz baliatzen zinen. Onerako eta txarrerako, gauzak garbi, filtrorik gabe.

Gauzak, zehatz, ondo eta txukun egitea obsesioa izan da zuretzat. Horren adibide Sidneyko olinpiar jokoetarako bururatu eta gauzatu zenuen ideia: zenbait hedabidek -espainiako berri agentzietako teletipoen partzialtasuna medio-kirolari espainiarren inguruan fokua jartzen zuten bitartean, hilabete oso batez 32 orrialdeko kalitatezko gehigarria atera zenuten, besteak beste Miren Saenzen laguntzaz. Berdin zen Australian korrespontsalik ez izatea, ordu aldaketa, edo sareek egun gure lanean duten garrantzia ez izatea. Iturri alternatiboak bilatu, landu, euskal kirolariekin zuzenean hitz egin eta teletipo frantses eta ingelesak itzuliz atera zenuten lana. Goizean goiz erredakzioko mahaian planifikatzen hasi, eta gauean lana inprentara bidali ostean, ordu txikitan, etxetik zuzenean ikusten zenituzten atletismo-frogekin amaitzen zen eguna. Iruditzen zait, detaile txikia dirudien arren, finean GARA bezalako proiektu bat desberdin egiten duen lan horietako bat izan zela. Kazetarien lanagatik errespetua eta miresmena sortzen duten esfortzu eta lan eskerga horietako bat.

2001ean, EKHEren ekimenez, ARGAZKI PRESS (Euskal esparru komunikatiboan sortutako lehen argazki agentzia) sortzeko ardura hartu zenuen zure bizkar. Oraindik ere egitasmo horren oinarri diren zenbait elementu martxan jarri zenituen orduan: urteak pasa ahala balioa irabazten ari den gure argazki-artxiboa, gure mundu-ikuskera islatzen duen tesauro propioa, edo lanen antolaketa eta planteamendu logistikoan egin zenuen lan eskerga dira horien adibide. Gure bezero diren hedabideen sinergiak baliatu eta ordura arte zituzten argazki-zerbitzuak hobetzea izan zenuen xede. Lortu zenuen. Gainera, bide horretan lan-baldintzen arloan ere izan zenuen zeregina: prentsa-argazkilaritzan, tamalez, gero eta arraroagoak diren lan-baldintza duinak lortzeko eta mantentzeko bidean zerikusi handia izan zenuen.

Gure gogoan geratzen diren gauza on askoren artean zure idazkera dago. Kirol-informazioan interes gehiegi ere ez dugunok gustura irakurtzen genituen zure eskubaloi-kronikak. Hala ere, zure heriotzaren berri jakin dudanean, urteetan zehar askotariko gaien inguruan zure ahotik entzundako iritziak, eztabaida eraikitzaileetarako zenuen grina, zure ezagutza eta mundu-ikuskera etorri zaizkit gogora.

Honen harira, gogoratu naiz herri honetako gauzen eboluzioak zein ziren ikusita, haserretu, eta askotan egiten zenuela mehatxu zutabeak sistematikoki idazten hasiko zinela politika- edo gizarte-kontuez. Idazten hasi izan bazina, zure pragmatismo eta perspektibak makina bat haserretuko zituen, eta zeresan eta eztabaida sortuko zuten, ez dut dudarik egiten. Baina ez zinen hasi, eta dagoeneko ez duzu egingo, ez dugu jakingo, baina ziur nago herri hau hobea izateko ekarpen ederrak ziratekeela zutabe horiek. Goiz joan zara, lan asko eginda, baina goiz, eta lan asko utzi duzu egiteko. Saiatuko gara zurekin ikasitakoa baliatuz zure hutsunea bete eta aurrera egiten.

Mila esker denagatik!

Buscar