Ai geroa A hirukoitz batez idatziko balitz!
Abertzaleak zorioneko ez dakit, baina sentsazio nahasietan dabiltzala esango nuke. Kataluniari begiratu eta beren bidean aurrera doazela ikusita, «eta guk zer?» galdera nagusi da. Haiek bide orri argi bat, herri mugimendu aktibo eta sutsu bat eta olatu ona hartu dutela sinetsita, Euskal Herrian zertan gabiltzan kezkarako motibo da.
Dudarik gabe, hain aldakorra eta larrigarria den egunerokoa gobernatu behar da, aurrekontuak, bidesariak, zaborrak eta gainontzekoen gainean erabakiak hartuz, baina herri subirano baten ideiari erliebe osoa emango dion politika batekin orekatuta beti, abertzalegoa lasaitu, adoretu eta gainontzekoak harritu ditzakeen maiuskulazko politika bati ekinez. Eta bistan da, gaur-gaurkoz, ez garela gai horretan asmatzen ari. Agian erabaki zuzenak hartzen asmatzen ez dugulako, agian existitzen ez diren formulazio politiko eta ekimen zehatzak asmatzeko gai ez garelako. Edo, agian, bietarik pixka bat egongo da.
Pellokeria dirudien arren, herri bakoitzak bere bidea, estrategia propioa du. Elkarrekiko errezeloak izan daitezke ere, zaku berean sartu nahi ez izatea eta beste. Baina hain ezberdinak diren herriak, hain igualak dira orain! Bruselatik begiratuta, adibidez, zaila da Eskoziak egingo duen independentziaren galdeketa Katalunian egin ahal ez izatea, edo flandriarrentzat baliagarria izan daitekeena Euskal Herriarentzat ez izatea. Soluzio orokor bat, soluzio europar bat eskatzen du egoerak, barne hedapen berri baten urtea, urte aparta eta erabakigarria, izango baita datorrena.
Estatuaren kolapsoa ate joka, ereduaren porrota, klase politiko dominantea eta epaileak mafia bailiran kontsideratuta... hitz batean, deskonposizioa hor dago. Arriskuak eta aukerak dakartza altzoan eta datozen hamarkadak guztiz baldintzatuko dituen jokaldi handiarekin asmatzea eskatzen du. Asmatzen bada, ondo, eta, asmatzen ez bada, luzaroan geure buruak madarikatzeko motibo franko. Horrekin batera, koktel berean eta ondorioak biderkatuz, krisi ekonomikoa ere hor dago. Errezeta neoliberalen eta murrizketen erlijioan konfiantza larregi eta sentsibilitate urria izan dutenek ere, arazoa larriagotzen duen faktore gehitua ikusten dute: gure kasuan, politika ezberdin bat egiteko tresnen gabezia. Espainiako botere zentralarekiko dependentzia eta subordinazioren ordaina. Europako olatu independentista, Estatuaren kolapsoa ala Madrilekiko dependentziak larriagotzen duen krisi ekonomikoa, seguru aski, ez daude independentziaren prozesua azkartzeko eta denboran gertukoa den horizonte batean ez bistaratzeko horiek baino argudio hobeagorik. Eta ez banderak ala ikurrak aldatzeko, herri hau aldatu ahal izateko baizik.
«Eta nola?», galdetzen dute askok. Bistan da etorkizuneko Euskal Herria ez dela Hasier Arraiz ala Iñigo Urkulluk nahi dutena izango. Jakina ez dela alderdien jokoaren zerbitzura dagoen egitasmorik behar. Ez da orain gero nork gobernatuko duen ebazteko unea, hurrengo hauteskundeetan botoak eskuinerago ala ezkerrago joango diren kalkulatzekoa. Ez. Egoera errotik aldatzea, joko arauak aldatzea, politika egiteko modua aldatzea... eskatzen du egoerak, maiuskulaz idatzitako egitasmo bat. Euskal jendearen borondatea indartuko duena, nahi duen bidetik aurrera egiteko baldintzak sortzeko programa bat, Euskal Herriaren independentziari zehatz eta gauzagarri leihoa irekiko dion apustua. Oinarrizko egiaztapenak dira hauek, baina gure herrian, are testuinguru honetan, sentzilloki iraultzaileak direnak.
Formula magikoen faltan, beharrik ere ez, sinple adieraziz, A hirukoitz batez idatz liteke erronkaren izatea. Herri honek abiapuntu berri bat behar du. Alderdi ala lider bakar batek gidatuko ez duen eta ideologia eta alderdien aniztasun osoa barnebilduko duen adostasun berri bat. Politikoki kudeatzeko zailagoa den arren, oinarri sendoagoa duelako. Akordio politiko berri bat, oinarri-oinarritik hazi eta erabaki argiak hartzeko indar nahikoa izango duen mugimenduaren programa, euskal gizarteak bere protagonismoarekin erakutsi beharko duen aspirazio kolektibo baten erakusle. Abiapuntua. Adostasuna. Akordio politikoa. Horra A hirukoitz batekin gure herriaren geroa idazteko erronka.