Josu Naberan
Idazlea

Alarma gorria keinuka

Ez da lehen aldia AEB horrek etsian eta itsuan hartu izana erabaki arriskutsuak gizadiarentzat. Baina oraingo egoerak ez dauka zerikusirik lehengoekin: orain «nuklearra» dugu egoera

Zaporiyia deitzen da. Izatez, Europako Zentral Nuklear handiena da, baita zaharkituena ere duela 7 urtetik honantz. Egotez, Ukrainan datza, baina une honetan Errusiako Armadaren eskuetan. Eta zer gertatzen da Zaporiyiako Zentral horretan, guztien begiak gune hari so egoteko? Hura bonbardatzen ari direla apropos… «Apropos»…, eta ez dakigula zein ari den!
    
Jada hori bakarrik «egoera kafkianoa» deitzea merezi du. Europa erdia suntsi dezakeen tramankulu bat «apropos bonbardatzen», eta horretan zeinek diharduen jakin gabe. Egoera «super-kafkianoa». Suspense baterako pelikula. Sikeran jakingo bagenu pelikulako «onak» edo «txarrak» diren… «Bakeroak» ala komantxeak… Baina horixe ere ez dakigu, inortxok ere ez baitu «erreibindikatzen» ekintza kriminal hori. Azter dezagun egoera hau, txit zaila den arren; zeren eta gerra egoeratan ohi denez (orain bezala Ukrainan), informazio eta des-informazioaren erdi-erdian murgildurik baikaude.

Eta noski, gainera, gertakari hau, hain larria izanik, gerra-propaganda gisa darabilte batzuek zein bertzeek, elkarri harrika egiteko. «Ni ez naiz, orduan zeu zara», eta hala, ukrainar nahiz errusiar, arrazoiz kargatuta. Zelan izango naiz ni, aizue, geure lurralde propioa bonbardatzen? Eroak garela uste ala?; eta errusiarrek: zer uste duzue, erotuta gaudela? Nola bonbardatuko dugu geure burua, hemen garela gure tanke eta tramankulu guztiekin?

Beraz, parte biek daukate arrazoia eta logika. Baina gerrako protagonista bietariko batek izan behar, ez da? Bietariko bat izan behar, Hura apropos bonbardatzen dirauena. Edo ote Hirugarren Zaldun bat Ukrainako gerra hüntan. Ez dozak izanen Txinoak, ez dok? Urrutixe. Hirugarren Zaldun bat agian?… OTAN bera akaso?; zeren honek ere protagonista-titulu guztiak baitauzka.

Puntu honetara iritsita, batek ez daki behe-lainoaren nahasmendutik zelan irten zorabiatu barik. Batetik, OTAN edo NATO deitatua, aski ongi dazagu. Hori Ukrainako gerra honetan Errusiaren atariraino muturra sartu duena, CÍAk gidatuta Ukrainian Estatu kolpea eragin zuena Yanukovsky demokratikoki hautaturen kontra, duela 7 urte, «Maidan» errebolta kolorekoaz baliatuta.

Bestalde, OTAN hori da AEBen gidaritzapean han eta bestean etengabeko gerrak piztu dituena aspaldi honetan… betiere beren lurralde estatubatuarretik urruti, badaezpada. Eta oraingoan ere leku ezin egokiagoa hautatu du… berarentzat, jakina. Leku ezin hobea geo-estrategia aldetik. Nekez utziko du halako leku egokia bere gerrarako. Gudu Zelai ezin hobea bere armak konsumitzeko, eta Moskowatik harrikada batera!

Une hüntan Estatu Batuek, beren aldetik, bidegurutzeko krisia bizi dute: orain Tio Sam ez da lehengo hura Lur planetan. Bera ez da inperialismo bakarra. «America only» zioen Tio Sam-ek, baina orain ez da «bakarra»; «America First» zioen Trumpek, baina orain ez da agian lehen-lehena Planetan, Txina ere hortxe baita parez pare. Txarrena da AEBek ezin dutela irentsi egoera barria. Eta horrek lurralde hura amorrutsu, intolerante eta erasokor bihurtzen du: gizateria ororentzat oso arriskutsu. Are arriskutsuago halako botere suntsitzailea duenean OTAN nuklearraren gidari gisa.    

Gauza da Kapitolioan «guerra nuklear mugatu» bat planteatu dutela honezkero. Hau da, aurreranzko jauzi itsu etsia ematea; hori bai, kontuz, Europaren bihotz-bihotzean, ezen ez bere lurraldean, baizik bere lurralde  propiotik aski urrun, beti bezala, ezen ez baitaude oraingoz hain ero. Halere, gure txokotik aski eta sobera hurbil dagoenez gerra nuklear datekeen hau, euskaldunok ere adi aztertu beharrekoa da.

Ez da lehen aldia AEB horrek etsian eta itsuan hartu izana erabaki arriskutsuak gizadiarentzat. Baina oraingo egoerak ez dauka zerikusirik lehengoekin: orain «nuklearra» dugu egoera. EE.BB-en egoera ere oso nahasia da, halaber. Ez dakit zehazki zergatik (beno, badakigu), baina hango populazioaren ehuneko erdia baino gehiago «gerrazalea» da (%60ª, datuen arabera). Erditik behera balitz ere, ehuneko nabarmena. Nabarmenkeria makala, pentsa!

Hortaz, Noam Chomsky iraultzaile ezkerrekoak, txit argi dakusanez hango panorama eta mundu mailako arrisku nuklearra, zera errepikatzen ari da: «AEB-ei ez zaie interesatzen gerrarik».  Zera dirudi, baina: bera XXI. mendeko iragarlea dugu, Jeremias profeta bailitzen Israelen, bere basamortuan alferrik aldarrikatzen bakea.

Ondo dakigu Ukrainako gerra ez dela bakarra; Afrikan eta Asian 18 gatazka larri dago une honetan: Camerun, Etiopia, Palestina, Mali, Mozanbike, Yemen… eta orain Sáhara, ez ahaztu. Halere Ukrainakoa dugu hurbilen guretzat eta Europa osoarentzat: arrisku larria,  alarma gorria pizteko modukoa. Izan ere, oraingo oihartzunak ez baitatoz leku zehatz gabe batetik, baizik eta oso leku zehatzetik: Zaporiyia: Europako Zentral Nuklear handiena bezain zaharkituenetik. Nahikoa da «behin bakarrik» hura bonbardatzen saiatzea, alarma gorria justifikatzeko.

Dena den, hor gertatzen ari dena, oro har, ez da batere lasaigarria: Zelenskyren gobernuak Alderdi Politikoen debeku selektiboa legeztatu du, eta Sindikatu Bertikal bakarra. Guk badakigu hori zer den: hemen hain justu Francok egin zuena. Gainera, «ukro wikingoen» atentatu politiko batzuk Gobernutik bertatik antolatuak dira, ziur; adibidez abuztuko 19ko atentatua Moskowko filosofo anti-atlantista ospetsu baten kontrakoa, zeinetan haren alaba erail zuten, TNT karga letala leherraraziz haren auto azpian.    

Buscar