Rafa Diez Usabiaga
El Duesoko espetxetik

Agur lagun!

«Erronkaz betetako kidea zinen, nekaezina harremanetan, arduratsua eginkizunetan, sentikorra injustizia eta eskubideen urraketa guztien aurrean... Abertzale zintzo eta ameslari sozialista.»

Kaixo Igor! Ostirala da, azaroaren 29an gaude, eta eguerdiro bezala bazkaldu ondoren berehala «txabolora» joan naiz eguneko azken berriak ezagutzeko asmoz. Ohitura izaten dut informatiboren bat entzuten nagoen bitartean Teletextoko aipamenak arakatzen joatea. Bat-batean, inoiz ikusi nahi ez nuen berria azaldu da: «Fallece el Responsable de Relaciones Internacionales de LAB Igor Urrutikoetxea». Astindua jaso dut, gorputz osotik deskarga elektriko baten antzeko zerbait pasa zait eta aldi berean buruan arrapaladan azaltzen hasi zaizkit zurekiko oroitzapenak eta bizitako une asko.


Banekien, duela aste batzuk istripu madarikatu baten ondorioz egoera larrian zeundela, baina konfiantza neukan hortik ateratzeko gai izango zinela. Azkenean ez, entzun nahi ez genuena etorri da. Joan zara. Brasilera joan zinen, langileen eskubideak eta ametsak sustatzeko ahaleginetan FSM erakundean zenituen ardurak direla eta; eta orain, ezezaguna den nonbaitera hasi zara bidaia berria egiten.


Zure gutunaren zain nengoen duela hilabete pare bat ingelesez bidali nizun nire aurreneko idatzia ea zer iruditzen zitzaizun jakiteko. Erakutsi nahi nizun nola nindoan hasitako ikasketan. Azkenean eskutitz hori jaso gabe, erantzunik gabe, joan zara. Seguru aski, zure etxeko buzoian edo familiaren eskuetan izango da. Zurekin izandako azken «solasal- dia» izan da. Gustura gordeko dudana, zutaz oroitzeko.


Espetxean nagoenetik harreman ugari izan ditugu gutun bidez. Erronkaz betetako kidea zinen, nekaezina harremanetan, arduratsua eginkizunetan, sentikorra injustizia eta eskubideen urraketa guztien aurrean... Abertzale zintzo eta ameslari sozialista.


Azkenaldian frantsesa ikasten zenbiltzala esan zenidan eta zenituen beste arazo zein helburuez iritziak ematen zenizkidan, gustura jasotzen nituen eskutitzetan. Lehenago aipatutakoa.

Ingelesezko gutun horretan, irakurri gabe utzitako horretan, eskerrak ematen nizkizun Bartzelonako nazioarteko sindikatuen arteko jardunaldietan nire egoerarekiko erabaki zenaz eta, aldi berean, animoak igortzen nizkizun zure erronkei begira. Horretarako zeunden Brasuken, FSMk (Munduko Sindikatuen Federazioa) antolatutako metalgintzako batzarrean.


Joan zara Igor. Pena handia hartu dut. Malko batzuk ere isurtzen ari zaizkit hau idazten ari naizen bitartean. Ziur nago une honetan daukadan samin berbera izango dutela azken urte hauetan munduan zehar izan zaren toki askotako lagunek, zure heriotzaren berri jakiterakoan. Eta, nola ez, gure sindikatuan kolpe handia izan da denontzat.


Asko eman duzu Igor, Euskal Herriaren alde, langileen alde, sozialismoaren alde. Hutsune handia da LABen eta FSMn uzten duzuna. LABeko historian eta nire oroimenean oso itsatsita geratuko dira zure lana, ekarpena, jarduera eta jatortasuna.


Bueno Igor, banoa. Beste kasu askotan esan ohi dugun bezala, Euskal Herriko zeruan beste izar gorri eta distiratsu bat azaldu zaigu. Zauden tokitik segi gure herria eta herri guztien borroka bultzatzen. Mila esker Igor.


With these lines I just wanted to thank you Igor. Farewell, my countryman and friend.

Buscar