Esti Amenabarro Iraola
EHU-UPVko irakaslea

Amasa-Villabona etorkizunari begira. Konposta ala errautsa?

Hondakinak murriztu, berrerabili, gaika bildu eta birziklatu, hori da bidea.

Europako Parlamentuak 2020 urteari begira hainbat erronka zehaztu ditu. 2020 urterako erraustegiak ez dira eraiki behar eta zaborrak kudeatzeko bestelako mekanismo orekatuagoak bilatu behar dira (Janez Potocnik-ek Europar Ingurumen komisarioak, argiki nabarmendu du, ikus: http://ec.europa.eu/commission_2010-2014/potocnik/index_en.htm).

Zertarako nahi dute eraikin bat egin gero ez bada posible izango bere bideragarritasuna? hau zer izango da Castellóko aeroportuaren antzeko obraren bat?

Zergatik herrialde aurreratuetan ohikoa eta normala dena,hots, gai tekniko bat, gurean anormal bihurtzeko nahikeria? interes zehatzen bat ote?.

Ados egongo gara denok, gutako bakoitzak sortzen duen hondakina norberarena dela, hau da, nire etxean sortzen ditudan hondakinak nireak direla eta nire jarreraren arabera, hondakin gehiago edo gutxiago sortuko dudala.Eta hondakin horiek modu egokian tratatzea, hau da, dagokion tokian jartzea ere norberaren ardura pertsonala dela.

Hondakinen kudeaketaren inguruan sortu den eztabaida guzti honetan, ezkutuko interesak daude, Amasa-Villabonako kasuan,Patxi Agirre bezalako figura bat ekintzara pasatzen denean ia beti dakigu zein diren interes horiek. Asko, gainera. Baina funtsean bi nabarmenduko ditugu. Lehena, gizarte eredu zehatz bat dago honen atzean, bizitzeko modu bat, kontsumo eredu zehatz bat,gizarte neoliberalak bilatzen duena, erosi azkar eta asko; ondoren sortu hondakina eta gero enpresa-lobby handiek konponduko dizkigute arazoak, kasu honetan mezua zehatza da, zaude lasai, errauskailuak dena erreko du eta («queremos seguir como estamos» irakurri dugu gure kaleetan).

Eredu honetan daude errauste planta eraikitzearen aldeko apustua egin dutenak. Hor daude haien ezkutuko interes denak, izen eta abizenekin (lizitazio irregularrak garaiko Foru agintarien orbitako enpresei, enpresen interesak bestelako zerbitzuak kontratatzeko, FCC (esleipenduna) enpresan Vocentoren parte hartzea Santander bankuaren bitartez. Foru Gobernura Bildu iritsi bezperatan EAJk egindako maniobrak, lizitazioa eta kredituak sinatzeko.

Bigarrenik, gure arduragabetasunak enpresa eta multinazional asko eta asko diruz hornitzen ditu. Eta EAJ ia beti enpresa eta multinazional horien alboan egon izan da. Errauste plantaren apustu politikoak (EAJk lideratua Gipuzkoan) 10 urte bete ditu. Soilik, herri mugimenduaren eskaria eta borondatea izanda gai, ezkutuko interes hauei frenoa jartzeko. Gipuzkoan zero zaborren inguruan sortu den dinamikak, hondakinen eztabaida hau lehen lerrora ekarri du. Eta erraustegia egitearen konpromisoa hartuta zutenak urduri jarri dira. Eta botere faktiko zein enpresa lobbyak urduri jartzen direnean ia beti mendekua nahi izaten dute. Hain urduri zein Gipuzkoan zaborren gerra moduko bat ikusarazi nahi digute. Ikusi besterik ez dago, Villabonan bertan, PSCko kide Hector Gonzalezek, Ingurumen zinegotzi kondizioan bere udalerrian Atez atekoaren sustatzailea bera, nola, hitzaldia ez emateko gonbidapena jaso zuen, ez joan Villabonara hitzaldia ematera, esan zioten. Formak asko adierazten dute. Formak ere Patxi Amantegi eta enparauek Villabonako zinean erakutsitakoa, argitasun negargarria eta gezur jario etengabea. Urduri daude. Bestelako eredu eta aukerak planteatzen ari baitzaizkie euren ezkutuko interesei.

Orain artean hondakinak biltzeko sistemak eman dituen emaitzak argi adierazten dute arazo bat duguna (%27a, gainerakoa zabortegira botatzen dugu erretzeko). Amasa villabonatarrok gutxi birziklatzen dugu eta zaborra etengabe sortzen; gainera, askori hondakina zein edukiontzietara bota asko axola gabe. Aitor dezagun honetan helduok askoz ere nota baxuagoa ateratzen dugula, zorionez haurrak balio berritzaileagoetan hezi direlako. Baina asko dago egiteko.

Arazoari irtenbidea bilatzeko, aukera desberdinak egonik ere gaur gaurkoz Atez Atekoa aukera erreal egoki bat da (Europar Parlamentuak berak ‘praktika egoki’ baten moduan aurkeztu du).Gehien birziklatzea ahalbidetzen duen sistema delako. Eta herri askok erakutsi dute hori dagoeneko.

EAJren proposamena beste edukiontzi bat jartzea da eta erraustegia egitea. Baina arazoa ez da edukiontzi kopurua bera; beste 10 jarrita ere, gure balio zibikoak ez baditugu aldatzen eta zaborra sortzen jarraitzen badugu mugarik gabe, Amasa-Villabona zabortegi handi bat bihurtu daiteke. Birziklatzea beharrezkoa da, eta ikasi egin beharko dugu sortzen dugun zabor guztia nola kudeatu behar den. Horretan, eskolak, instituzioek eta bestelako eragileek lan egin behar dute.

Erraustegia eraikitzea da EAJk Gipuzkoarako duen plan estrategikoa, baita Donostian Metroa eta Pasaiako Portua ere, euren alderdi bereko beste arduradun batzuk bertan behera utzi dituztenak gero, zenbakiek nabarmen hitz egiten baitute.

Herritarrok ez dugu erraustegirik nahi. Amasa-Villabona kokaleku posible moduan aipatua agertu zenean, Bakartxo Tejeria andereak (garai hartan gure udalerriko alkatesa eta gaur egun Hego Euskal Herriko Parlamentuko Lehendakaria) berehala erabili zituen bere influentziak Amasan erraustegirik ez jartzeko. Plazan herritar ugarik protesta eta oihu artean hartu zuten bitartean. Ikusi baita, inuzente egunaren karietara kalean agertu ziren kartelek eragin zuten zalaparta. Inork ez dugu nahi gure herrian, baina Zubietan bai? EAJri berdin zaio Amasa-Villabonan ez beste inon jartzea?

Europan, Katalunian... normala dena, hemen arraroa da; eta argi dago zergatik: Bilduk proposatutakoa delako, nahiz agerian egon (eta aho txikian hala onartu) emaitzarik onenak ematen dituena dela (%70-80 birziklatzea lortuko dugu, Legorretan aste gutxirekin bide horretan dira, Astigarragan %85,5era iritsi dira) eta etorkizunari begira aukera erreal bakarra da.

Gure gizarte bizitzaren esparru askotan bezala, hemen ere bi aukeren aurrean aurkitzen gara: bata multinazional eta enpresarien ezkutuko interesen mendeko politikei amen egin (neoliberalismoaren eskema klasikoa: nik esango dizut zer egin eta zuk bete);edota gure herriaren etorkizuna naturaren eta baliabide ekonomikoen ustiaketa burujabe eta kontziente batetik egin. Argi izan behar da herritarrok lau urtero botoa ematea baina ardura gehiago dugula gure herriaren eraikuntzan.

EAJk gezurra eta izua oinarri duen gerra moduko bat planteatu du zaborrekin eta Diario Vasco egin du bere aliatu natural. EAJri zaborra ez zaio interesatzen, EAJ ri Amasa-Villabonako aginte makila interesatzen zaio; eta horretarako bere aukera mugatuekin gerra deklaratu du.

Izan ere, Europako herri aurreratuek Atez Ateko sistemaren aldeko apustua egiten dute, ongizaterako bidean. Lanpostuak sortuko ditu, kea eta kutsaduraren kalteak saihestuko ditugu,eta herritarrok arduratsuago izango gara zaborra kudeatzerakoan. Halakoek, argi adierazten dute bakoitza non dagoen eta zertara aurkezten den hauteskundeetara. Animo Bilduko Udal talde osoari. Eskerrik asko, interes elektoralen gainetik gure osasuna oinarri duten erabakiak hartzeagatik, denborak norbera bere lekuan jarriko du.

Hondakinik onena sortzen ez den hura.

Buscar