Igor Urizar Murgoitio
Ahal Duguko kide, 
Baleike Arrasate udal taldeko zinegotzi, 
Antikapitalistak-eko militante

Ahal Dugu Martxan hautagaitza

Duela aste batzuk hasi zela, Ahal Duguren barnean, alderdia birrantolatu eta birpentsatzeko asanblada orokorraren prozesua. Hauteskunde zikloa behin amaiturik, nola eta nora bideratu behar ditugun gure lerro orokorrak politika eta antolakuntza arloetan.

Politika neoliberalen eta kapitalismo finanziarizatuaren globalizazioak krisi bortitz bat zabaldu zuen mundu mailan, eskubide, askatasun eta ondasun amankomunak erasoz, ezberdintasunak sakonduz. Europar Batasunaren proiektuak porrot egin du, inongo kontrol demokratikorik gabe globalizazio neoliberalaren morroi huts. Bien bitartean eskuin muturreko proiektuek iraganeko munstroak berpizten dihardute.

Estatu mailan, 78-ko erregimenaren alderdiek elite finantzarioen interesen zerbitzurako gobernua eratu dute, 7.500 milioi eurotako murrizketak prestatzen dituzten bitartean. M15 hiritar mugimenduak zabaldu zuen legitimitate eta estatu krisia ixteko asmoz, birsorkuntza bezala mozorroturiko zaharberritzea abiatu dute, Ahal Dugu eta aldaketaren blokeko subjektuak prozesuan barneratzeko asmoz. Euskadin, oligarken marka hegemonikoak eta herrialde osoan zehar esklabu duen txontxongiloak, EAJ eta PSE, arrakasta izaten jarraitzen dute gure herriko egoera oasi bezala mozorrotuz, baina hau iruzur diskurtsiboa besterik ez da. Jeltzaleen kudeaketa onak, ezberdintasunak inoiz baino gehiago areagotu, lan baldintzak inoiz baino prekarioago bilakatu eta pobrezia eta langabezi zifrak estrukturalak izatea lortu du.

Testuinguru honetan, Ahal Duguren lehentasun eta zereginak sakonki pentsatu eta aldatu behar dira. Iraganeko Vistalegreko hipotesiak eta hauteskunde gerra makinak, instituzioetan aurrerapausoak lortu zituzten arren, ez zituzten jarritako helburuak lortu eta bidean Ahal Duguren jaiotzan izandako baloreak sakrifikatu ziren. Barne demokrazia, mugimenduekiko lotura, zirkuluen autoantolaketa, politika egin eta eztabaidatzeko militanteen gaitasuna etabar. Hipotesi eta estrategiaren norabidea aldatzeko ordua heldu da.

Ahal Dugu Martxan hautagaitzak (Podemos En Movimiento), gizarte justizia, feminismoa eta ekologismoa ardatz dituen proiektua aurkezten du proposamen politikoan eta 180 gradutako aldaketa barne antolakuntzan.

Gure proiektu politikoak 78-ko bi alderdien erregimena aurrez aurre inpugnatzean datza, zaharberritzea bultzatzen duten alderdiek martxan jarritako prozesuaren aurka garbi eginez. Ahal Duguren politikak ezin dira PSOEren politiken mendeko bilakatu, zaharkitutako ordena birsortzen laguntzen duten akordioak ekidin behar ditugu. Erregimenarekiko haustura eta prozesu konstituziogileak defendatuz, eliteen botere ekonomiko eta politikoak sustraietatik erasotu behar dira, erradikalki demokratikoa den gizarte berri baterantz ekinez, ondasun amankomunetan oinarrituz. Gizarte zibilean eta gatazka sozialetan, aipatutako eraldaketaren adibide ugari ditugu (PAH, auzo elkarteak, 
kolektibo feministak, GKEak…), gizarte mailan ekosistema plural bat osatzen dutena. Ekosistema honi zabalduz elikatu behar gara, gatazka sozialak uztartuz, mugimenduak hauspotuz… Gizarte aldaketa ez bait da instituzioen mugarrietatik helduko, subjektu hegemonikoa eraikitzeko gizarte gatazken pluraltasuna eta autonomia bermatu behar da, alderdia mugimenduen ekosistemaren zerbitzura jarriz, aliantzak ehuntzen. Batasun popularra gizarte eragile eta aldaketaren aldeko beste subjektu politikoen eskutik eraiki beharra dago, baina ezin dira siglen batuketa hutsa izan, kupulen arteko akordio. Batasuna eta gehiengo sozialaren garapena prozesu konplexu eta pazientziaz egitekoak dira, hauteskunde denbora eta logiketatik harantzago, elkartasunez egunero lan eginez, etorkizuneko bloke sozial eta politiko kontra-hegemonikoan pentsatuz.

Norabide berri honi ekiteko, ezinbestekoa da hauteskunde gerra makina desmuntatu eta alderdi-mugimendua eraikitzea. Gure antolakuntza, gure praxia, lortu nahi dugun gizartearen isla izan behar da. Ondorioz, Ahal Dugu erradikalki demokratizatzea lehentasuna da, erreminta feministak barne eta kanpoaldera segurtatu alderdia despatriarkalizatuz, militante eta zirkuluei eztabaida politikorako eta alderdi erabakietan parte hartzeko eskubidea bermatuz. Gure erakundea gizarte zibilari zabaldu ahal izateko eta kontrako botere eta instituzio alternatiboak sortu ahal izateko, tokiko eraikuntza eta lurralde inplantazioa ezinbesteko lehen pausu dira eta zeregin hortarako tresnez hornitu behar gara. Orain arteko plebiszituen eta lidergo ahalguztidunen logikak ahuldu egin du kideen potentzial eta gaitasuna. Dibertsitatea eta pluraltasuna gure izaeraren oinarri bilakatu behar ditugu, barne prozesuetan printzipio hauek indartuz, lehiakortasun eta inposizio dinamikak akordio eta talde lanez ordezkatuz.

Aurrean daukagun erronka ez da makala. Oligarken esku eta zerbitzura dauden hedabideen bonbardaketa, iraganeko Vistalegrek jazarri zigun kultura politiko kainita, hauteskunde ziklo luzeak eragindako nekea… Ezin dugu hutsik egin. Komunikabideetan ematen ari den zirkoari amaiera eman behar zaio eta elkartasunezko eztabaida lasai eta eraikitzaileari ekin. Erregimenaren krisiak zabalik dirau, gure erantzukizuna da zirrikituetatik sartu eta miseria dakarkigun egoera sozial eta ekonomikoaren hormak botatzea. Bukatu dadila ikuskizuna, hasi dadila politika.

Buscar