Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatibako kidea

Antidotoak

Historian ezkerreko partiduen degenerazio edo usteltzea hain sarri gertatu da, ezen arazoa ezin dugula gutxietsi edo txantxetan hartu. Ezta gaindiezintzat hartu ere. Eztabaidatu beharko genuke zergatik gertatzen den hori (zein baldintza objektibok bultzatzen duten sistemarekiko asimilazioa edo iraultzen gainbehera eta zer estrategia eta neurri hartzen diren bi arazo horiek saihesteko).

Aurreko artikuluetan azaldu dudan moduan, erakunde liberal burgesetan printzipio sozialistekin leial, zintzo eta fermuki aritzeko gaitasuna ez izatearen beldurra (jarduera instituzionalak usteldu eta integratu egiten duelako) ulergarria da, baina bataila horretatik kanpo jartzeak ez du demostratzen konfiantza handirik dagoela alderdi batekiko sendotasunarekin eta jatortasunarekin.

Jarrera abstentzionistak, indar metaketaren estrategia zapuzteaz gain, orainaz zein etorkizunaz aritzeko tinkotasuna baino, ahultasuna adierazten du. Ahul ikusten duela bere tinkotasun iraultzailea. Izan ere, hoberenean ustezko (iraultzaren) balizko garaipen batean, aldez aurretik zaildu gabeko partidu horrek (burgesiaren losintxa eta sirena kantutik ihes egiteko gai ez dena) nola erantzungo lioke behin boterean usteltzearen aldetik askoz arriskutsuagoa izango den egoera bati? Erakunde burgesetan aritzea arriskutsua baldin bada (eta da), askoz arriskutsuagoa da behin boterea bere eskuan duela horrek sortzen dituen pribilegioak beren onerako erabiltzea eta degeneratzea. Burgesiaren presioari aurre egiteko gai ez den alderdi iraultzaileak gutxiago eutsiko dio irabazle denean, eta azkar etorriko da gainbehera. Sobietar Batasunean, Txinan eta Nikaraguan gertatutakoa dugu lekuko.

Iraultzaren aldeko mugimendu batek gai izan behar du kapitalismoaren instituzioetan sendo eta tinko eusteko bere printzipioei; behin sozialismora helduta, printzipio bertsuekin jarraitzeko gainbehera etorri edo usteldu gabe. Bi egoeretan arriskuak daudela ezin uka, eta hori oso kontuan izan beharko dugu, baina batean zein bestean gakoa da printzipioekin leial mantentzea eta arriskuaz ohartuta egotea. Beste kontua da, uste bada, boterearen esparruan eta boterearen aurka borrokatzeak azkenean beti usteltzen duela (anarkistek edo autonomoek dioten bezala) erakundea edo pertsona. Hala balitz, horrek ekarriko luke erreforma garaietan zintzo eta ondratu eta iraultzaren ondoren sano eustea ezinezkoa dela sinistea. Gizakiak, egiten duena egiten duela, ez duela atarramentu onik, beti usteltzen dela.

Siniste horrek gutxi du iraultzailetik eta gehiegi ezkortasunetik. Gauza bera egoerari aurre egiteko moduan. Hondamendi eta katastrofe baten aurrean gaudela ukatzeak inkontzientziara garamatza, eta katastrofe horri aurre egiteko gauza ez garela pentsatzeak, berdin.

Bietan, ezkortasun edo etsipenean murgiltzeak gure akabera suposatuko luke. Berriro Gramsci gurera ekarriz, arrazonamenduaren ezkortasunari (egoera latza baita eta hori ezin da ezkutatu) borondatearen baikortasunarekin erantzun behar zaio. Baina borondateak kontuan izan behar du zein baldintzatan borrokatzen dugun.

Hori bai, gaurko egoera burgesean zein iraultzailean, garrantzia duena da gertatutako degeneraziotik (sozialdemokraziarena edo estalinismoarena) ikastea. Alde batetik, langileriaren, herritarren eta mugimendu sozialen independentzia eta autoantolaketa bultzatuz. Oraindik talde batzuek uste dute mugimendu sozialen tinkotasuna partiduen transmisio uhala bihurtzean datzala (adibide bat da Etxebizitza Sindikatuak Kontseilu Sozialistarekin duen lotura zuzena). Bestetik, alderdi zein talde sozialen barne demokrazia bermatuz, gutxiengoen eskubideak onartuz eta babestuz, tendentziak barne.

Dena den, hauteskundeek borroka politikoan duten lekua dela eta, zuzeneko demokraziako proiekturik ezingo da txertatu gizartean, zehazki lau urtetik behin hauteskundeak egitea baino eraginkorragoak diren beste modu batzuk daudela frogatzen ez bada. Eta arlo horretan ezkerreko partidu gehienak hankamotz dabiltza (gabiltza).

Azken artikuluan aipatzen nuen azken urteetako herri-altxamenduek behetik antolatzeko gaitasuna erakusten dutela, sare sozialei eta milaka aktibistaren ekimenari esker, egungo gizartean mantendutako botere-delegazioa bere egiten ez dutelako. Ideia horrekin bat egiten dutenek, beheko ekintza komunean, lantokietan eta auzoetan, zapalduen taldeetan, kooperatibetan, kontsumoan, kirol-jardueretan, bizitza edo aisialdia antolatzen dituzten elkarteetan, bizitza antolatzeko irtenbide hobeak aurkitzen dituztela sinisten dute. Alabaina, oraindik ez dira aurkitu mobilizazio eta ekintza-modalitate berri horiek kontuan hartzen dituzten zentralizazio eta ordezkaritza-moduak. Partiduek lagundu dezakete zeregin horietan; ez, ordea, ordezkatu eta suplantatu.

Beste kontua da pribilegio pertsonalen eta profesionalizazioaren arriskuei nola egin aurre. Alde horretatik, politika instituzionalean aritzen direnek ez lukete irabazi behar langile kualifikatuek baino gehiago, ezta gainsariak onartu (edo ate birakariak erabili), ezta denbora gehiegi iraun arlo horretan. Errotazioa eta gardentasuna bultzatu behar da.

Bestalde, instituzioetan hasi aurretik (parlamentari edo instituzio buru) onuragarria litzateke mugimendu sozialetan eta kaleko borrokan ibili izana. Hori ezin da absolututzat hartu (beti daude salbuespenak), baina bai komenigarritzat. Adi, bulegoetatik zuzenean jauzi eginez politika instituzionalean abiatzen denarekin, kalean eta talde sozialetan borrokatu izan gabe.

Horrek guztiak ez du ziurtatzen (alderdia edo militantea) ez denik integratua edo usteldua izango, baina ezinbestekotzat jotzen dut, txertoa bailitzan.

Buscar