Internazionalista
Altxamendu baten erradiografia

Azken altxamenduan, CONAIE Ekuadorko Antolakunde Indigenen Koordinadora Nazionalak markatu ditu erritmoak. Aldarri orokorrei beste batzuk gehitu zizkieten, meatze-erauzketa kapitalistaren aurka. Haien borroka-estrategia egunotan mila aldiz errepikatu duten kontsignan berretsi dute: «Nola egiten dute borroka Ekuadorko herriek? Esanez-eginez, esanez-eginez, esanez-eginez, carajo!».

24/10/2019

Ekuadorrek ohiz kanpokoa den interes informatiboa piztu zuen 12 egunetan zehar. Arrazoia? Urriaren 3tik 15era bitartean iraun duen herri altxamendua. Lenin Moreno presidenteak egun bat lehenago nazioari zuzendutako mezua izan zen lehergaia, nahiz eta, egia esan, denbora luze bat bazeraman egoerak berotzen.

NDFren esanetara

Otsailean, Ekuadorko Gobernuak kanpo-finantzazio akordio bat sinatu zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin, 4.200 milioi dolar jaso zitzan: ohikoa den moduan, entitate mailegatzaileak austeritate neurriak aplikatzeko exijitu zuen; hau da, gastu publikoa doitzea, soldatak eta lanaren kostua jaistea, ekonomiak irekitzea eta lan munduko legeak erreformatzea, beste askoren artean. Morenok, 2017ko maiatzean Ekuadorko presidente bihurtu zenetik, 23.000 funtzionario kaleratu ditu, baina neurri horiek, Nazioarteko Diru Funtsaren esanetan, ez dira nahikoak izan.

Urriaren 2ko 883 dekretuak herri sektoreen itomena areagotu zuen: enplegatu publikoen oporrak 30 egun izatetik 15 izatera igaro ziren, lan erreformek zuzenduko zituzten kontratu berriak, sindikatuak ahultzera zeramatzan, agroindustriaren arloan lan eskubideak suntsitzen zituen, erretiratzeko adinaren igotzen zen… Eta, agian, denetan gogorrena: erregairako subsidioaren deuseztapena, duela 40 urtetik indarrean zegoena. «Paquetazo» gogor hark pobreziara kondenatzen zituen milioika ekuadortar. Basakeria horretaz jakitun, Gobernuak miseria-bono bat eskaintzea aurreikusten zuen: hileko 15 euroko konpentsazioa, behar gehien zuten familientzat.

Urek matxinadak zekarzkiten

883 dekretua izan zen altxamendua lehertzeko azken txinparta. Morenoren Gobernuaren eta Ekuadorko gizartearen artean lehendik zegoen haustura areagotu zuten hainbat faktorek. Ekuadorko herriaren zati handi batek Rafael Correaren traidoretzat dute (haren presidenteorde izan zen 6 urtez), baina are gehiago, bere promesen traidoretzat dute: «nire agintaldiaren amaieran, nahiko nuke esan ahal izatea haurren desnutrizioa desagerrarazi dela, muturreko pobreziari aurre egin zaiola, ustelkeria garaitu dela eta gazteriaren ekintzailetza sustatu dela». Edozein saltzaile ibiltarik inposatzen zaizkion zerga guztiak ordaindu behar dituen bitartean, egungo Ekuadorko Gobernuak zerga-betebeharrak barkatu dizkie enpresa handiei, 4.500 milioi dolarreko zenbatekoan.

Eskandalagarria izan da Morenok Estatu Batuetako politika inperialisten aurrean izan duen jarrera: Galapago irlak eman ditu, Estatu Batuek base militar bat ezarri dezaten; Venezuelari eraso krudelak egin zaizkio Limako karteletik; Unasur desegiten lagundu du aktiboki, eta Prosurren sortzaileetako bat izan da, Macri, Piñeira, Bolsonaro eta Ivan Duquerekin batera. Honela azaltzen da Ekuadorren lehertu zen klase konfrontazioa, altxamenduen egunetan: herrialdeko zapalduak dekretuaren aurka mobilizatzen hasi zirenean, Ekuadorko eskuina, NDF eta diplomazia estatubatuarra izan ziren neurriak txalotu zituztenak.

Herria altxatu eta Gobernuak jazarri

«Paketazoaren» berri izan orduko, herrialdean zehar bat-bateko mobilizazioak lehertu ziren. Garraiolarien hainbat federaziok ohartarazi zuten beren ibilgailuek ezin zutela zirkulatzen jarraitu erregaiaren gastua %123 igota, eta hala gertatu zen. Hirugarren egunerako, ia ibilgailu guztiak paralizatu zituzten, eta istiluak hasi ziren herrialdeko hainbat puntutan; garraiolariei irakasleak eta unibertsitateetako ikasleak batu zitzaizkien. Morenok argi erantzun zuen: «hartutako neurriak aldaezinak dira».

Klase gatazka guztietan bezala, modu ankerrean deskalifikatu ziren sektore mobilizatuak; alfertzat, bandalotzat eta lapurtzat jo zituzten. Desinformazio maila ikaragarria izan zen, eta hori komunikabide handiak gobernuaren tesiekin lerrokatzeari esker izan zen. Telesur neutralizatu zuten; emigratzaile venezolarrak eta Correa nahiz Maduro seinalatu ziren altxamenduen arduraduntzat.

Gobernuak muturreko indarkeriaz erantzun zuen lehen unetik. Urriaren 3an 60 eguneko salbuespen egoera dekretatu zuen. Ondoren, gaueko etxeratze-agindua dekretatu zuen, bere Guayaquilgo bunkerretik. Poliziaren errepresioa, ejertzitoak lagunduta, areagotu egin zen, modu esponentzialean. Basakeriak ehunka atxilotu, 1.340 zauritu eta 8 eraildako utzi zituen.

Jatorrizko herriek indarrez sartzen dira jokoan

Bi egun geldirik egon ostean, garraiolarien federazioek amaitutzat jo zuten lanuztea. Ekuadorko 15 nazionalitate indigenak, ordea, berretsi egin ziren horretan eta, une hartatik aurrera, euren gain hartu zuten herri-erantzunaren lidergotza. Pertsona gehien mobilizatu zituen sektorea izan zen, zalantzarik gabe, presio gehiena eragin zuena, errepresio gehien jasan zuena eta pertsona gehien galdu zituena bidean. Eta, noski, deskalifikazio gehien entzun behar izan zituena. Burgesia kreole arrazistak jatorrizko herrien aurkako irain zaparrada jaurti zuen, errepertorioa agortu arte; beti hartu izan dituzte jende arrotz gisa eta, mobilizatu izan direnean, arriskutsutzat jo dituzte. «Itzul daitezela landa eremutara, indio carajo hauek».

Herrialde osoan zehar daude eta gai dira herrialde osoa geldiarazteko, hala nahi badute. Oso zaila da Ekuadorko herri indigenak neutralizatzea. Morenok jakin zuenean jatorrizko herriak Quitorantz zihoazela, beldurrak garaitu zuen eta presidente egoitza Guayaquilera mugitzea erabaki zuen.

Hipotesi ridikulu batek dio jatorrizko herriek arrasto folkloriko batzuk mantentzen dituztela baina, subjektu historiko gisa, erregimen kolonialak eta gerora errepublikanoak xurgatu zituztela. Argi desmuntatu da hipotesi faltsua; beste behin ere, azken altxamenduek aurkakoa erakutsi digute. Ekuadorren historiak gezurtatu egiten du, eta baieztatzen du aurreko altxamendu indigena asko garaileak izan direla, eta emakumeak izan direla pieza garrantzitsu. Adibidez, 1919ko Kayambiko altxamenduaren burua Encarnacion Colcha izan zen, eta 1931koa, berriz, Dolores Cacuango eta Transito Amaguaya.

Azken altxamenduan, CONAIE Ekuadorko Antolakunde Indigenen Koordinadora Nazionalak markatu ditu erritmoak. Aldarri orokorrei beste batzuk gehitu zizkieten, meatze-erauzketa kapitalistaren aurka. Koordinadoraren proiektu politikoak, beste gai batzuekin batera, nazionalitate indigenen burujabetzaren defentsarako plan plurinazionala du, eta baita hezkuntzarako eta hezkuntza elebidunerako plana ere. Haien borroka-estrategia egunotan mila aldiz errepikatu duten kontsignan berretsi dute: «Nola egiten dute borroka Ekuadorko herriek? Esanez-eginez, esanez-eginez, esanez-eginez, carajo!»

Akordioen unea iritsi zenean, CONAIE izan zen Lenin Morenoren hizketakidea, «aldaezina» zen «paketazo» hura
orduan. Eta, aurreko egitandien modura, elkarrizketen bileretan egon zen emakumezko buru indigena bat izan zen Moreno kriminaltzat akusatu zuena, bere herria erreprimitzeko eta erailtzeko agindua eman zuelako.

Ondorio gisa

Ekuadorren gertatu dena herrialde txiki honen mugez harago doa. Abya Yalako eta munduko pertsona askok izango dute erreferentziatzat Ekuadorren gertatua. Zorigaiztoko 883 dekretua neutralizatzea lortu da herri presioari esker, baina tentuz ibil daitezela NDFri aurre egin diotenak. Aurrez bere gain hartutako konpromisoak traizionatu dituen gobernu batek, sinatu berri direnak ere bete gabe utz ditzake. Jada hasi da Urriko Altxamendu honetan nabarmendu ziren hainbat aktibista jazartzen eta espetxeratzen.

Artículos
Aitxus Iñarra
19/11/2019
Santiago González Vallejo
19/11/2019
Fátima Amezkua Kortadi
19/11/2019
Mikel Ciaurriz Marco-Maitagarri Echarri Zabalza
18/11/2019
Cartas
Manu Ballesteros
19/11/2019
Pedro Mari Usandizaga Añorga
19/11/2019
Iñaki Ereño Bengoa
19/11/2019
Txus Pérez Artuch
18/11/2019
Últimos posts
Martin Garitano
18/11/2019
Fito Rodriguez
18/11/2019
Dabid Lazkano
16/11/2019