Sabin Etxaburu Arrizabalaga

Anakletoak, analfabetoak

«Ertzain» hauek, edozertxo gauza bategatik, asaldatu eta sutu egiten zaizkigu; ba ni, asaldatu, sutu eta onetik ateratzen nauena da: «anakleto-analfabeto» hauen txatxukeriak; eta gogorarazten didate Ciceronen galdera entzutetsu hau: «Quousque tandem abutere, Catilina, patientia nostra»?

Aurten, Ondarroan, Apirilak 19an. Arratsaldeko 8.15-etan gutxi gorabehera.

Bi gizonezko Nafarroako Zugaztian banku publiko batean jarrita eta bertan dagoen tabernako zerbitzariari ordaindu ostean, garagardo botilalatxo banarekin kalaka patxadatsuan.

Eta, ni neu, beste banku publiko batean jarrita, aldamenean ibiltzeko karro-laguntzailea nuelarik; beste inor ez zen Zugaztian.

Eta, hara non, bi «ertzain», patruila-kotxe batean Zugaztian sartu eta erdi-erdian aparkatu ondoren, zuzenean zuzentzen direla gure parodia honetako garagardo edale biengana esaten, zirudienez, ordu eta toki hartan debekatuta zegoela edatea. Gure edale biak ez ziren ausartu erantzuten zerbitzariarekin aurretiaz adostu zutena, hau da: terrazako mahai-aulkietatik jaso eta aldamenean zeukaten banku publikoan eseri ezkero bazutela jarraitzeko aukera botilatxoetako hondakinak xurgatzeko eta, ondoren, botilatxo hustuak ahal zutela inguruan dauden zakarrontzietara bota.

Eta, zer gerta zen? Ba, uste nuena: pertsona armatuen aurrean gehienetan egiten dena, isildu eta amore eman. Hau da: itxita zegoen taberna-atarira deitu eta zabaltzera urreratu zitzaien zerbitzariari botilatxo biak bihurtu garagardo hondakinak edateko aukerarik gabe; eta pake santua! Amén!

Bitarte horretan ni, eta zazpi-zortzi bat metrotara nengoenez, ahots altuan ozenki «ertzain» bieri adierazi nahian: ez zitzaidala iruditzen egoki zugazti publiko baten erdian patruila-kotxe bat aparkatzea, eta ene uste apalean, utzi ahal zietela azken zurrutadak ematen ordainduta zeukaten botilatxoetako garagardo hondakinari; mesedez eskatzen nien.

Eta hara, halako batean, niregana zuzentzen dira «ertzain» biak «espainol» garbian. Euskaraz erantzuten diet esanez ez dudala espainera hizkuntza erabili nahi eta, beraz, ez dudala erabiliko. Baina, eta bai zera! Tiki-taka hartan konturatzen naiz tutik ere ez zutela ulertzen euskaraz; beraz, eurei aurretiaz zuzendutako bi esaldiak, hutsaren putza! Eta hori, euskara batua erabiltzen ahaleginduta!

Eta non hasten zaizkit biak zirika eta mehatxuka: «¡Estás muy nervioso!»; «¡No sabes lo que dices!»; «¡Estás utilizando malos modos y maneras!»; «¡Ojo con lo que te pueda caer!». Azken esaera hau, bizpahiru aldiz gutxienez errepikatu zidaten.

Baina eta, neure buruari galdetzen nion, zergatik ote dabilzkit zernahi esaka eta mehatxuka? Ni guztiz lasai aurkitzen banaiz eta inolaz ere ez baditut iraindu eta ezta keinu zatarrik egin!

Nire ustez, arazo larri bat zuten: euskaraz hitz egiten niela eta, beraz, ezin zidatela ez ulertu, ez eta erantzun; eta horrek sortzen zien amorrua.
 
Behin eta berriro, espaineraz nahi ninduten entzun eta nik, ezetz eta ezetz, ene hizkuntza euskara dela eta euskaraz baliatu nahi nuela adierazten nien. «Euren analfabetokeria, niri espaineraz eraginda, nahi zuten estali».

Eta, ingurutik igarotzean, han gelditzen ziren pertsonekin jende mordoxka eder bat osatu zen eta artean, bat aipatzekotan, herriko alkate jauna. Denak nire alde agertu ziren eta babesa sentitu nuen mehatxuka zernahi esaka ari zitzaizkidan bi «ertzainen» aurrean; eskertu beharrean nago.

Eta karneta eskatzen hasi zitzaizkidan eta nik ez nuela aldean esaten nien; gero, karneteko zenbakia, eta eman nien, euskaraz noski; pare bat minutu luze gutxienez behar izan zituzten zenbakiak apuntatzen: 1, 4, 1, 8, 6, etab.

Egoera hura ez dakit barregarria ala negargarria zen, agian biak.

Eta, halako batean: «La mascarilla, ¿qué?». Arnasarekin arazoa dudala azaldu nien eta badudala musukorik gabe kalean ibiltzeko agiria.

Dirudienez, zerbait ulertu eta agiria eskatu zidaten, eta eman egin nien; baina agiriaren bi orriak euskaraz soil-soilik zeuden idatzita; beraz, ezin piperrik ulertu! Mekauennnnlapuineta!!

Agiria bihurtu nahi izan zidaten, baina ez nien onartu nahi izan, ez baitzuten eskuak garbitu agiria eskuetan hartzeko, eta diotset:

«Zuek, hain kiskilotsuak izan bazarete pandemia arauak betearazten garagardo edale bi haiekin, zer dela eta ez duzue era berdintsuan zeuen buruarekin jokatu eta, arauek agintzen duten lez, eskuak garbitu Agiria eskuekin ukitu aurretik? Orain nola jasoko dut bueltan eskuak ez baduzue garbitu?».

Bost bat aldiz errepika nien ulertu ziezadaten «garbitu» hitza, baina bai zera! Edo ez zuten usaindu ere egiten zer esaten nien, edota ez zuten «gelik» edota ez zuten oraindik eta barregarriago geratu nahi izan (eskuak garbitzea agindu nielako), inguruan pilatzen ari zen jendaurrean; dena dela, bankuan geratu ziren orriak, nik ez bainituen hartu nahi izan; posible baitzen kutxatuak izatea euren eskuarteanerabiltzearen ondorioz.

Bitartean, tarteka-marteka, hara urreratu zen jendearekin hizketan jarraitu zuten espaineraz hainbat kontraesanetan erortzen zirelarik. Esaten zuten Espainiako Konstituzioaren izenean espainieraz hitz egiteko betebeharra genuela; eta erantzunez diotse deitzeko kuartelera euskaraz zekiten ertzainak etor zitezen. Eta ahaleginerako inolako imintzio eta inora deirik egin gabe, bapatean erantzuten du «ertzain» batek: «están todos ocupados». Baina, non bizi gara!

Beste batek (nire espaineraz ez egiteko eskaerari jaramonik egin gabe), komisaldegira eramango ninduten mehatxupean «ya va por la tercera» eta isunen bat jarriko ote zidaten bildurrez eta, baita ere, inondik inora ni espaineraz identifika nahian zebiltzanez (nahiz eta aurretiaz utzi nien aipaturiko agirian argi eta garbi agertu) diotse espainieraz:

«Se llama Sabino Etxaburu». Ertzain bat idazten ari zen eta, ikusi zuenean nire izen abizenak nola idazten ari zen, jarraitu zuen: «la primera letra de nombres y apellidos se escribe con mayúscula, vive en calle Artabide de Ondarroa y, Ondarroa, se halla en la provincia de Bizkaia». A ze-nolako barre-algarak! Arrigorri puntatik entzuteko modukoak! Ez zen gutxiagorako! Usoek ere iheska zalaparta bizian!

Eta gehiago luzatu gabe, egoera honek bururatu dizkidan galdera eta iritzi batzuk azaldu nahi ditut.

Nola daiteke «ertzain» = «herri zaindari» bat, berak «zaindu» behar duen «herri» horren hizkuntzan, analfabeto izatea?

Nola daiteke bi «ertzainek» Agiri bat eskatu eta eskuratu ondoren ez izatea gai zer dion ulertzeko? Anakleto handiagorik, non ahal aurkitu?

Nola daiteke bi «ertzainek» kotxe-patruila bat zugazti publiko baten erdi-erdian aparkatzea, hurbil zeukaten errepidearen alboan edota Gudarien Oroitarriaren inguruan, ohi duten lez, ahal zutenean inolako traba eta arazo gabe?
 
Nola daiteke bi «ertzainek» bi pertsonari baimenik ez ematea tabernariari ordaintuta zeukaten garagardo botilatxoen hondakinak edateko? Tentela izan behar da gero!

Nola daiteke bi «ertzainek» «están todos ocupados» erantzutea euskaraz zekiten ertzainak eskatu zitzaienean? Inozotzat hartzen gaituzte!
 
Nola daiteke «ertzainek» ez dakit zenbat aldiz mehatxatzea, «ojo con lo que le pueda caer», «tus malas maneras» argudiatuz eta «malas maneras» horiek zeintzuk diren azaldu gabe? Baina, nortzuen eskuetan gaude?

Eta, «ertzain» hauek, edozertxo gauza bategatik, asaldatu eta sutu egiten zaizkigu; ba ni, asaldatu, sutu eta onetik ateratzen nauena da: «anakleto-analfabeto» hauen txatxukeriak; eta gogorarazten didate Ciceronen galdera entzutetsu hau: «Quousque tandem abutere, Catilina, patientia nostra»?

Holako jendilajeak eurek nahi dutena egiten digute, hau da:

«Euskaldunori espaineraz hitz eraginez, euren anafabetokeria estali nahian, atzerritar sentiarazten gaituzte geure Euskal Herrian».

Eta erru guztia ez du soilik jendemodu honek baizik eta, baita ere, hauek bidaliz, agintzen dizkieten euskara-maitale Jaurlaritzako EAJrrek.

Buscar